Albistea entzun

Dena prest daukate finalerako

Elordi eta Zabaleta, eta Laso eta Imaz pozik geratu dira igandeko finalerako hautatutako hiru pilotekin. Nafarroa Arenan pilota biziak azkar higatzen direla eta defentsa lanak zailtzen direla azaldu dute
Jose Javier Zabaleta, Aitor Elordi, Martin Alustiza, Unai Laso eta Ander Imaz, atzoko pilota aukeraketan.
Jose Javier Zabaleta, Aitor Elordi, Martin Alustiza, Unai Laso eta Ander Imaz, atzoko pilota aukeraketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko martxoak 31 - Iruñea

Binakako Txapelketako finalerako atzerako kontaketa hasia da. Atzo goizean, partidarako pilotak aukeratu zituzten bi bikoteek, finala jokatuko den frontoian, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian. Atarikoan bederen, ez da izan polemikarik. Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta «oso gustura» geratu ziren, eta ez zieten arazorik ikusi aurkariek hautatutako pilotei: «Haienak desberdinak dira. Bi, oso onak; bestea, baxuagoa», argitu zuen Zabaletak. Unai Laso eta Ander Imaz ere kontentu geratu ziren txapelketa osoan bezala pilota biziak bilatu zituztelako: «Nahiko onak aurkitu ditugu. Azpitik dezente ibiltzen dira, eta nahiko biziak dira. Haienak desberdinak dira, baina ondo daude», azaldu zuen Imazek.

Ikusmina piztu zuen aukeraketak. Azken partidetan, txapelketa luzeak eragindako nekea nabaritu dute bi bikoteek, baina prentsa aretoan ongi daudela azpimarratu zuten. Adibidez, Zabaletak arazoekin amaitu zuen igandeko norgehiagoka, baina, azken bi egunetan masaje parea jaso ondotik, «askoz hobeto» dago, eta iganderako bete-betean egotea espero du.

Elordiren lehen finala

Lehen finala izaki, dena zaio berria Elordiri. Aste berezi hau «normaltasunez» kudeatzen ari da. «Gakoetako bat da hori. Egunerokoan disfrutatzen ari naiz, eta ez diot garrantzirik ematen Nafarroa Arenara etorri eta hainbeste elkarrizketa egiteari».

Elordiren eta Zabaletaren aurkako finalaurreko ligaxkako bigarren neurketa eskuko arazoekin amaitu zuten Lasok eta Imazek. Finalerako sailkatzea lortuta zutenez, hirugarrena ez jokatzea erabaki zuten, eta orain «hobeto» daudela onartu zuten. «Elkarrekin egon gara masajistan, eta hobe doa eskua», esan zuen Lasok.

Herenegun, Nafarroa Arenan egin zuten entrenamendua Lasok eta Imazek, eta, atzoko pilota aukeraketa amaituta, igandekoa jokatu aurreko azkena bertan egin zuten Zabaletak eta Elordik. Partida berezietarako frontoia da Nafarroa Arena. Lasori «bibrazio onak» ematen dizkio, eta Zabaletak, berriz, ez du dudarik betea egongo dela: «Oso giro ona egotea espero dut, finalaurreko azken partidan Bilbon egon zenaren antzekoa. Bakoitzak bere pilotariak animatzen zituen».

Giroaz harago, frontoiak izango du zeresanik finalean. Bezperan entrenamendua egina zutenez, Laso-Imazek zer berezitasun dituen azaldu zuten: «Frontoi exijentea da. Atzean pisua hartzen du. Nik nahiago dut Bilbokoa baino. Bilbokoan, azken bi partidetan ez ditut sentsazio onak izan, eta hemen, azken entrenamenduan, bai. Gero igual igandean kontrakoa esango dut», aitortu zuen Imazek. Lasoren arabera, berriz, ezkerparetaren ondorioz pilotak «azkar» higatzen dira, eta hasieran duten distira eta abiada galtzen dute. Hartara, aurreratu zuen «ahalik eta pilotarik bizienak» bilatu zituztela, hasierako tantoetan aprobetxatzeko.

Irudikatzen duten norgehiagokari dagokionez, Zabaletak azaldu zuen «bikote moduan» jokatu behar dutela. «Txapelketan egin duguna erakutsi behar dugu. Elkarrekin jokatu, gozatzen ahalegindu eta gure onena eman».

Elordik uste du bere onena eman behar duela. Txapelketa osoan ondo aritu bada ere, argi du finalaurreko ligaxkako Lasoren eta Imazen aurkako partidan ez zuela bere onena eman: «Ni ez nintzen beti bezala egon, eta horrek Jose Javierri ere eragin zion; desoreka eragin zuen». Bikote beraren aurka izatea kasualitatea izan zela uste du, eta txapelketan egindakoa errepikatu behar duela. Zabaletak hori gomendatu dio. «Erakutsi du ausarta dela, eta espero dut ausart jokatuko duela».

Lasoren ustez, ligaxkako azken partidak ez du eraginik izango: «Nik asko arriskatu nuen, eta ondo atera zen, baina hain ongi jokatuta ere 22-19 amaitu genuen. Eraso egiten duenak aukerak izango ditu, baina defentsarako frontoi zaila da».

Imazen ustez, aurkari gogorrak izango dituzte: «Partida hausteko erraztasun handia dute. Beste pilotari batzuek gehiago uzten dizute jokatzen, baina, Zabaletak eguna baldin badauka, partida hausteko arriskua du, Aitorrek oso ongi laguntzen dio eta». Imazen ustez, inork ez du tantorik oparituko, eta finala luze joan daiteke: «Gogortzen bada, gure aukerak izango ditugu».

Faboritorik ba al den galdetuta, Zabaletak uste du %50ean dagoela. Lasorentzat, berriz, «eurak dira faboritoak».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mikel Oiartzabal bere bigarren gola ospatzen, Realaren laugarrena, gaur Anoetan. ©Javier Etxezarreta / EFE

Beste gol festa bat eta beste garaipen bat Realarentzat

Paulo Ostolaza

Txuri-urdinak 1-2 galtzen heldu dira atsedenaldira, baina markagailua irauli dute bigarren zatian. Kubo, Brais Mendez eta Oiartzabal izan dira golegileak; azken hori bi bider.

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.