Leihoez barrura begiratzea

Koronabirusari aurre egiteko ezarritako itxialdia erretratatu dute 48 argazkilarik 'Novis corpus' argazki liburuan. Donostiako San Telmo museoaren webgunean dago eskuragarri bertsio digitala, doan

Egile bakoitzaren bi irudi biltzen ditu Novis corpus liburuak, denak zuri-beltzean; Joel Vanaudenhaege argazkilariaren bi irudi hauek, kasurako. JOEL VANAUDENHAEGE.
Inigo Astiz
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kasik ateak ixterako zabaldu zuen ideia sarean Teresa Uzeda argazkilari frantziarrak. Itxialdian ateratako argazkiak bilduko lituzkeen argazki bilduma bat egiteko proposamena luzatu zuen Internet bidez, eta berehala jaso zuen erronka Gabriela Zendoia argazkilari eta bildumagile donostiarrak: editore talde bat osatu, ideia pixka bat zorroztu, proposamenak jaso, haietako bakoitzari bina argazki eskatu, eta, hala, oraindik itxialdia indarrean dela osatu ahal izan dute Novis Corpus argazki liburua. Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Belgikako, Italiako eta Alemaniako 48 argazkilariren lanak bildu dituzte guztira, eta bertsio digitala doan eskura daiteke Donostiako San Telmo museoaren webgunean. Paperezko edizioa ere erosteko aukera dago han, hamabi euroan, eta salmentekin lortutako dirua osasun langileei laguntzeko bideratzea da egileen asmoa. Leihoez barrura gertatutakoari emandako begirada bat da emaitza: itxialdiaren 96 argazkiko erretratu bat.

Lanbro artetik erreparatu diote lanbroari. Ezinbestean. Itxialdi barrutik jarri zen martxan proiektua, eta bizitzen ari zirenaren lekukotza bat uztea izan da asmoa, editoreen arabera. Emaitzarekin «oso pozik» daudela dio Zendoiak, eta harrera bikaina izan dutela. «Jendea berehala hasi zen animatzen, eta 50 parte hartzaileko muga jarri behar izan genuen». Edizio lana eta inprimaketa errazteko baldintza sorta bat ere jarri zieten egileei, horregatik. Zuri-beltzekoak izan behar zuten argazki guztiek, eta egile bakoitzaren bi hautatuko zituzten libururako: liburuko ezkerreko orrirako bata, eta eskuineko orrirako bestea, biak parez pare jarri ahal izateko.

Bada argirik bilduman. Oin puntetan, gorputza luzatuz, etxeko teilatura igota, askatasun egarriz, argazkiaren mugetatik atera nahian dirudite, adibidez, Christopher de Bethume argazkilariak erretratatutako hankek. Etxeko leihotik ikusten den zeru puska grisean, hegan ari den arrano beltz baten argazkia mugitzen du Roberto Morales argazkilariak erretratatutako esku anonimo batek.

Itsasontzi berean, ezberdin

Bilduman bada ilunetik ere. Ez dira gutxi, adibidez, fokuz kanpo ikusten diren giza figurak, eta estutasuna eta ezinegona irudikatzen dute beste irudi askok. Latexezko eskularru batek bularralde biluzi bati emandako laztan ia klinikoa erakusten du, esaterako, Alex Llovet argazkilariak. Eta esplizitua da heriotzaren aipamena Pascal Andersen itzal jokoetan: burezur bati eusten dion esku baten itzala ikusten da paretan argazkietako batean, eta gurutze handi bati heltzen dio itzal berak bestean. Natura hilak ere badaude, txakurrak usnaka, pertsianak jaitsita ospatutako urtebetetze festa baten hondarrak, ihartzen ari diren hosto batzuk, umeak jolasean, sastrakak, gizakiekin batera etxean harrapatuta gelditu den euli bat...

Argazkilari bakoitzak eskaintzen duen begirada pertsonal hori nabarmentzen du Sadreddine Arezki komisarioak liburuaren hitzaurrean. «Harrigarria da begirada bakoitzaren bakantasuna, guztiok ontzi berean egonik homogeneotasun gehiago espero zitekeelako». Baina, onartzen duenez, badira errepikatzen diren joera batzuk ere. «Giro ilun batean, gure begiek behin eta berriz egingo dute topo hesiekin,ate itxiekin eta marko hutsekin».

Aurretik dator Zendoiaren eta Donostiako San Telmo museoaren arteko lankidetza, eta horren ondorio da liburuaren edizio digitala museoaren webgunean eskuragarri egotea ere. «Harrera bikaina egin diote liburuari», esan du bildumagileak.

2017az geroztik, Donostiako museoko dokumentazio zentroak kudeatzen du Zendoiaren 2.506 argazki liburuko bilduma, eta erakusketa bat ere antolatu zuten lan horiekin 2018an: Argazki liburuen fenomenoa. Azken hamar urteetan argazkigintza liburuek izandako gorakada azaltzea zen erakusketa haren helburua. Zendoiaren bildumako liburu sorta zabala jarri zuten ikusgai horretarako, eta hitzaldi ziklo bat ere antolatu zuten.

Orbain kolektibo bat

Zendoiaren bi argazki ere badakartza itxialdian sortutako liburuak. Ezin perfektuago egindako ohe huts baten gainean, mezu bat jaso berri duen sakelako bat ikusten da piztu berri haietako batean, eta horman zintzilikatutako argazki bat xalo argitzen duen lanpara baten argia ikusten da bestean.

Kasu honetan, ezin biziagoa izan da liburua osatzeko prozesua. Koordinatzaileek eskaria egin eta hamar egunera heldu zitzaizkien irudiak, eta orduan hasi zituzten edizio lanak Zendoiak eta Uzedak. Cristophe Le Toquin eta Francisco Llop Valerok lagundu zituzten gero gai tekniko eta logistikoekin, eta bilduman parte hartzen duen Patrick Maille argazkilariak proposatua da bildumarentzako titulua, azkenik: Novis Corpus. Gorputz berria, latinez. Zeren eta, liburuaren koordinatzaileen hitzetan, «organismo berri indartsuago bat sortzea» baita koronabirusak hedatutako erronkari aurre egiteko modu bakarra. «Erantzun kolektibo bat».

Oro har, «iluna» da emaitza, editoreen hitzetan, «beldur eta ziurgabetasunez, oihuz eta isiltasunez betea». Argitasuna ere bilatzen du, ordea. «Liburu hau orbain bat da», laburbildu duteargitalpenerako idatzitako aurkezpen testuan, «denok harro egoteko modukoa. Elkarrekin indartsuago egingo gaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.