Bremenerako leiho bat Bilbon

Alemaniako Kunsthalle Bremen museoko bildumaren parte diren 130 artelan ekarri dituzte Bilboko Guggenheim museora. Frantziako eta Alemaniako XIX. eta XX. mendeetako joera artistikoak dira nagusi erakusketan

Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Alemaniako Bremen hirira ematen duen leiho bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak. Kunsthalle Bremen museo prestigiotsuko bildumaren parte diren 130 artelan jarri dituzte ikusgai eraikineko hirugarren solairuko areto klasikoetan, eta zinez esanguratsua da ekarritako artisten zerrenda: Eugene Delacroix, Gustave Rodin, Pierre-Auguse Renoir, Claude Monet, Caspar David Griedrich, Pablo Picasso, Karl Gustav Carus, Max Liebermann, Otto Dix, Emil Nolde eta Karl Schmidt-Rottluff. Horiek, besteak beste. XIX. mendeko klasizismotik abiatzen da ibilbidea, eta erromantizismoa, inpresionismoa, postinpresionismoa eta surrealismoa gurutzatu ostean heltzen da XX. mendeko erdialdeko espresionismora. 150 urteko denbora tarte kronologikoa hartzen du kontuan, guztira, eta arreta berezia eskaintzen die Alemaniako eta Frantziako arte mugimenduen arteko joan-etorriko harremanei. Bi ardatz horien adierazle da erakusketari jarritako tituluaren bigarren zatia: Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroixetik Beckmannera. Otsailaren 16ra arte egongo da zabalik.

Karanbola moduko bat izan da mugimendua. Normalean, ezinezkoa izaten da Kunsthalle Bremen museoko hainbeste artelan herrialdetik kanpo ikusi ahal izatea, baina, orain, eraikineko 60 aretoak hartzen dituen Ikonen izeneko erakusketa dute martxan, eta arduradunek aukera baliatu dute beren 2.100 piezako bildumako hainbat artelan biran eramateko. Kezka puntu bat aitortu du Christoph Grunenberg Kunsthalle Bremen museoko zuzendariak mugimendu horiekin guztiekin. «Ez da ohikoa halako artelan kopurua errepide bidez mugitzea, eta beti egoten zara pixka bat arduratuta, baina oso profesionala izan da dena».

Estua da, gainera, hiriaren eta museoaren arteko lotura. 1823an erein zuten Bremengo museoaren lehen hazia, eta herritar batzorde bat izan da hasieratik egitasmoaren gidari. Garai hartako burgesia artezaleak eta hiriko industriako hainbat ordezkarik sortu zuten erakundea, gizarteak edertasuna nola ulertzen zuen hobetzeko asmoz, eta oraindik ere erakunde publikoetatik independentea da museoa. Grunenbergek onartu duenez, oso esklusiboa zen jende talde batek gidatzen zuen hasieran museoa, baina, urteekin, nabarmen demokratizatu da partaidetza, eta hurrengo hilabeteetan 10.000 kideren langa gainditzea espero dute. «Herritarrek eraiki zuten, eta oso eredugarri bilakatzen du horrek».

Museoak hasieratik jarri zuen arreta Frantziako eta Alemaniako arte joeren arteko harreman dinamikoan, eta, erakundeko arduradunek onartu dutenez, museoaren nortasun ikur bilakatu da hori denborarekin. Izan da polemika momenturik ere, ordea, eta, hain zuzen ere, Bilbon ikus daitekeen Vincent Van Gogh artistaren Mitxoleta-soroa margolana da gatazka horren ikur nagusietako bat.

1889koa da Van Goghen margolana, eta Arles inguruko paisaia bat irudikatzen du. Ia koadro osoa hartzen dute zelaiek, zeruarentzat apenas lekurik utzi gabe, eta eder harrapatzen du artistak soroen berdetasunean pizten diren mitxoleten gorritasuna. Ikus daitezke artistaren pintzel oldarraldien aztarnak ere, eta sortzailearen azken sasoiko maisulannagusietako bat da obra, Grunenbergen hitzetan.

Konkistaren beldur

Halere, 1911. urtean, koadro haren erosketak eztabaida piztu zuen.

1899an hautatu zuten Bremengo artezaleen elkarteko lehen zuzendari zientifikoa: Gustav Pauli arte historialaria. Eta hark hartu zuen Van Goghen koadroa 30.000 markoren truke erosteko erabakia. Kopuru hori hirian etxe eder bat erosteko bezainbestekoa zen sasoi hartan, eta ez zuten denek ontzat eman erosketa. Eztabaida «gordina» eta «bortitza» izan zen, Grunenbergen hitzetan.

Zenbait artista alemaniarrek eskutitzak idatzi zituzten egunkarietara, joera frantziarrek herrialdeko artea «konkistatu» zutela salatzeko, eta hor hasi zen dena. Pauliren erabakia kritikatzen zutenen hitzetan, museo alemaniar batek bere herrialdeko artea sustatu behar zuen, eta erosketak kanpoko artistak goresten zituen. Zenbait astez luzatu zen erosketaren aldekoen eta kontrakoen arteko eztabaida hedabideetan.

Mende bete pasatu ostean, ordea, zalantzarako tarte gutxi ikusten du Grunenbergek. «Historiak arrazoia eman dio artelana erosteko erabakia hartu zuen zuzendari hari».

Artelanak Bilbora eramateko erakutsitako «eskuzabaltasuna» eta obra horiekin egoki iritzitako ibilbidea osatzeko emandako «askatasuna», biak eskertu dizkio Kunsthalle Bremen museoko arduradunari Petra Joos arte historialariak. Berak egin ditu Bilboko erakusketarako komisario lanak, eta, azaldu duenez, hasieratik izan zuen argi zer norabide hartu. «Bageneukan maisulan bat bestearen atzetik jartzeko aukera, eta 600 urteko tartea hartuko zuen ibilbidea sortzekoa: Albrecht Duerer bat jarri, Eugene Delacroix bat, Max Beckmann bat... Eta ezin erakusketa ederragoa egingo genukeen horrela ere. Baina artearen historiaren zati garrantzitsu bat kontatzea erabaki dugu, kondentsatuta, 150 urteko denbora tartea hartzen duena: XIX. mendean hasi, eta XX. mende erdialderaino».

Gustave Rodinen brontzezko bi giza eskulturak hartzen dute bisitaria lehen aretoan, eta kronologikoki antolatu dituzte artelanak hortik aurrera. Klasizismoa eta erromantizismoa lehenik, inpresionismoa eta Pont-Aveneko eskola bigarrenik, eta espresionismoa eta surrealismoa azkenik. Eugene Delacroix, Caspar David Friedrich eta Karl Gustav Carus ikus daitezke lehen gelan, adibidez. Paul Cezanne, Claude Monet, Lovis Corinth eta Edgar Degas daude bigarrenean, eta Andre Masson, Otto Modersohn, Otto Dix, Richard Oelze, Pablo Picasso eta Max Beckman hirugarrenean.

Azaleko ezagutza

Alderaketak egiteko aukera ere ematen du erakusketak, gainera. Igartzen da, adibidez, Frantziako inpresionistek artistaren sentsazioei eskainitako protagonismoa, eta baita Alemaniakoek figurak zorrotzago irudikatzeko joera ere. Eta antzera espresionismoaren eta bestelako joeren kasuan ere. Ildo paretsuan maiz, baina ñabardurekin beti.

Hain zuzen, ismo horien ñabardurak erakustea da erakusketaren bertute nagusia, Joosen hitzetan. «Arte mugimendu oso ezagunak daude erakusketan, baina normalean ez dira sakon ezagutzen». Eta berdin artistekin ere. «Oso izen ezagunak ditugu, eta baita izen ez hain ezagunak ere, eta bi horiek elkarrekin erakustea da erakusketaren lorpen handietariko bat».

Paula Modershohn-Becker artistaren lana nabarmendu du komisarioak, adibidez. Aitzindaritzat hartu zuten haren lana margolari abstraktuek, esaterako, eta, guztira, haren bederatzi margolan bildu dituzte erakusketan. Izen ezaguna da Modershohn-Beckerrena nazioartean, baina, Joosen hitzetan, haren obra ez da oraindik aski baloratu Euskal Herrian.

31 urterekin hil zen, 1907. urtean, eta hurrengo urtean bertan eskaini zioten erakusketa Kunsthalle Bremen museoan. Mugarri garrantzitsutzat du hori komisarioak: «Alemanian emakumeek boto eskubidea lortu baino hamar urte lehenago, zabal erakutsi zuen haren lana museoak». Eta, Joosen ustez, detaile horrek ere ematen du erakundeak artearekiko duen jarreraren berri, «edertasunaren printzipioa» izan baitu gidari beti.

Berez, 1950eko hamarkada osteko lanak erakustea da Bilboko Guggenheim museoaren egitekoa, baina urtero eskaintzen diote gutxienez erakusketa bat sasoi horren aurreko arteari. Hirugarren solairuko hiru areto erabiltzen dituzte horretarako. Horiek dira «areto klasiko» deitzen dituztenak, eta, hain justu, han jarri dute orain ikusgai Bremengo museoko lanekin osatutako bilduma. Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak azaldu du egitasmo horren zergatia. «Garrantzitsua da museoko publikoak aukera eskaintzea artelan garaikideak haien aurreko artelan esanguratsuen testuinguruan ulertu ahal izateko».

Gainera, gertuko sentitzen du Bremengo museoaren kasua Bidartek. Azaldu duenez, historikoki ontzigintzari lotuta egon dira Bremen eta Bilbo. Baina bada hori baino gehiago ere. Bidarteren ustetan, Van Goghen koadroak sortutako polemikaren oihartzunak ere senti daitezkeelako Bilboko Guggenheim museoaren irekierak piztutako zenbait kritikatan ere. Paralelismoak ikusten ditu bi kasuen artean. «Interesgarria da [Van Goghen] obra horren atzean dagoen historia eta trantsizio garaia ezagutzea. Bereizketa eragin zuen erosketa hark. Batzuek uste baitzuten museoak ikuspegi introspektiboagoa izan behar zuela eta arte alemaniarra ardatz hartu beharko zukeela, eta besteek uste baitzuten museoak ikuspegi ireki eta zabalagoa eduki behar zuela, horrek ekarpena egiten ziolako gizartearen garapenari. Eta oso adibide garrantzitsua da hori polemika arrotz ez zaion museo honentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.