Hiru ordu baino gehiagoko ikuskizuna izango da. Euskal Herriko musikako kanta ezagunak abestuko dituzte, 1970eko hamarkadatik gaur egunera artekoak. Berez, hamasei izango dira, baina gehiago ere izan daitezke. Abestien artean daude: Kaixo! (Urtz), Elektrizitatea eta Negua joan da ta (Zea Mays), Iñaki, zer urrun dago Kamerun! (Zarama), Bakezaleak (Anje Duhalde), Kantu bat (Bulego), Mari (Su ta Gar), En blanco y negro (Barricada)...
Gaur egungo musikari eta talde batzuek parte hartuko dute gaurko kontzertuan. Haien abesti ezagunak kantatuko dituzte, modu akustikoan, abesbatzen laguntzarekin ETSk, Gatibuk, Idoiak eta Marenek.
Kontzertuak bi zati izango ditu: lehenengoan, 19:00etatik aurrera, ETSren, Gatiburen, Idoiaren eta Marenen kontzertu akustikoak izango dira; bigarrenean, 20:30etik aurrera, abesbatzek Ura Bere Bidean 22-n jasotako abestien moldaketak abestuko dituzte. Abesbatzek pop musika talde batekin batera kantatuko dute. Fernando Velazquez konpositore eta orkestra zuzendariak egindako moldaketak dira. Alberto Saez Puente izango da musika zuzendaria. Iñaki Irastorza arduratu da ikuskizunaren diseinuaz.
Kantutegia berritzea
Ura Bere Bidean Koralak Arabako abesbatzak elkartuko ditu, haien topagune izango da. Kontzertuak Arabako Abesbatzen Elkartearen babesa du. Kontzertuaren helburuetako bat bada abesbatzei ikusgarritasuna ematea eta jendea zaletzea. Baita abesbatzen kantutegia berritzea edo berritzeko aukerak eskaintzea ere, pop eta rock abesti ezagunen moldaketekin.
Ikus-entzuleek abesbatzekin batera abestu ahal izango dute. Kantutegia emango diete eta pantaila erraldoiak ere baliatu ahal izango dituzte. Guztira hiru mila ikus-entzule bilduko dira gaur Buesa Arenan. Nerea Garmendia aktoreak aurkeztuko eta gidatuko du kontzertua.
Ura Bere Bidean ez da proiektu berria, 2020an abiatu zuten. Kontzertu bat egiten dute urtero, BECeko Bizkaia Arenan. Euskal Herriko zenbait musikarik beren abestien bertsio sinfonikoak abesten dituzte, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. Buesa Arenakoan, ordea, abesbatzak izango dira kontzertuaren oinarria, eta abesbatzetan oinarritutako lehena izango da. Fair Saturday fundazioak bultzatutako egitasmoa da.
Ura Bere Bidean Korala
Gaur, 19:30ean, Gasteizko Buesa Arenan.