begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Eguerdian, bermuta eta zinema

2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ari dira berriz ematen euskarara ekarritako hainbat film Euskal Herriko zenbait aretotan. Bizkaian, Bilbo, Durango, Bermeo, Muskiz eta Getxon; Gipuzkoan, Donostia, Errenteria, Zumarraga, Lazkao, Andoain eta Beasainen; Araban, Gasteizen.

Haurrentzako filmak. Prezio onean. Kalitate hala moduzkoan eta hizkera akademikoan; galaxia osoko haur euskaldun bakar batek ere erabiliko ez lituzkeen aditzek, hitzek, esamoldeek eta doinuek zapuztuak.

Berriz ari dira ematen bukatzear dugun hilabete honetan, beldur guztien ataria den urri honetan. Asmoa, gazte-gazteak zinemaren arrimu gozoan izanda, etorkizuneko ikusle harrobi fina garatuz joatea. Polita ametsa. Sostengu gutxikoa, baina.

Hona hemen Gau Beltzaren /Halloweenen/Santu Guztien eguerdian eta segidako bi igandeetan proiektatuko diren pelikulak: Tom eta Jerry, Elfkinak, Oin Txikia. Jarraian, udazkeneko lehen hilabetean zehar eskura eta begietara izan ditugunak: Oin Handiaren Semea, Printze Txikia, Picachu detektibea...

Ez dira txar-txarrak. Alta, badira oso ahulak, oso belaxkak, lauak, epelak. Bai, sentimendu onez beteak. Bai, giza balioen aldekoak. Bai, bai, bai. Nahi dituzuen bai horiek guztiak. Baina inolaz ere ez espektakularrak.

Bai, majo-majoak (batez ere Tomek, Jerryk, Oin Txikiak eta Oin Handiaren semeak parte, esku, erpe, oin hartzen duten horiek), baina bai pena, pantaila handian beren ezdeuskeria are eta nabarmenago geratzen da begi bistan. Eta guk bezala, gaztetxoek ikuskizuna dute maite. There is no business like show business... Txinpartak. Abenturak. Suak (artifizialak eta besteak). Tiroak. Pertsekuzioak. Nahasmendua. Gaizkile sinpatikoak eta ezkutuan barneko eremu ilun bat duten zintzoak. Gaztetxoek laket dituzte Saguzar Gizakia, Armiarma Gizakia eta abarrak.

Sugar, Anbotoko Mari, Oiartzungo Mirokutana eta eguzki-loreak engainatzen dituen sorgin, azti, lamina oro atseginez hartzen ikasiko dute laster, ez izan kezkarik. Baina bitartean, ba al dugu film hoberik eskaintzerik? Bai, ederki dakizkit nik merkatuaren lege anker denak. Bai, badakit zaila dela pantaila baten izkina apartatuena ere lortzea, pantaila oso hori Dune-k edo Bondek edo Maixabel-ek hartua bada. Baina arren, otoi, mesedez, asmatuko al dugu erresistentzia abilagorik?

Eguerdi bakar bateko emanaldi bakar bat. Erreposizio hutsa dena. Gurasoek bermuta nahi dute hartu. Neska-mutilek baloian aritu. Edo hondartzara nahi dute. Edo Play-a. Edo... Baina zinemara joan behar dugu. Familia osoa. Familian. Igandean. Eguerdian. Ikusia dugun hori ikustera (bai, hori ere badakit: askotan, gizaki txikiek ezagutzen duten hori sakon maite dute, ezagutzear dutena bainoago). Baina ez gaitezen koldarrak izan, eta ausartu gaitezen, eraman dezagun gure giza kumaldia pelikula berri batera!

Arren, zoazte zuek, helduok, animoso. Zuen eitean, ibilkeran eta filmaz hitz egiteko moduan nabaria da askoz gusturago izango zinetela terraza batean...

Egun, gure hemezortzi pantaila horietan martxan den egitasmo horrek, nik uste, ez du zinemazale/jale askorik sortuko. Euskararekiko, herriarekiko eta auskalo zer bestelako demontrerekiko militante-eragile sutsua izan behar igande bateko eguerdi batean zuen kumeak Elfkinak edo Printze Txikia bezalako memelokerietara eramateko.

Bai, muturreko militantea edo (hau askoz interesgarriagoa litzateke, egiari zor) sadiko handia. Eta masoka handiagoa.

Nire ustez, ez zinemak, ez euskarak ez dute militantziarik behar. Biek merezi dute izan, ordea, gogoz eta gozoz hartzen eta erabiltzen dugun/duten zerbait... Picachu detektibeak kafea hartzen duen moduan. Kafezale amorratua dugu Pokemon kuadrillako izaki hau; gazteek, hori bai, seko maitatzen dutena. Zeren eta, sinetsi edo ez, gure inguruetan gizakumeek gehien irakurtzen dutena... manga tebeoak dira. Baina, bai pena, filma komiki binetetara ekarri duen edizioa erdara hutsean da.

Nire ustez (eta ez dut apalean jarriko), atezuan egon beharko lukete hor goian, zinema euskaraz saltzen (edo) duten sailetan, euren egitasmoa ahalik eta erakargarrien, desiragarrien, tentagarrien egiteko. Picachu duela bi urte estreinatu zen euskaraz. Izan ditugu egunak (eta gauak) paperezko egokitzapena euskaraz jartzeko.

Hartuko nuke nik 31n bermuta; beldur txikia eragingo lukeen film bat haurrek inguratua ikusi ostean. Ez ahaztu, igandean Gau Beltza dugu. Ikusi beharko genukeen filma Aita zonbia naiz litzateke. Edo zaborra maite/jan eta banatzen duten Oltxiak horien abentura. Ez, ez daude programatuak. Beraz, etxe barruko pantaila txikia piztu, eta prestatu Campari bat, gero, balkoian, berpiztuko diren hildakoen zain eta esperoan hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.