Bide erakusleak, iparrorratz gabe

Gida turistikoen sektorea asko aldatu da azkenaldian. Hori dela eta, haien jarduna erregulatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Freetours bezalako ekimenak ugarituz doazenez, gida profesionalen lanari balioa eman nahi diote. Orain arte, babesik gabe egon direla sentitzen dute gidek.

Hiriko dendak ezagutzeko bisita gidatua. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Moskuko Plaza Gorrian, Berlingo Branderburg atean, Bruselako Grand Placen, Amsterdamgo auzo gorrian, Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan, Baionako herriko etxearen aitzinean, Donostiako Bulebarrean zein Iruñeko Estafeta kalean. Europako hiriburuetako gune turistikoetan, azken urteotan gero eta ohikoago bilakatu da urrutitik arreta erakartzen duen kolore deigarriko aterki bat irekia duten lagunak ikustea. Gida turistiko gisa jarduten duten pertsonak izaten dira, eta, doan edo borondatearen truke, hiriburua ezagutzeko aukera ematen diete turistei. Euskal Herrian ere hedatzen hasiak dira halako egitasmoak, Freetours ere esaten dietenak. Adituen arabera, turismoaren gorakadaren beste ondorioetako bat dira eskaintza horiek. Bestalde, sektoreko eskaerari neurria hartu nahian, Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren gida turistikoen jarduna erregulatzeko dekretua argitaratuko du, lehen aldiz.

Egun, gida turistikoen lanbidea guztiz arautu gabe dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hau da, legearen babesik gabe jarduten dute, baita gida profesionalek ere;Turismo Bulegoetan lan egiten dutenek, adibidez.

Gida turistikoen figura aitortua badago ere, haien jardunean ez dago bete beharreko araudirik. 2016. urtean Eusko Jaurlaritzak onartutako Turismo Legearen arabera, bereizketa bat egiten da prestazio librea duten eta ez duten espazioen artean. Hori horrela, espazio publikoetan, hitz egiteko jarioa duen eta ongi mugitzen den edozein pertsonak egin dezake gida lana.


BAIONA. Donostiako Turismo Bulegoak hainbat tokitarako irtenaldiak esakintzen ditu; besteak beste, Lapurdirakoak. JAVIER LARREA / DONOSTIAKO TURISMO BULEGOA

Lanaren aitortza

Hori zuzentzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez, lege dekretu berriaren xedea, batetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren gida turistikoen erregistro bat egitea da. Bestetik, gutxienez ondare turistiko gisa izendatutako eremu eta eraikinetan, prestakuntza jakin bat duten eta beren jarduera egiaztatua duten gidak soilik aritu ahal izatea. Prestakuntza osagarri hori Jaurlaritzaren turismo administrazioak eskainiko lukeela ere adierazi dute. Kanpotik datozen gidek, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarduteko denbora mugatua izango dute, denboraldiaren araberako lana izango da.

Gida profesionalen Apite elkartea aspalditik ari da sektorearen nolabaiteko erregulazio bat eskatzen. Horko kide da Iratxe Muñoz bizkaitarra, eta gaur egun duten egoera alegala salatu du: «Ez dugu babesik sentitu erakundeen aldetik; ez da legerik egon gure lanbidea babesteko». Sektore txikian lan eginik ere, ikusten dute gero eta jende gehiago ari dela, eta Muñozi ezinbesteko iruditzen zaio gida turistiko gisa jarduten duen orok aurretiko esperientzia bat duela frogatzea. Halaber, iruditzen zaio gidek egiten duten lana ez dela behar beste baloratzen: «Kanpotik ikusita, erraza dirudi, baina guk badugu esperientzia bat, urteak daramatzagu, badakigu nola tratatu jendea edo nola mugitu taldea». Horregatik, ofizialtasuna eskatzen dute, are gehiago, oso ondo deritzo profesionaltasuna erakusten duten gidek zenbait lekutan lehentasuna izateko Jaurlaritzaren proposamenari. «Gidek formakuntza bat izateak eta gure lana normalizatzeak ondarearen ezagutzan eragin zuzena du».

Konpetentzia edukitzeari ez dio arazorik ikusten Muñozek, betiere baldintza guztiak betetzen badituzte. Freetourrei erreferentzia eginez, nortzuk diren eta nola lan egiten duten zehaztu behar dela dio. Holako giden erregistroa egiteak ere lagunduko duela uste du. «Argi dago kalean daudela eskaera bat dagoelako, errealitatea ezin da ukatu». Eusko Jaurlaritzak aukera eman die APITEko kideei lege dekretu berrian beraien ekarpenak egiteko.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere nabaritu dute azkenaldian Freetour egitasmoen presentzia. Euskal Hirigune Elkargoak, baina, ez die bestelako problematikarik ikusten. Euskal Hirigune Elkargoko Turismo, Natura eta Ondarearen arduraduna da Daniel Olzomendi, eta, haren esanetan, kopuru txikia dira gida horiek: «Ez dugu handitzerik ikusi». Bestalde, gida profesional gisa jarduteko derrigorrezkoa da zenbait baldintza betetzea: «Hemen gida izateko, unibertsitateko lizentzia bat ukan behar da [Historian edo Artearen Historian], edo izandako esperientzia epaile mahai batean agertu behar da». Hori horrela, Freetourretako langileak formakuntza bat jasotzera bultzatzen dituzte, ofizialak izateko. «Ikusten dugu gero eta gehiago direla beren gaitasuna ofizializatu nahi dutenak». Turismoaren nolabaiteko gorakada igarri dute, baina horrek gida turistikoen kopurua ez duela biziki ugaritu azpimarratu du Olzomendik.


BILBO. Hiriko dendak ezagutzeko bisita gidatua. ARITZ LOIOLA / FOKU

Edozeinek ezin

Autonomoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren gida turistiko profesionalak. Dagozkien kuotak eta zergak ordaintzen dituzte. Hala ere, ez dute soldata finkorik; lanaren araberako irabaziak dituzte. Ondarea, kultura eta herria erakusteko lanean hainbat urte daramatzatela aitortzea oinarrizko ikusten dute Apiteko kideek.

Gurutze Ormaza Donostiako gida turistikoak eta elkarteko kideak garrantzia ematen dio gida turistikoa izateko bertakoa izateari: «Sentimenduak ez du zerikusirik kanpotik datorren norbaitekin alderatuta». Behintzat, titulazio bat edukitzea edo Euskal Herrian gutxienez urte pare batez bizi izatea beharrezko ikusten du. Gaur egun, Euskal Herrian gida bezala jarduteko ez dela «ezer» behar ohartarazi du. «Gutxienez, hemengo zerbait badakitela ziurtatu beharko lukete». Eta nola ez, turistei kontatzen zaien hori egia izatea erregutu du.

Hain zuzen, Freetourretako langileek ematen duten informazioa ez dela guztiz fidagarria dio, eta, horrez gain, arlo ekonomikoari dagokionez, ez dagoela kontrolik salatu du: «Lehen, gurea zen lan zati bat kentzen dute; turista horiek Turismo Bulegora joango balira, bestelakoa litzateke egoera». Afera horretan esku hartzeko eskatu du Ormazak, Freetourretako langileek beraien jarduna demostratzeko eta erakundeek kontrola hartzeko eskatu du. «Zerbait egitearren, gida izatea ez da serioa. Gure ofizioa da, eta beste guztiek bezalako errespetua behar du; honetaz bizi gara». Azaldu duenez, Freetour eskaintzak azaldu direnetik, zenbait turista kexati azaldu zaizkie prezio handiegiak dituztela esanez, Ormazak argudiatu du gutxieneko bizitza duin bat izateko halako prezioak jarri behar dituztela.

Nafarroaren kasuan, gida turistikoen jardunari dagokionez, lanbidea baino gehiago jarduera erregulatzen duen legea du foru gobernuak. Hau da, turismoari eta naturari loturiko ekintzak egiten dituzten enpresak dira erregistratu beharrekoak. Bisita gidatuak, benetan legezko jarduera izateko, prezio jakin batekin zein borondatearekin ordainduta erregistroan izena emandako enpresa batek egin behar ditu, betiere aldez aurretik jakinarazita. Egin ezean, isuna jaso dezakete.


GASTEIZ. Turista talde bat Andre Maria Zuriaren plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bilakaera handia

Maitena Ezkuta Nafarroako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak azaldu du azken hilabeteetan lurraldean lanean ari diren Freetourren eta ezkutuko eskaintzen azterketa egiten ibili dela Gobernua. «Garapena ez da oso handia, baina hamar pertsona inguru zenbatu ditugu araudia bete gabe lanean ari direnak». Bestalde, eskaintza horiek jasotzen dituzten sei web orrialde ere aurkitu dituzte, eta informatiboki jakinarazi diete betebehar fiskal batzuk dituztela. Hain zuzen, alor ekonomikoari dagokiona ari da kontrolatzen, batik bat, Nafarroako Gobernua. «Oraingoz, ikusi dugu ez dutela negozio-orientaziorik, lehia bidegabea egin dezakete, baina ez dute enpresa-jarduera xede». Gida turistikoek afera konpontzeko eskatu diete. Egun, baina, ez da Gobernuaren lehentasunetako bat gida turistikoen figura erregulatzea. «Ez da neurriz kanpoko zerbait», adierazi du Ezkutak.

Bilakaera handia izan du Euskal Herriko turismoak denbora gutxian, kopuruari dagokionez. Ormazak dioenez, duela zenbait urteko turismoa batik bat enpresa turismoa zen, eta turista «arruntak» ez zuen bestelako erakarpenik Euskal Herriarekiko. «Askorentzat, turismorako helmuga berria da Euskal Herria, baina, hemen, funtsean, ezer ez da aldatu». Hala ere, aitortu du nabaritu dutela su-etenaren eragina. «Turistek, amerikarrek batik bat, leku lasaiak bilatzen dituzte, eta, gaur egun, munduan, Euskal Herria toki horietako bat da».

Teknologiaren garapena ere nabaritu dutela esan du Muñoz gidak: «Harremanetarako bideak erraztu zaizkigu, baina konpetentzia gehiago ere badago; bestalde, audiogidek ere ordezkatzen dute gure lana». «Teknologiari esker, gure herria edozein txokotan ezagut dezakete», gehitu du Ormazak. Gidak bat datoz Euskal Herrira etortzen diren turisten eskaera ez dela bereziki aldatu: «Gastronomia da gure aingura nagusia gaur egun ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.