gorka julio
IRLEN SAREA

Turko mekanikoa

2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
1769a: xake mahai funtzioa betetzen duen kutxa bat eta tunika eta turbante batez jantzitako maniki-automata batek xakera jolasten du giza arerio batekin. Kutxa irekitzean, ustez funtzionarazten duten mekanismoak ikus daitezke. Baina dena ilusio optiko bat da: barnean pertsona txiki bat dago ezkutuan xake piezak mugiarazten eta bere arerioa urduri jartzeko manikia mugitzen.

2023: ChatGPT publikatu da eta orain arte adimen artifiziala urrun ikusten zutenak ere konturatu dira horrek eragina izango duela gure bizitzetan. Kualifikazio gutxiko lanak baino, ikerketa, hezkuntza, artea... Esparru guztiak kolpatu ditu asmakizunak, zalantza, urduritasun eta beldur artean. Aldiz, adimen artifizial hori funtzionarazteko datuak etiketatzen Kenyako langileak esplotatzen dituzte 1-2 dolar arteko soldatak ordainduz. Times aldizkariak argitaratu duenez, OpenAIrentzat lan egiten du Sama enpresak. Egoitza San Frantziskon (AEB) du eta Kenyan, Ugandan eta Indian langileak erabiltzen ditu Silicon Valleyko —Google, Meta eta Microsoft— bezeroentzako datuak etiketatzeko. Ustez, OpenAIk dozenaka mila testu zati bidali zizkion enpresa horri, adimen artifizialak beharrezko duen etiketatzea egiteko. Testu horien zati handi batek sareko zokorik ilunenetatik ateratakoa zela zirudien: haurren sexu abusuak, zoofilia, hilketak, suizidioa, tortura, autolesioak... Inork egin nahi ez dituen lan horiek, tresna hauek dituzten arazo etikoak saihesteko balioko dute.

Amazonek ere antzeko zerbitzua du, Mechanical Turk izenekoa hain zuzen ere. Horren bidez, giza langileak kontrata ditzakete datuak etiketatzeko, transkripzio lanak egiteko eta beste hainbatlan txiki egiteko. Sama eta OpenAIren kasuan bezala, Mechanical Turk ere kritikatu dute, langileen lan baldintza kaskarrak eta soldata eskasak direla eta.

Garrantzitsua da azpimarratzea zerbitzu horiek asko erabiltzen direla adimen artifizialaren industrian, baina askotan ez da kontuan hartzen haien atzean dagoen giza lana. Algoritmoen atzean pertsonak daude beti: dela horiek programatzen, fintzen edo erabiltzen. Turko mekaniko berriak esplotazioaren truko mekaniko zaharra darabil, alegia. Xake partida gal dezagun urduritu nahi gaitu, baina kutxa irekitzean trukoa agerian gelditzen da beste behin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.