Literatur langintza aldarri

Uxue Apaolazak, Leire Bilbaok, Maite Mutuberriak, Irati Jimenezek eta Koro Navarrok aurtengo euskarazko Euskadi literatura sariak jaso dituzte Donostian, Tabakaleran egindako ekitaldian

Leire Bilbao, Edurne Portela, Uxue Apaolaza, Maite Mutuberria, Teresa Maldonado, Koro Navarro eta Irati Jimenez, atzo, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Sariak banatzen hasi zirenetik lehen aldiz, emakumezkoak izan dira aurten Euskadi literatura sarien aitortza jaso duten egile guztiak. Ezohiko argazkia utzi zuen, horregatik, atzo iluntzean Donostiako Tabakalera zentroan egindako sari emate ekitaldiak. Elkarrekin izan ziren oholtzan euskarazko Euskadi literatura saridun Uxue Apaolaza, Leire Bilbao, Maite Mutuberria, Irati Jimenez eta Koro Navarro, baita gaztelerazko kategorietan aitortza jaso duten Edurne Portela eta Teresa Maldonado ere. Zazpi sarituek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik jaso zituzten garaikurrak; Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere parte hartu zuen ekitaldian, eta adierazi zuen euskaraz idatzi duten andre sortzaile askoren izenak eta obrak «desagertuta eta isilpean» egon izan direla luzaz. «Gaur zazpi emakume zaituztegu saridunak, kalitatezko literatura sortzen duzuelako epaimahaiek saritutakoak».

Euskarazko literaturan, saiakera modalitateko Euskadi sariduna izan zen lehena oholtzara igotzen: Jimenez. Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat (Elkar) lanagatik jaso du aitortza, literatura oro har eta euskal literatura zehazki hizpide dituen liburuagatik, hain zuzen. «Liburu hau idatzi nuen arazoak ikusten nituelako euskal literaturan, eta konpongarriak iruditzen zitzaizkidalako». Bide horretan,«maitasunezko kooperazio bat» aldarrikatu zuen.

Haren ondotik, Mutuberria igo zen agertokira, Irrimola (Ikaselkar) liburuagatik saritua, literatur lanaren ilustrazioaren modalitatean. Poza du ardatz haren obrak, eta poza agertu zuen sariagatik. Baina irudigile langintzarentzat aitortza eta baldintza duinak ereeskatu zituen. «Mikrofono honetan, lagun on batek, Iñigo Astizek, aldarrikatu zuen haur literatura literatura dela. Bada, nik gehituko dut: ilustrazioa ere literatura da; guk ez dugu hitzik erabiltzen, baina istorioak kontatzen ditugu berdin-berdin».

Koro Navarrok bigarrenez jaso zuen itzulpengintza modalitateko Euskadi saria, Ernest Hemingwayren Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (Erein/Igela) nobelaren euskarazko itzulpenagatik. 2003an jaso zuen lehena, eta itzulpengintzan azken hogei urteotan gauza asko aldatu direla esan zuen. Bi nabarmendu zituen berak: «Duela hogei urte, emakumerik ez zegoen ia mundu honetan; itzulpen literarioak egiten bi edo hiru ginen, gehiago ez». Egun, ordea, askoz ere gehiago direla gehitu zuen. Halaber, duela hogei urte «jendeak euskal itzulpena mespretxatu» egiten zuela iritzi zion, baina hori aldatzeko bidean ikusten du.

Bigarren saria izan du haur eta gazte literatura modalitatean Bilbaok ere, oraingoan Barruko hotsak (Pamiela) lanagatik —Mutuberriaren irudiak dituena—. «Zer poza hainbeste emakume talentudunez inguratuta jasotzea sari hau, eta, bereziki, zure ondoan, Maite», adierazi zuen, eta hala definitu zuen bere lana: «Barruko ahotsak-ek 0 urtetik 99 urtera arteko umeoi geure barrura begiratzeko gonbidapen poetiko bat izan nahi du». Epaimahaiak goraipatu zionez, «belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko modukoa» da lana, eta, entzun baino, aditu aditzean egin zuen berak azpimarra: «Aditu ditzagun literaturaren hotsak, eta topa gaur zuengatik, izan zirenengatik eta, batez ere, izango direnengatik».

Eta Apaolaza heldu zen jarraian oholtzara. Bere hirugarren lanarekin, Bihurguneko nasa (Susa) ipuin liburuarekin jaso du berak euskarazko literaturaren modalitateko saria. «Langile auzoetan loteria tokatzen denean bezala sentitzen naiz», esan zuen idazleak. Eta, saria jaso dutenak ez ezik, andrazko idazle gehiago ere ekarri zituen gogora. «Zorionak guri. Oso ondo egin behar izan dugu hemen egoteko, ez ligukete utziko bestela. Beraz, zorionak guri».

Garaikurrak banan-banan banatu zizkien sarituei Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta sortzaileen lanak aitortza behar duela nabarmendu zuen. «Herri batek, herri izan nahi badu, kultura erabakigarria dela jakin behar du, norberaren bizitzan eta herri bizitzan. Herri batek, herri izan nahi badu, literatura behar du».

Gaztelerazko bi lan sarituak

Gaztelerazko literaturako kategorietan ere, beste bi emakumezko idazlek jaso zituzten aitortzak atzoko ekitaldian: Edurne Portelak gaztelerazko literaturaren modalitatean, Los ojos cerrados (Galaxia Gutenberg) nobelagatik, eta Teresa Maldonadok saiakeraren kategorian, Hablemos claro (Catarata) lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.