Lau trikiti, lau ahots, lau ama

Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano musikariek osatzen dute Amak taldea. Trikitiarekin herriz herri ibiliak dira laurak, eta, orain, talde formatuan elkartu dira

Amaia Oreja, Kristina Solano, Alaitz Telletxea eta Maixa Lizarribar, Amak taldearen kontzertu batean. GAIZKA PEÑAFIEL.
Nagore Arin.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Lau trikiti, lau pandero eta lau ahots. Lau musikari, lau emakume eta lau ama. Horren batura da Amak taldea. Lau hizkiz osaturik dago taldearen izena ere, taldekide bakoitzaren izenaren lehen hizkiarekin, hain justu: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano. Plaza ugaritan ibiliak dira guztiak; musikagintzan eta trikitiarekin. Alaitz eta Maider taldeko kide izan zen Telletxea; Maixa eta Ixiar taldeko kide Lizarribar; eta M-n Ezten taldeko partaide ziren, berriz, Oreja eta Solano. Urte luzeetan plazaz plaza eta agertokiz agertoki ibili ondoren, berriz egin dute topo. Oraingoan, ordea, elkarrekin jarraitu dute bidean aurrera: talde formatuan.

Lizarribarren esanetan, gauza asko partekatzen dituzte laurek, baina bada guztien gainetik gailentzen den ezaugarri bat: «Trikitiak batzen gaitu, plazak ere bai, baina, batez ere, trikitiak». Dioenez, tresna horrek eraman ditu Euskal Herrian herriz herri; baita Euskal Herritik kanpora ere. «Gu batzeko arrazoia trikitia izan da; emakume izatea ere bai, baina lehen ardatza trikitia izan da», azpimarratu du. Musikariaren aburuz, «izugarria» da zaletasun horrek eta emakume izateak elkartu izana: «Gozagarria da bi pasio horiek talde batean bilduta edukitzea. Gauzak oso natural egin nahi ditugu, eta hala egiten saiatzen gara. Ez gara jarri pentsatzen inongo momentutan lau emakumez osatutako talde bat sortu nahi genuela: hala suertatu da».

Kantuen bertsioak, pot-pourriak eta kantu propioak jotzen dituzte kontzertuetan. Denetarik eskaintzea da taldekideen asmoa; baita kantuok berezi eta bakar egitea ere. «Bakoitzaren gustuak aztertzen ditugu, eta gurera ekartzen saiatu». Trikitilariaren esanetan, talde askoren bertsioak egin dituzte jada. «Oskorriren kanturen bat jo dugu, Izaroren bat ere bai azken emanaldietan, Zea Maysena, Imanol Larzabalena... Aukera ikusten baldin badugu kantua gure erara jotzeko, gurera ekartzeko, ahalegina egiten dugu». Hala ere, gertatu izan zaie gustuko kanturen bat lantzen saiatu eta ez duela funtzionatzen ohartzea; halakoetan, alde batera uzten dute. Bertsioetan, gainera, haiek aurretik sorturiko kantuak ere sartu dituzte, beste ukitu bat ematen saiatuz: «Horietako zenbait gure kantuen bertsioak dira, gure kantuak berrinterpretatzen ditugu, pot-pourri modukoak sortuz».

Soiltasunari leial

Trikitia, panderoa eta ahotsa dira taldearen osagai nagusiak: «Laurok jotzen dugu trikitia, laurok jotzen dugu panderoa, laurok erabiltzen ditugu peñaparda panderoak, eta laurok erabiltzen dugu ahotsa. Ez dago definituta nork zer eta noiz joko duen; guztiok jotzen dugu dena». Kantuak prestatzean, instrumentu horiekin jolastea eta soinuak konbinatzea dute gustuko. «Aldatuz joaten gara, probatzen, instrumentu bakoitzak bere lekua bilatu arte eta kantu horri zein sonoritate eman nahi diogun erabaki arte». Lizarribarren iritziz, hiru osagai horiek nahikoa dira zerbait polita sortzeko; ez dute gehiagoren beharrik. «Une honetan bete egiten gaitu trikitia, panderoa eta ahotsa soilik egoteak. Gure hasiera ere horrela izan zen, soinu eta pandero hutsean. Sonoritate berriak probatzeko gogoa dugunean, tresna berriak txertatzen ditugu. Momentuan momentukoa egiten ari gara».

Aurrez ez bezala, «eserita egoteko» kontzertuak ematen dituzte orain. Lehen, bi, hiru, lau edota bost orduko kontzertuak egiten zituzten; iluntzean, gauean eta ordu txikietan. Egungoak, ordea, ordubete inguruko saioak dira: «Jendea eserita dago gu entzuten. Esan izan digute etxeko sofan eserita moduan abesten dugula; eta hori da, beste gauza askoren artean, transmititu nahi duguna, plazerez egiten dugun gauza bat dela. Guregana etortzen den ikus-entzuleak ere ongi pasatzen badu, gainera, hobeto».

Harrera beroa izan dutela azaldu du abeslariak, eta ez zutela erantzun hori espero. Hasieran, familiako kideak eta ingurukoak joaten ziren, batez ere, kontzertuak ikustera. Orain, ordea, publiko handiagoarena heltzen dira. «Martxoaren 8ko asteburuan sarrera guztiak agortu genituen. Pena ematen dizu, jendeak kanpoan gelditu behar duelako, baina, era berean, jendeak trikitia lasai entzuteko gogoa duela ikusten duzu, zu ikusteko gogoa duela. Pozgarria da».

Lizarribarren iritziz, egun emakume gehiago ikusten da oholtza gainean. Kasurako, bera izan zen, Ixiar Orejarekin batera, trikitia eskuetan hartu eta plazaz plaza jotzen hasi ziren lehen emakumeetako bat. Garai haiek gogoratu ditu, eta oholtzarako bide horretan izan zituzten oztopoak xehatu: «Argi geneukan hori gustatzen zitzaigula eta hori egin nahi genuela. Kasu egin izan bagenie esaten zizkiguten gauzei, entzuten genituen gauzei... ez ginatekeen oholtzara igoko». Publikoak ez ezik, zenbait trikitilarik ere zuzendu zizkieten mezu iraingarriak: «'Nora zoazte horrela?'. 'Nola egingo duzue hori?', eta horrelakoak entzuten genituen. Gure inguru berberekoak ziren. Gu ez gentozen inori lekua kentzera, baina haiek sentipen hori zutela dirudi». Urteak pasatu ahala egoera hobetuz joan dela nabaritu du. Pozten da, Ixiarrekin batera plazarako bide hori «apur bat» ireki zuelako eta pauso hori beste emakume askorentzat baliagarria eta lagungarria izan zelako. Kasurako, orain Amak proiektuaren parte diren musikari eta lagunentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.