Asteburuko proposamenak

Puntakoenen lehiaketa

Euskal Herriko Artzain-Gazta Txapelketa egingo dute bihar Idiazabalen. Edukiera mugatuko dute, eta 'streaming' bidez ikusteko aukera izango da

Idiazabal sor-markako gazta zatiak, joan den irailean, Ordizian. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ez da ez baserritarren azokarik eta ez ganadu erakusketarik egingo bihar Idiazabalen (Gipuzkoa). Euskal Herriko Artzain-Gazta txapelketarekin batera antolatu izan dute azken urteetan Baserritarren Eguna ere, baina ez da halakorik egingo aurtengoan, pandemiaren ondorioz. Txapelketa, ordea, bai, egingo da: «Sektoreari bultzada ematen jarraitzeko asmoz» erabaki dute aurrera egitea, Belen Landa Artzai Gazta elkarteko kideak nabarmendu duenez.

Euskal Herriko Artzain-Gazta Txapelketan egiten dute bat Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako gaztagile puntakoenek. Herrialde horietako txapelketetan aurreneko hamarretan sailkatu direnek izaten dute txartela Idiazabalen parte hartzeko. Ez da ohiko egoera. Bizkaian, esaterako, bertan behera gelditu zen txapelketa. «Baina bazkide gutxi dira, eta parte hartuko du ordezkaritza batek», Belen Landak azaldu duenez. Baina beste herrialdeetan egin dira txapelketak. Nafarroakoa izan zen azkena, joan den igandean, eta aurretik egin zituzten Arabakoa eta Gipuzkoakoa. Ordiziako txapelketa ere egin zuten, eta, ikusita ekitaldi horiek aurrera ateratzeko modua egon dela —segurtasun neurri guztiak zainduta eta jende kopurua mugatuta—, Euskal Herriko Txapelketa ere egitea erabaki dute.

Idiazabalgo pilotalekuan egingo dute txapelketa (10:30). Artzainak, komunikabideak eta antolakuntzak gonbidatutako kideak izango dira, edukiera bete arte. Zuzenean ikusi nahi duenak streaming bidez izango du horretarako aukera. Goierri Telebista arduratuko da seinaleaz, eta Artzai Gazta elkartearen (www.artzai-gazta.eus) eta Idiazabalgo Udalaren (www.idiazabal.eus) webguneetan ikusteko aukera egongo da. Lau mahaitan banatuta egongo dira epaimahaikideak, eta hiru kide egongo dira mahai bakoitzean: artzain bat, Idiazabal sor-markako dastatzaile bat eta gonbidatu bat. Azken ekitaldia Lekarozko (Nafarroa) Julen Arburuak irabazi zuen Idiazabalen. Eta erreferentzia gisa balio izateko baino ez: aurten Angel Linzoainek irabazi du Nafarroan, Eneko Goiburuk Gipuzkoan, eta Patxi Lopez de Uraldek Araban.

Euskal HerrikoArtzain-Gazta Txapelketa



Bihar, 10:30etik 14:30era,Idiazabalen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.