Asteburuko proposamenak

Sagarrak dantzan

Sagarrak bildu, eta uztaren lehen muztioa dastatuko dute bihar Astigarragako Sagar Uztaren Jaian. Sagarraren azoka ere izanen da

Sagar uztaren festa egingo dute bihar Astigarragan, Gipuzkoan. SAGARDOETXEA.
Olaia L. Garaialde.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Udazkenaren hasierarekin, itzuli da sagarraren uzta garaia, bai eta sagarrari zukua ateratzeko sasoia ere. Urriaren 31ra arte, sagardoaren eta sagarren bueltan ekintza mordoa antolatu dute Astigarragan (Gipuzkoa), Udazken zaporez egitasmoaren barruan. Hala nola sagar muztioa egiteko tailerrak izango dira familientzat Sagardoetxean, uztarketa afariak eta musika, eta kultur eta kirol emanaldiak. Horren barruan, Sagar Uztaren 22. Jaia eginen da bihar, Astigarragako Foruen plazan.

Goizetik hasita, egitarau zabala izanen da egun osoan. Txirriskla txistulari taldeak gidatuta, diana batekin hasiko da festa, 09:30ean. Ondoren, 10:00etan, sagar bilketa eginen dute familiekin; Sagardoetxeko sagastitik abiatuko da bilketa. Gero, musikaren bidez girotuko dute jaia. Horrez gain, trikitilariak ibiliko dira kalez kale, festa musikaz alaitzen.

Sagarraren azokaz gozatzeko aukera ere egonen da: sagarren erakusketa eta dastaketa, sagardo eta muztio dastaketa, eta txertaketen erakustaldiak eginen dituzte. Bestalde, herriko baserritarren produktuak ere salduko dituzte. 11:30etik 14:00etara egonen da zabalik.

Helburua da aurtengo sagarraren uztaz eta kulturaz gozatzea eta ikastea. Hortaz, 11:30etik aurrera, sagardogintzako lanak ikasteko eta egiteko aukera egonen da. Bertako familiek irakatsiko dute nola bildu sagarrak, nola jo eta nola zanpatu.

Uztako lehen muztioa

Ostegunean hasi zen jaia, baina biharkoa da egun nagusia. Lehen egunean, esaterako, pintxo-potea egin zuten Astigarragako kaleetan. Matraka elektrotxarangak alaitu zituen kaleak, eta sagarretatik eratorritako produktuekin egindako pintxoak jan zituzten.

Gaur, ordea, 2022ko uztako lehen muztioa dastatzeko aukera egonen da. Txalapartaren erritmora, topa herrikoia eginen dute aurtengo uztako lehen muztioarekin, 13:00etan, Foruen plazan. Amaitzeko, herri bazkaria izanen da 14:00etan, eta, arratsaldean, afizionatuen pilota partida jokatuko dute.

Astiko merkatarien elkarteak, Astigarragako Udalak, tabernariek eta kultur taldeek antolatu dute Udazken zaporez ekitaldia. Herritarrek ere parte hartzen dute antolakuntzan.

Jaia antolatzeaz gain, Gipuzkoako sagasti batzuen kontrola egin dute sagarren egoeraren berri izateko. Horretako, sagardo sagarraren heldutasunaren egoera aztertu dute, eta bi alderdi nabarmendu dituzte. Batetik, sagar asko erortzen ari direla azpimarratu dute; batez ere, barnealdeko sagastietan. Egin duten analisiaren arabera, baliteke beroaren eta lehorteen ondorio izatea. Bestetik, nabarmendu dute klima baldintzak aldatzen ez badira litekeena dela heldutasunak ohi baino azkarrago aurrera egitea aurrerantzean ere.

Sagar Uztaren Jaia



Bihar, Astigarragan (Gipuzkoa), 09:00etatik 17:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.