Legenda hauek bizi-bizirik daude

Jeff Beck, John Cale, Steve Winwood eta Mavis Staples ariko dira, besteak beste, BBK Music Legends jaialdian, Sondikan. Etzi eta larunbatean egingo dute rock eta blues festa

Mavis Staples, Donostiako Jazzaldian, 2011n emandako kontzertuan. GARI GARAIALDE / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Legenda hitzak berekin dakar izen sonazkoaren itzala. Pareka liteke mitoarekin ere, nahiz eta kontzeptu horrek berez dakarren jada iragan den zerbaiten oihartzuna. BBK Music Legends jaialdiak aurten bildu dituen legendak bizi-bizirik eta sorkuntza aro betean daude, gehienak behintzat. Soul, blues, eta rock anglosaxoiaren ikonoetako batzuk entzun eta ikusi ahal izango dira asteburuan Sondikako Ola Zentroan (Bizkaia).

Bi urte baino ez dira igaro Jeff Beckgitarrista entzutetsuak (Wallington, Ingalaterra, 1948) Loud Hailer (2016) lan laudatua kaleratu zuela. Bere bakarkako ibili luzean plazaraturiko enegarrena (20tik gora ditu, zuzenekoak kontuan hartuta). Aurrez The Yardbirds mitikoaren kide izan zen, Eric Clapton eta Jimmy Pagerekin batera, gitarra hirukote ezin apartagoa osatuz. Adituen ustez, garai guztietako gitarristarik onenetako bat da Beck, «ezinezko soinua erraz bihurtzeko» duen abileziagatik. Bere hatzak eta Fender Stratocasterraren vibratoa aski ditu askotariko soinuak sortzeko. Hark itxiko du aurtengo BBK Music Legends jaialdia, larunbatean.

Becken garai bertsuan, apur bat lehenago, hasi zuen ibilbidea John Calek ere (Gernant, Gales, 1942). Musikari konpletorik bada, Cale da hori. Konpositorea, ekoizlea, piano jotzailea, gitarra jotzailea... John Cageren eta Lamonte Youngen abangoardien artean hazi zen musikari gisa, eta The Velvet Underground sortu zuen Lou Reedekin batera, 1965ean.Ekoizle gisa, punk eta new wave-aren aitaponteetako bat izan zen, eta film independente askoren musiketako autorea izan da; hori gutxi ez, eta beti eutsi dio soinu-eremu berrien bila abiatzeko grinari. Lehen ere egona da Euskal Herrian behin baino gehiagotan, Donostiako Viktoria Eugenian 1990ean —pianoaren laguntza soilez—, eta Bilboko BBK aretoan 2012an, esaterako. M:Fans (2016) da 40 diskotik gorako ibilbidean kaleratu duen azkena.

Gitarra jotzaile modura nabarmendu da azken hogei urteetanAna Popovic (Belgrad, Serbia, 1976) ere. Egungo blues rock gitarrista estimatuenetakoa da. Memphisen bizi da egun (AEB); Hush sortu zuen 1995ean, rhythm and blues, soul eta funk banda. Eta Ana Popovic Band, 1999an. Trilogy diskoa plazaratu zuen 2016an, eta kritikak txalotu egin zuen.

Rock abeslari, baxu jotzaile eta konpositorea da Glenn Hughes (Connock, Ingalaterra, 1951), 1970eko hamarkadan Deep Purple taldeko abeslari ere izan zen; hard rock, soul eta funkaren elementurik onenak konbinatuz ibilbide oparoa ondu du; azken lana 2016koa du: Resonate.

Etxe inguruko Moonshakers surf-punk laukoteak, Dead Bronco country-punkak eta Iruñeko Motxila 21 taldeak —Downen sindromea duten musikariak— osatuko dute bigarren eguneko egitaraua.

Beteranoena indartsu

Aurtengo Music Legendseko artistarik beteranoena Mavis Staples kantaria (Chicago, AEB, 1939) izango da. Lehen egunean ariko da, ostiralean. Staples Donostiako Jazzaldian izan zen 2011n; bakarkako ibilbidea 1969an hasi zuen, eta iaz argitaratu zuen orain arteko azkena: If All I Was Was Black, zeinetako abesti gehientsuenak Jeff Tweddyk (Wilco) ekoitzi eta ondu zituen.

Staplesen ondorenariko dira Wilko Johnson gitarra jotzaile eta kantaria (Essex, Ingalaterra, 1947), eta Steve Winwood musikaria eta abeslaria (Birmingham, Ingalaterra, 1948). Lehena Dr. Feelgood taldearen sortzaile eta kidea da —eta pankreako minbizi bati aurre egin dio—, eta bigarrena Traffic eta Blind Faitht (Eric Claptonekin batera) taldeetako kidea izan zen. Iaz kaleratu zuen Winwood: Greatest Hits Live, berak aukeratutako 23 abesti, bere artxibo pertsonaletatik ateratako bilduma zuzeneko saioekin.

Horien guztien aurretik ariko da Siniestro Total Galiziako rock talde beteranoa eta Gari & Maldanbera Euskal Herrikoa. Estutu lana atera zuten Maldanberakoek duela bi urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.