Pako Aristi. Idazlea

«Inportantea da diskurtsoaren monopolioa arrakalatzea»

'Parot doktrina' baliogabetzearekin batera kartzelatik atera ziren ETAko militanteetako bat da Rosa, Pako Aristiren azken nobelako protagonista. 'Rosa itzuli da'-n, haren begietatik begiratu dio idazleak «deseraiki» egin den mugimendu soziopolitiko bati.
JON URBE / FOKU

Mikel Lizarralde -

2019ko apirilak 11
Rosa itzuli da, eta, harekin batera, baita Pako Aristi ere (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963). Ez inoiz joan delako, baina bai aspaldi zapaldu gabeko eremu batera bueltatu delako: eleberrira. Rosa itzuli da (Erein) du azkeneko nobela, Parot doktrina baliogabetzearekin espetxetik atera ziren presoei ahotsa eman nahi dien liburua.

Hogei urte nobelarik idatzi gabe. Eleberrira bueltatzeko gogoa zenuen? Edo istorio honek genero hori eskatzen zizun?

Duela hogei urte atera nuen Urregilearen orduak. Nobela sendoa zen, hirurehun orri pasakoa, eta lana eman zidan: bizpahiru urtez egon nintzen hura idazten. Plazer bat izan zen, eta euskara gehiago landu ahal izan nuen, baina sentsazio arraro bat utzi zidan: urte askotako lana argitaratu, eta bukatu egiten da lan horrek emandako emozioa. Eta, gainera, liburuak gizartean egiten duen bidea ere ez da oso luzea izaten; gero eta laburragoa, esango nuke. Frustrazio puntu bat ere utzi zidan. Dena dela, orduko hartan sentitu nuen, lehen aldiz nire bizitzan, hizkuntza menderatzen ari nintzela; edo, gutxienez, nik nahi nuena egin nezakeela hizkuntzarekin. Bi hamarkada hauetan bestelako lanak egin ditut: kazetaritzari lotutakoak, saiakerak, haurrentzako liburuak, poesia... Baina, horren ondoren, fikzioa idazteko gogoa sentitu nuen, nahiz eta nahiko fikzio errealista den eta dokumentazio handia duen oinarrian.

Eta nola iritsi zara gaira?

Etorri egin zait. Parot doktrina baliogabetu ondoren, preso saldo handi bat atera zen, eta hor hasi zitzaidan gaia deika.

Pasatu zaizu burutik fikzioarenak ez diren beste tresna batzuekin kontatzea hemen kontatzen duzuna?

Hor badago gai handi bat, eta hainbat gauza egin daitezke material horrekin. Dokumentazio dezente bildu dut gaiaren inguruan, batez ere espetxetik irtendako batzuekin hitz eginda, baina baita gutunen bidez ere. Duela hamar-hamabost urte, preso batzuk hasi zitzaizkidan idazten. Ez nituen aurrez aurre ezagutzen, baina esaten zidaten irakurtzen zituztela nire artikuluak, euskara galtzen ari zirela, urte asko zeramatzatela herritik kanpo, eta nahi zutela nirekin gutunak trukatu... Harreman epistolarra izan dut zazpi-zortzi lagunekin. Gutun horietan kontatu izan dizkidate kontu asko: haurtzarokoak, gaztarokoak, nola hurbildu ziren borroka armatura... Material hori oso inportantea izan da libururako, baina prentsatik ere joan naiz biltzen materiala. Hori guztia nuenean, egin nezakeen saiakera bat, edo erretratu biografiko batzuk... baina fikzioa egitea erabaki nuen.

Zergatik?

Sumatzen nuen gaia deserosoa izan zitekeela, jende horren inguruan nik baztertze bat sumatu baitut. Haietako askok adierazi izan didate estigmatizatua sentitu dutela euren burua, eta pentsatu nuen hori kontatzeko bide samurragoa dela literatura.

Fikzioak askatasun handiagoa ematen dizu gaia lantzeko?

Fikzioarekin ardura asko kentzen dituzu gainetik. Nobela lehen pertsonan dago idatzia. Rosa da narratzailea, eta berak esaten dituenak bereak dira. Horrek babesa eman dit, baita askatasuna ere. Rosak esan dezake nahi duen guztia, ez baita Pako Aristi esaten ari dena. Uste dut irakurleak hori bereiz dezakeela. Gai horri buruz ari garelarik, hau da, borroka armatuaz, motibazioaz, zentzua izan zuen ala ez, bidegabea izan zen ala ez... hor dago bertsio bat ezarri nahia, eta, kontakizun ofizialetik pixka bat ateratzen bazara, beti dago epaitegien arriskua. Hori ikusirik, nobela batek aukera ematen dizu esateko obra literario bat dela.

Hedabideetan azaltzen ez den iritzi bati ahotsa eman nahi izan diozu?

Preso ohien mundua ez da homogeneoa; iritzi ezberdinak daude. Alde horretatik, nobela hau ezin da izan belaunaldi baten nobela. Ez du espiritu hori. Baina jende honen inguruan hutsune bat hedatu da. Batetik, komunikabide ia guztietan baztertu egin dituzte. Horrek harritu egin ninduen hasieran. Hilabete batean, 90 bat preso kalean ziren. Gehienak, zigor izugarriak beteta. Nahiz eta bost urte berandu etorri, garaipen moduko bat izan zen, eta pentsatzen nuen garrantzitsua izango zela. Gero ikusi nuen hori lausotzen joan zela, eta ez zirela agertzen hedabideetan. Eta kazetariek ez zuten galdetzen ea nola bizi ziren, zer-nolako bizi baldintzak zituzten. Edo zer iritzi zuten Euskal Herriaz edo egoera politikoaz. Gauza asko dituzte esateko: gazte garaiko urteak nolakoak izan ziren, kartzelako urteak nola bizi izan zituzten, nola bizi diren orain... Galdera horien falta sumatu nuen. Hori niri deigarria egin zait. Mingarria ere bai. Eta liburu honek badu jende horri ahotsa emateko bokazio bat.

Espetxetik irtetean, Rosak deseraikia aurkituko du babesa eman dion talde soziala. Zuk ere sumatzen duzu deseraikitze hori gizartean?

Bai, jende askok aipatzen du hori. Baretze bat dago, erortze bat. Rosaren ikuspuntua interesatzen zitzaidan kontrastea egiten duelako. Errealitatea zer da? Bada, errealitateaz kontatzen duguna, edo kontatzen digutena. Kartzelan zaudenean, errealitatea ezin duzu atxiki, eta fidatu behar duzu kontatzen dizutenaz. Zugana doan jendeak baikortasuna nahi dizu txertatu, eta gauza onak soilik kontatzen dizkizu: mobilizazio handiak, auzoan egindako ekitaldi bat... baina, ateratzen zarenean, errealitatea aurrez aurre ikusten duzu. Zu zara esploratzailea. Interesatzen zitzaidan hor Rosak egin zezakeen ekarpena. Berak badaki ez duela aurkituko 30 urte lehenagoko gizartea, baina harritzen da aurkitzen duen desaktibazioarekin, desideologizazioarekin. Hori askok aipatu didate. Eta, batez ere, ikusten dute borroka armatuari buruzko gogoeta oso debaluatua dagoela. Barbaroak izan ziren, hiltzaileak... Baina mende erdia iraun duen fenomeno bat izan da, eta hori izugarria da. Estatu bati indarkeriaren monopolioa kentzea da borroka armatua. Horrek mende erdia irautea... hori lortzea eta mantentzea oso zaila da, ez baldin badago lurzoru ideologiko eta soziopolitiko handi bat. Hemen borroka armatuak mende erdia iraun badu, izan da lurzoru hori egon delako: babesa ematen zuena, alibi ideologikoa eskaintzen zuena, helburuak ontzat ematen zituena... Kalera ateratzean, galdetzen dute: nora joan da gizarte hori? Zer gertatu da?

«Ohitu ez naizena da gure proiektuaren neurria murrizturik ikustera», dio Rosak.

Haien eta jende askoren proiektuaren helburua Euskal Herriarentzat askatasuna lortzea zen. Independentzia. Gaur, ia desagertu da independentzia hitza hiztegi politikotik. Ordezkoak erabiltzen dira: soberania, berdinen arteko harremana... Herri bat askatzea zen helburua, eta, orain, hemen dagoen proiektu politiko bakarra proiektu autonomista bat da, Euskadira mugatua dagoena. Nafarroan badago beste proiektu bat, eta Iparraldean beste bat. Euskal Herriaren ikuspegi batua desagertu egin da, zatiketa administratiboa gailendu da, eta urrunketa kulturala ere bai. Eta, horrekin batera, helburuen apaltze bat egon dela aurkituko du Rosak, egokitzapen bat.

Benito Lertxundiren azken diskoan bada kantu bat Herri otzandua izenekoa, zeinetan esaten duen menderakuntza onartu egin duela Euskal Herriak. Zu ados zaude horrekin?

Agian galdu egin da mendekotasunaren memoria, niri larria iruditzen zaidana. Herri bat menderatuta dagoenean, erresistentzia moduan jarri behar du; mendekotasun hori belaunaldiz belaunaldi transmititu eta azaldu. Zergatik iritsi den, nola gauden horrela, eta zer kalte egiten duen. Eta zer askoz hobeto egongo ginatekeen mendekotasuna gainetik kenduko bagenu. Herri batek transmisio hori gauzatzeko ahalmena izan behar du; hor ikusten da bizirik dagoela. Hain zuzen ere, ETA sortu zenean hori leporatzen zioten EAJri. Gerran galtzaile atera, erbestera joan, eta, handik hogei urtera, etsita zegoen alderdi bat ikusten zuten, mendekotasuna transmititzeko gaitasunik gabe. Horren aurka ere sortu zen ETA, gure egoera politikoa azaltzeko instantzia gisa. Orain, preso ohiek ikusten dute ETA sortzeko arrazoietako bat berriro instalatua dagoela gizartean. Menderakuntzaren onarpen bat dago horren atzean. Horrek esan nahi du instalatu zarela Espainiak eta Frantziak eskaintzen dituzten erakunde integratzaile horietan, eta erakunde horietatik zerbait lor litekeen ideia zabaltzen hasi zarela gizartean..

Garai batean esaten zen ETA gabe edozer gauza lor zitekeela.

Bai, baina bazekiten hori gezurra zela. Eta beste batzuek aitzakiatzat erabiltzen zuten. Ikusi da ez dela posible. Katalunian ere bai. Okerrena da menderatua dagoen herri batek halakoak sinestea. Beti egon dira halako sineskeriak, Zapaterorekin, Sanchezekin... Itxaropen faltsuen deiak beti egoten dira. Azken batean, estatu baten aurrean gaude, ez pertsona baten aurrean. Dena den, nobelan beste gai asko daude: amodio erreprimituak, senitarteko sekretuak, idealismoa, pertsonaia absenteen indarra gure bizitzan, emakumeen askatasun prozesuak...

Liburuaren ardatzetako bat memoria da.

Ispilu jokoak daude liburuan, eta horietako bat da memoriari lotutakoa. Rosak iragana du atzetik, eta hori ahaztu nahi du; baina, beste alde batetik, amak gogoratzea nahi du, alzheimerra dela-eta badoakiolako. Baina sumatzen du amaren iraganean bere bizitza azaltzeko daturen bat egon daitekeela. Memoria oso garrantzitsua da bizitzan, baina herri baten memoria historia deitzen da. Gertatu denari buruz jendeak kontatzen duena da. Memoriaren transmisioa etengabea da, eta etorkizuneko belaunaldien kontzientzian eragina izan dezake guk idazten dugunak. Horregatik dago halako borroka erruki gabea, egunero-egunero, memoria hori zentzu zehatz batean ezartzeko. Memoriaren mugatze horrek baztertzen du Euskal Herriaren menderakuntza egoera. Indarkeria estrukturala bazterrean uzten du, eta indarkeria esplizitua edo puntuala besterik ez du erakusten. Horregatik da inportantea diskurtsoaren monopolioa arrakalatzea. Gaurko gazteak etorkizunean gai izango dira esateko menderatuta gaudela? Edo ahaztua geratuko da gure mendekotasuna? Hor jokatzen da herri baten disoluzioa.

Arrisku hori ikusten duzu?

Herri batek mende asko daramatzanean menderatuta, gero eta nekezago dauka nortasun horri eustea. Gure aurka legislatzen duten bi estatu dauzkagu, eta estatuek tresna asko dauzkate. Bilatzen dute herri baten asimilazioa, eta herri hori ez ohartzea asimilazioaz. Foucaultek esaten zuen: «Herri batek beste bat konkistatzen duenean, hori ez da inoiz amaitzen». Eta ez da amaitzen, askatu arte edo integratu arte. Espainiar nahi gaituzte, eta frantziar Iparraldeko gure haurrideak. Hori ikusirik, herri batek etengabe egon behar du erresistentzia jarrera batean; batzuetan, baita desobedientzia jarrera batean ere. Baina, gaur egun, galtzen ari da erresistentzia eta desobedientzia ahalmena.

Posible ikusten duzu kontakizun adostu bat egitea?

Kontakizuna norekin adostu behar dugu? Kontakizuna herri batek egiten du, bere begietatik. Ez Espainia edo Frantziaren begietatik. Herri batek bere historia kontatzeko eskubidea irabazi behar du. Horretarako behar da egitura politiko tinko bat eduki. Estatuak legitimizatzen du herri baten historia. Ez baduzu estaturik, zailtasunak areagotu egiten dira. Baina kontu bat da hori ezin egitea, eta beste bat da horren kontziente izatea. Horren jakitun zarenean, saiatzen zara kontakizun hegemoniko hori puskatzen.

Idaztean, Euskal Herriarekiko ardura duzu?

Idaztea da fokua jartzeko eta zerbaiti argia emateko bidea. Nobela honekin, solasaldiak izan ditut irakurle taldeetan, eta aipatu izan didate beste aldekoak ez direla agertzen liburuan. ETAko militante bat da protagonista eta narratzailea, eta besteak, biktimak edo estatuaren alderdia, ez dira agertzen. Baina norekin adostu behar da kontakizuna? Bere ikuspegia inposatu nahi duen horrekin? Ohitu gara entzutera ETAko militante bati buruz ari bazara kontrapisuan biktima baten sufrimendua ere atera behar duzula. Eta euskararekin ere gauza bera gertatzen da. Euskara hutsez ezin da ezer atera; edozer gauza, baita manifestazio bateko panfletoa ere, euskaraz eta gazteleraz atera behar da. Buruan sartu digute euskara bakarrik erabiltzea fanatismo hutsa dela. Biktimen kontuan, berdin. Ezin da ETAko militante bati buruz idatzi, haren ibilbidea zalantzan jarri edo gaitzespen bat azaltzen ez bada. Erruaren sentimenduaren aurkakoa naiz guztiz bizitzako alor guztietan; bada, nire nobelan errurik sentitzen ez duen pertsonaia bat dago, zeren gure literaturak nahiko modu faltsuan margotu duen ETAko militantea da bere ekintzei buruzko barne gatazka lazgarriz beteta dagoena. Errua, etika, beti da gauza politikoa. Hain politikoa, non biktimak ere ez duen errurik sentitzen bere aita militarrak estatuaren organigraman jokatu zuen paperaz.

Liburua duzu orain esku artean, baina bestelako sormen lanak ere egiten dituzu. Sormena duzu bizibide.

Bai. Aspalditik. Prekaritate hitza ikasi dugu denborarekin, baina, orokorrean, euskaraz lan egiten duten instantzia guztietan dago prekaritatea. Hori harrigarria egiten zait. Euskara izanda hemengo hizkuntza, babestu eta lagundu beharko genuke. Harrigarria eta esanguratsua egiten zait prekaritate hori. Ez da idazleen egoera bakarrik. Antzerkian, kazetaritzan... berdin dabiltza. Euskarari lotua dago prekaritatea, eta hori larria iruditzen zait. Horrek bidea ematen dit zalantzan jartzeko hemen antolatu den instituzionalizazio autonomista hau.

Prekaritateak eragina du kontzientzia ahultzean?

Prekaritatea miseria da. Eta miserian bizi dena beti ari da bilatzen nondik lortuko duen soldata osatzea, nola ordainduko dituen fakturak, hipoteka... Eguneko betebeharren harian bizi da, eta hor bizi behar duenak ez du indarrik sistema zalantzan jartzeko. Noiz ahaldundu behar du euskalgintzak «hau nahikoa da» esateko? Milaka lagun bizi gara euskalgintzara dedikatuta, modu batera edo bestera, eta Jaurlaritzako laugarren edo bosgarren mailako funtzionario bat baino askoz okerrago bizi gara. Prekaritateak berak dakar konformismoa eta desideologizazioa. Errebelatzen uzten ez dizun gurpil zoro bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna