Mediterraneora, erantzun bila

Euskararen eta paleosardinieraren arteko harreman posiblea aztertu du Juan Martin Elexpuruk

Juan Martin Elexpuru, Donostian, Euskararen aztarnak Sardinian? liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Euskararen senideen bila dabiltzan hizkuntzalari askok Kaukaso mendikate aldera jo izan dute. Hurbileko senide posiblea hegoalderago aurkitu du, ordea, Juan Martin Elexpuru idazle eta euskal filologoak; Italia hegoaldean dagoen Sardinia uhartean, zehazki. Sardinierak bi milioi eta erdi hiztun inguru ditu han, erromatarrek irla konkistatu aurretik bertan hitz egiten zen paleosardinieratik eratorria den hizkuntzak. Antzinako hizkuntza hark euskararekin duen loturaren inguruan hainbat ikerketa egin izan dira, baina Euskal Herrian ez dute kasik oihartzunik izan. Hala ere, ikerketa horiek hipotesi bilakatu dute gutxi batzuen ustea zena. Bere aletxoa jarri du Elexpuruk, norabide berean; hipotesia bere hartan mantenduz —hortik tituluko galdera marka—, hipotesi horri baiezkoa eman dio, kaleratu berri duen Euskararen aztarnak Sardinian?liburuan (Pamiela).

Bi hizkuntzen arteko harremanaren inguruko ikerketak gutxi dira, eta are gutxiago Euskal Herritik bultzatutakoak, idazlearen arabera. Duela zortzi urte izan zuen gaiaren berri, Luis Silgo arkeologoaren eskutik. Haren bidez ezagutu zuen Eduardo Blasco Ferrer, Cagliariko (Sardinia) unibertsitateko irakaslea zen hizkuntzalari kataluniarra —aurten hil da—. Paleosardinieraren jatorriari buruzko ikerketen arloan, mugarria izan zen Blascok 2010ean kaleratu zuen Paleosardo, le radici linguistiche de la Sardegna liburua. Hura ezagutu zuenetik, hiru aldiz egon da irlan Elexpuru. «Han eginiko ikerketen eta ordenagailuaren aurrean egindako ordu luzeen fruitua da liburua», azaldu du.

Blascorena da liburuan defendatzen duen hipotesia, Elexpururen hitzetan. Duela 6.000-8.000 urte inguru izandako migrazioa hartzen du oinarri ideiak: «Mesolito eta Neolito aroetan migrazio garrantzitsu bat izan zen Euskal Herrian, Iberiar penintsulatik Sardiniara». Uste da hara iritsitakoek eraman zutela paleosardiniera irlara, eta bizirik iraun zuela hainbat mendez. Hala izan zela uste izateko, genealogia ere hartu du kontuan Elexpuruk: «Egin diren ikerketa genetikoek ere baieztatu egin dute migrazio hori. Gauza jakina da euskaldunen eta sardiniarren arteko kidetasun genetikoak harrigarriak direla».

Guztira, sardinierazko 40 bat hitz arrunt aurkitu ditu Elexpuruk, euskararekin antz handia dutenak. Horien artean dira, besteak beste, golostiu (gorosti), troccu (troka) eta zerru (zerri). Hitz horietako batzuk galdu egin dira, uharteko puntu batetik bestera lekualdatzearekin batera. Arrasto nabarmenenak Barbagia eskualdean daudela zehaztu du Elexpuruk. Uhartearen erdialdean dagoen inguru menditsua da Barbagia. Horregatik, erromatarrei hura konkistatzea bereziki kosta zitzaien, eta, konkistatu eta gero ere, latina hitz egiten ez zen leku bakarrenetakoa zela uste da, edo, behintzat, paleosardinierak luzaroan iraun zuela.

Hizkuntzaren hainbat alderdi landu ditu Elexpuruk. Lexikoan bezala, egituran ere topatu ditu arrastoak: «Sardinierak bost bokal ditu, euskarak bezalaxe. Latinak gehiago zituen, eta baita katalanak ere». Fonetikoki ere antz handia omen dute bi hizkuntzek. Adibidetzat aipatu ditu r letraren aurretik bokala hartzea eta «soinu afrikatuak» erabiltzea.

Antzekotasun «deigarrienak», halere, toponimian, «handian zein txikian» aurkitutakoak egin zaizkio. 350 leku izen inguru artxibatu ditu, Euskal Herrikoekin bat datozenak edo antz handia dutenak. «350 hitz asko dira, eta ez dut uste hori kointzidentziari egotz dakiokeenik». Sardinian eskuragarri dagoen ia 5.000 izeneko datu base bat erabili du oinarri gisa, baina bestelako mapekin, webguneekin eta berak bere begiekin ikusitakoekin ere osatu du ikerketa.

Erantzun gisa, galderak

Hasierako hipotesia, tituluan bertan irakurleari aurkezten zaiona erantzutera dator liburua. Baina, aldi berean, ondorioekin batera, beste zenbait galdera ere planteatzen ditu, orain arteko uste zabalduak kolokan jar ditzaketenak. Liburuan laburki plazaratu baditu ere, auzitan jartzen dituzte hainbat planteamendu: «Ikerketa honek euskal filologian eta, batez ere, hizkuntzalaritza historikoan izan ditzakeen eraginak aztertu ditut». Latinekotzat jotako hainbat hitzek beste jatorri bat dutela konturatzera edo, gutxienez, «bi aldiz pentsatzera» eraman beharko lituzkete euskal filologoak Sardinian bildutako datuek, Elexpuruk dioenez. Galdera orokorrago bat ere bota du airera: «Euskarak senide hurbilik ez duela esaten jarraitu daiteke?».

Hipotesi bat defendatzen ari bada ere, ikerketa «ongi oinarrituta eta ametsetan ibili gabe» egina dago, Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editorearen ustetan. Bi hizkuntzen arteko harremanaren inguruan «deus gutxi» ikertu denez, «hutsune bat betetzera dator» liburua, hark dioenez, eta, hori hala izanik, «erreferentea» izango da gaiari buruz ezer jakin nahi duen ororentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.