Inork nahi ez zuen hura

Berdel Eguna egingo dute gaur Mutrikun, berdela eta arrantzaren sektorea ikusarazteko. Txapelketak eta dastaketak izango dira

Berdelez egindako pintxoak prestatzen, Mutrikun, aurreko ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
unai zubeldia
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Festatik asko dauka Mutrikuko (Gipuzkoa) Berdel Egunak, baina baita aldarrikapenetik ere, berdela berez 1993ko hausnarketa batek egin baitzuen ezagun. «Berdelarena kanpaina garrantzitsua izan zitekeela ikusi zuten garai hartako arrantzaleek, eta arrain hori sustatzeko sortu zuten Berdel Eguna, 1994an». Marta Amonarriz Mutrikuko Udaleko Turismo teknikariak azaldu du gerora iritsi zirela Bermeoko (Bizkaia) Berdel Eguna eta gainerakoak. «Baina Mutrikukoa izan zen aurrenekoa, eta ospe handia hartu du, oso parte hartzailea izan delako: kofradiakoak eta arrantzaleak bertan izaten dira beti, herritarrak ere bai arraina garbitzen, parrillak prestatzen, sukaldean... Jendeak sortu du egun hau».

Egun osoko jaia izango dute gaur. 10:00etan hasiko dira, Izan arrantzale egitasmoarekin, eta gauean amaituko da, Belarri Fuckers eta Delirium Tremens Mutrikuko taldeen kontzertuekin. Tartean izango dituzte belaontzien txapelketa, merkatu txikia, abesbatzen saioa, berdel pintxoen dastaketa... «Urteko lehenengo jaiegun berezietako bat izaten da, eta giro ona sortzen da beti». Gutxi gorabehera 4.000-5.000 lagun inguru elkartuko direla zehaztu du Amonarrizek.

Mutrikuarrak eta bertakoak ez direnak, denak elkartzen dira. «Eta hori da politena. Kanpotar asko etortzen dira, baina herritarrek ere egutegian ondo markatuta edukitzen dute Berdel Eguna; lan egin behar dutelako kasu batzuetan, baina bazkari-afariak antolatzeko beste batzuetan». Amonarrizen hitzetan, aldaketa bereziak izan ditu Berdel Egunak azkenaldian. «Despedidak-eta egiteko baliatzen dute askok Berdel Eguna, eta saltsa handia egoten da. Herritarrek beste era batera bizi dute eguna, baina denen eguna dela esango nuke».

Iaz aldaketa nagusi bat egin zuten egitarauan, berdel-pintxo dastaketa arratsaldetik eguerdira igarota. «Oso gustura gelditu ziren denak, arratsaldeko ekintzez gozatzeko aukera ere ematen duelako, eta, horregatik, aurten ere 13:00etan izango da berdel-pintxo dastaketa hori», esan du Amonarrizek. 25.000 pintxo inguru prestatuko dituzte, denetarikoak. «Berdel opiltxoa, berdel salpikoia, berdela txakolin eskabetxean, berdela Mutrikuko erara, berdel eta barazki enpanada, berdela barazkien sobrasadarekin, berdel txaka, berdel frijitua eskabetxean, marmitakoa, berdel piperrada eta berdel errea».

Erretiroa hartu berritan

Azken 38 urteak arrantzan igaro eta iazko azaro erdialdean erretiroa hartuta, aurtengo Berdel Eguna «berezia» izango da Fran Bedialauneta mutrikuarrarentzat.59 urte dauzka, eta ongi gogoan dauka berdelak lehen ez zeukala batere garrantzirik arrantzaleen artean. «Arrain horrek ez zeukan baliorik, inork ez zuen nahi, baina berdelari indarra emateko apustu bat egin zuen Mutrikuk, eta, gaur egun, arrantzaleentzat oso kanpaina garrantzitsua da; amorratuta ibiltzen dira denak berdel bila».

Mutrikun bertan, gaur-gaurkoz, ez dago arrantzarako artisau ontzirik. «Pentsa, hamabi ontzi handi ibiltzen ginen garai batean, eta beste sei-zortzi txiki, baina kirol portua besterik ez dago orain. Pena handia ematen du egoerak». Bedialaunetak etorkizun hurbilean ez du ikusten, gainera, aldaketarako aukera askorik. «Gazteak ez ditut ikusten itsasora begira. Kirol portura joaten dira, Berdel Egunean parrandara ere bai, baina arrantzale gutxi ikusten ditut nik gazteen artean. Behera-behera doa, eta pena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.