Merkatu plaza morea

Emakume nekazari eta artisauen azoka eginen dute gaur Zornotzan, andreen lana ikusarazteko. Karpa bat eta 18 postu paratuko dituzte

Emakume nekazari eta artisauen postuak, Zornotzako Zelaieta parkean, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Iker Tubia.
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Karpa bat, hemezortzi postu eta txosna bat. Azpiegitura hori izanen du Zornotzako emakume nekazari eta artisauen azokak (Bizkaia). Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen dute azoka hori, eta, aurten, 25. aldia izanen du. Zelaieta parkean askotariko produktuak eskainiko dituzte gaur emakume ekoizleek: ogia, gozogintza, marmeladak, fruta eta barazkiak, fruta gozokiak, arropa eta bestelakoak.

Emakumeek arlo horretan egindako lana ikusaraztea da azokaren helburua, Zornotzako Udalak azaldu duenez: «Historikoki sektore honetako bizkarrezurra eta eskulana izan dira emakumeak, eta haien funtzioa ezinbestekoa izan da familien ekonomiarentzat, eta euskal gizartearentzat, kulturarentzat eta tradizioarentzat». Egun garrantzitsua izaten da bertako ekoizleentzat, baina ez dira haiek soilik ariko, Euskal Herriko zenbait txokotako ekoizleek parte hartuko baitute.

Azokan saltzeko, izen ematea irekia izaten da. Noski, badira bete beharreko baldintza batzuk. Azokan postua paratu ahal izateko, emakumea izatea beharrezkoa da, bai, baina baita jardueraren titularra emakumea izatea ere. Hori da azokaren bereizgarria, udalaren arabera. Ez hori bakarrik; ekoizle horien egoitza Euskal Herrian egotea ere ezinbestekoa da. Bakoitzak bi mahai izanen ditu gaur bere produktuak erakusteko eta saltzeko.

25 urteko ibilbidea

Mende laurdena egin du azokak, eta, bere ibilbidean, aldatuz eta moldatuz joan da. Bertako emakume baserritarrak ezagutarazteko eta sustatzeko sortu zuen udalak azoka. Helburu nagusi horretaz gainera, emakumeak ustiategien jabe edo titularrak izatea ere sustatu nahi zuten. Poliki-poliki, azoka bera aldatuz joan zen, eta artilearekin lan egiten zuten emakume artisauak ere hasi ziren parte hartzen. Gerora, herritik kanpoko ekoizleak ere hasi ziren postua paratzen, azokaren eremua Euskal Herri osora zabalduta.

Produktuak askotarikoak dira gaur egungo azokan: esnekiak, kontserbak, sagardoa eta txakolina, haragikia, gozogintza eta barazkiak erosi daitezke han, baina baita egurrez eta zeramikaz egindako artelanak, zilarrezko bitxiak eta loreak ere. «Gaur egun, emakume euskaldunak, artisauak eta baserritarrak omentzea da helburua», azaldu zuen Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotziak aurreko edizio batean.

Ekoizleek azaldu izan dutenez, urtero azokara joaten diren bezero fidelak izaten dituzte, baina, era berean, geroz eta ezagunagoa da, eta, horregatik, aurten jende gehiago espero dutela esan dute antolatzaileek. Azokako postuak 10:00etan irekiko dituzte, eta 15:00etara arte izanen da zer erosi eta zer dastatu.

Emakume nekazari eta artisauen azoka

Gaur, 10:00etatik 15:00etara, Zornotzako Zelaieta parkean (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.