Euskal ilustrazioaren erakusle

Euskal Herriko hogei ilustratzaileren 40 irudi bildu dituzte 'Harrigarri eta Miragarri' argitalpenean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Artistek hautatu dituzten kuriositateak erakutsi dituzte lanetan

Elizabeth Perez Euskal Irudigileak-eko zuzendaria, Begoña Lobo editorea, Bingen Zupiria sailburua eta proiektuan aritu diren ilustratzaile batzuk. M. RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Islandiar askok gabon gaua irakurtzen igarotzen dutela, lehen bala-gizakia emakumezkoa izan zela edota hilabeteak irauten zituzten dantza maratoiak egon zirela 1930eko hamarkadan. Orotara, hogei ilustratzailek hautatutako 40 kuriositatek osatzen dute Harrigarri eta Miragarri. Jostailuzko Entziklopedia Ilustratua, eta, azalpen motzez gain, gai hautatuak orri osoko ilustrazio bidez erakutsi dituzte. Eusko Jaurlaritzaren proiektu baten emaitza da lana; Euskal Irudigileak elkarteak egin du, eta Media Vaca etxeak eman du argitara.

Begoña Lobo editoreak azpimarratu du argitalpenaren ildo tematikoa artisten esku utzi arren emaitzak «osotasuna» duela: «Ez da irudien bilduma bat». Ainara Azpiazu Axpi, AlexF, Amaia Arrazola, Ane Pikaza, Gaston, Char-Lee Mito, Elena Odriozola, Elisabeth Perez Fernandez, Helena Azkarragaurizar, Higi Vandis, Idoia Iribertegui, Iraia Okina, Javier de Isusi, Jesus Sotes Vicente, Josune Urrutia, Maite Gurrutxaga, Mikel Casal, Miren Asiain Lora, Ruth Juan eta Yolanda Mosquera: horiek dira parte hartu duten irudigileak, eta ekarpen ugari egin dira. Zientzia, teknologia, feminismoa, historia eta psikologia izan dituzte hizpide, besteak beste. Ikuspuntu horien guztien baturak izaera «entziklopedikoa» eman dio argitalpenari, editoreak adierazi duenez.

Halere, Lobok aitortu du lan bateratua erdiestea «konplikatua» suertatu zaiela. Editoreak nabarmendu du liburu kolektibo bat egiteak beti «asebetetzen» duen arren prozesuan «zailtasun handiak» izaten direla, eta azken hilabeteetako egoerak areagotu egin dituela ohikoak diren zailtasunak: «Autore batzuekin ez genuen inoiz lanik egin aurretik, eta ezin izan ditugu elkartu eta liburuaren nondik norakoak eztabaidatu». Ondorioz, «beste modu batera» lan egiten ikasi dute.

Hein batean, 2020an bertan behera utzitako proiektu andana horietako baten ihesbidea izan da Harrigarri eta Miragarri obra. Izan ere, Elizabeth Perez Euskal Irudigileak elkarteko zuzendariak azaldu duenez, argitalpenean parte hartu duten ilustratzaile horiek berak Bolognako (Italia) jaialdi ibiltari batera joatekoak ziren iaz, baina ezin izan zituzten beren lanak han erakutsi azkenean. Eta, Jaurlaritzaren proiektuaren berri izan zutenean, horien izenak proposatzea erabaki zuten elkartekoek, epaimahai baten oniritzia jasoa baitzuten aurrez ere Bolognan parte hartzeko.

Ilustratzaileena sektorerik «ahaztuenetakoa» izan da pandemian, Perezen iritziz, eta, ondorioz, egitasmoak emandako aukera eskertu du zuzendariak: «Halako proiektu batek eragin du ilustratzaileek lan bat izatea esku artean. Aurrera begira ere, proiektu berrietarako bidea ireki du». Guztira, Jaurlaritzak 105.000 euro bideratu zituen iaz ilustratzaileen lana bultzatzera. Hasieran diru laguntzek «errentak bermatzeko» helburua zuten arren, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak azaldu duenez, «obren enkargu publikoak» finantzatu zituzten gero, eta irizpide aldaketaren emaitzetako bat da liburua.

Euskal Irudigileak elkartea eta Jaurlaritza elkarlanean arituak ziren aurretik ere, eta Perezek urteetako harreman hori baloratu du: «Elkarrengan dugun konfiantza garrantzitsua izan da proiektu hain konplikatua garatu ahal izateko. Denbora gutxian obra bikainak egin dituzte ilustratzaileek».

Nazioartekotzea helburu

Jaurlaritzak bultzatutako lana izanagatik ere, ez du jomugan Jaurlaritzaren liburua izatea, Zupiriak zehaztu duenez: «Lan profesionala da: ilustratzaileak profesionalak dira, baita edizioa ere. Merkatuan egon dadin nahi dugu». Artistak mugaz gaindi ezagutarazteko ere balioko luke liburua merkaturatzeak, eta, horrenbestez, bildumak dituen ezaugarrietako bat litzateke, orobat, «katalogo» izaera. Izan ere, sailburuak adierazi duenez, Euskal Herriko ilustratzaileen «ahalmen sortzailearen» erakusgarri ere bada obra.

Testuak hiru hizkuntzatan ageri dira — euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez—, liburua eta, bidenabar, euskal artisten lana munduratzeko helburuarekin. «Hiru hizkuntzek pisu bera dute; errespetu bera adierazi zaie», nabarmendu du Lobok. Artistek euskaraz eta gaztelaniaz ondu dituzte testuak, eta Juan Kruz Igerabidek itzuli ditu bai euskarara eta bai gaztelaniara; ingelesera, berriz, Talia Morales Sharpenek. Etxepare Institutuaren laguntza izan dute itzulpenok.

Iaz bertan behera utzitako jaialdiarekin egingo dute ilustrazioek munduratzeko lehen urratsa, Bolognako egitasmoan erakutsiko baitira irudiak azkenean. Modu «xumeago» batean egingo dute erakusketa, pandemiaren ondorioz, baina 40 artelanak erakutsiko dira. Frankfurteko (Alemania) eta Guadalajarako (Mexiko) liburu azoketan ere eskuragarri egongo da liburua.

Alabaina, liburuak bidea du egiteko Euskal Herriko mugen barruan ere, «lanean jarraitzeko lan tresna» baita oroz gain, Loboren iritziz. Euskal Irudigileak elkarteak tailerrak antolatuko ditu liburutegietan, eta ilustratzaileek beren ilustrazioetan oinarrituko dituzte ekintzok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.