Priscilla Band. Musika taldea

«James Brownek belarriz sortzen zuen dena; horregatik maite dugu»

Bilboko taldeak 'Aste Nagusia 2016' DVDa kaleratu zuen iaz, Bilbon zuzenean grabatua. Asteburuan aurkeztuko dute beren funk proposamen dantzagarria, Donostian eta Bilbon.

ELECTRIC BULEGOA.
mikel lizarralde
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Garai bateko funk bandak bezala, kidez oparoa da Priscilla Band. Bederatzi lagunek osatzen dute taldea, eta funka du oinarri, edo, zehatzago esanda, deep funka. Bi disko ditu argitaratuak (Olor a Fonk eta Xalala Kale), eta baita Bilboko Aste Nagusian filmatutako DVD bat ere. Gaur Donostianizango dira jotzen —Dabadaban, 20:30ean—, eta igandean, Bilbon—Nave 9 tabernan, 13:00etan—. Posta elektronikoz erantzun ditu galderak Joseba Negro teklistak.

Musika beltza DNAn izan duzue betidanik?

Ez dugu jakin azken hamarkadaraino. Baina behin harrapatzen zaituela, ez dago alde egiterik. Euskal Herriko beste hainbat gaztek bezala, 18 urterekin metala egiten genuen. Niri dagokidanez, piano jotzailea naizenez, oso aspergarria iruditzen zitzaidan eraketa prozesu guztia; duda asko nituen. Guztiz kontrakoa gertatu zitzaidan doinu afro-amerikarrekin. Edozein tresna gehitu daiteke, zuzenekoak askoz ere biziagoak dira, entzuleek eta musikariek bat egiten dute... Komunitate baten ospakizuna bihurtzen da.

Deep funk gisa definitzen duzue zuen musika...

James Brownen ostean sortzen diren doinuak biltzen ditu deep funkak. 70eko hamarkadaren hasieran sortu ziren. Erritmo nahasiagoak, hipnotikoagoak dira...

Zein izan dituzue irakasle?

James Brown, Aretha Franklin, Etta James, Otis Redding, The MGs, The JBs, Sam Cooke, Muddy Waters... Funk, soul, blues doinuen maisuak. Bluesetik dator dena. Hizkuntza komuna bihurtu zen beste estilo guztietarako: jazz, rhythm and blues, soul, funk... Eta gaur egungoak: DapTone Records-ek ekoizten duen dena (Sharon Jones, Lee Fields, Sugarman3...), Poets ofRhythm, Lafayette, The Sound Stylistics, Sweet Vandals...

Garai onak dira musika beltzarentzat?

Ez dut gura berekoi itxura eman, baina ez Bilbon, ez [Espainiako] Estatuan ez dago gu bezalako talde bat. Bihotz eta neke handia jarri dugu garena izatera heldu arte. 2017a eman dugu geure ametsetako estudioa gure eskuekin sortzen.% 100 analogikoa. Eta geu gara produktore, konpositore, moldatzaile, interprete.

Zuzenean grabatutakoa da zuen azken lana, Aste Nagusia 2016 DVDa.

Gure ametsa zen. Eta horretarako esfortzu ikaragarria egin genuen. Hilabete asko prestatzen egon ondoren, emozioa eta urduritasuna alde guztietan igartzen zen. Azkenengo kolpea, eta zelako poza, festa, txaloak... Ez dago sari hoberik.

James Brown omendu zenuten haren heriotzaren 10. urtemugan. Zer da Brown zuentzat?

2016ko apirilean izan zen, Izar&Star zikloaren barruan. Oso polita izan zen, eta baliagarria maite dugun artista baten musikaren ezaugarriak aztertzeko. James Brown, antza, pertsona bortitza zen. Hala ere, haren produkzio sorta harrigarria da. Musika idatzia ez zekien: dena belarriz sortzen zuen. Horregatik maite dugu.

Nolakoak dira zuen zuzenekoak?

Zuzenekoak alaiak, dantzagarriak, geldiezinak dira. Euskal Herriko edozein jaitan falta diren horietarikoak.

Zer asmo duzue etorkizunerako?

Groove berriak ditugu esku artean. Errepidera bueltatzeko ordua heldu da. Estatutik eta Europatik geure soulfunkgroove bortitzena eroateko gogo izugarria dugu. Denboraldia bukatu ostean, hirugarren luzea ateratzeko prestaketekin hasiko gara... Agian, Olentzerok benetako ikatz beltza ekarriko du aurten... Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.