Barazkien bueltan

Erriberan abian diren Barazkiak Goratzeko Jardunaldiek hilabete iraunen dute. Elena Arzak eta Teresa Perales omenduko dituzte aurten

Dastatzeetarako barazkiak prestatzen, Barazkiak Goratzeko Jardunaldi eta bestetako artxiboko irudi batean. PATXI URIZ.
Iker Tubia.
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Gure barazkiak, Erriberako lur aberatsetan duguna ezagutaraztea». Horixe da Barazkiak Goratzeko Jardunaldien eta besten helburua. Arturo Perezek eman ditu azalpenak, Volatin ordenako idazkariak. Haien elkarteak eta Tuterako Udalak (Nafarroa) antolatu dute dagoeneko abian den besta, eta maiatzaren 5era arte jarduera anitz prestatu dituzte. Jarduera nagusiak Tuteran badira ere, iaztik Erriberako herrietan barna egiten dituzte jarduerak.

Urteurrenen jardunaldiak izanen dira aurtengoak. Izan ere, aurten 50 urte betetzen ditu Volatin ordenak, eta 25. aldiz antolatuko ditu jardunaldiak. Egunik berezienetako bat ohorezko kideak omentzeko eguna da. Perezek gogorarazi du aurten lehenbiziko aldiz emakumeak izanen direla: Teresa Perales kirolari elbarria eta Elena Arzak sukaldaria. «Barazkien pregoilari eta defendatzaile izendatuko ditugu», azaldu du ordenako idazkariak.

Denetariko dastatzeak izaten dira jardunaldietan, «herri prezioetan», Perezek azaldu duenez. Horrek erakartzen du gehien jendea: zainzuriak, orburuak, olioa, ardoa... Dena den, bada Volatin ordenak nabarmendu duen beste jarduera bat: Nekazaritzako Elikagaien Sektorearen Lehenbiziko Bilkura. Gaur izanen da, goiz osoan, Bardearen Komunitatearen egoitzan. «Sektorean garrantzitsuak diren Erriberako enpresak han izanen dira, eta haien produktuak, ekoizpenak eta lana erakutsiko dituzte. Horrekin batera, hitzaldi teknikoak izanen dira, zona honetan oraindik ezezaguna den nekazaritzako elikagaien industria ezagutarazteko».

Perezen aburuz, barazkien aldeko egitasmoek garrantzi handia dute, Erriberako «identitate ikur» direlako. «Barazkien garrantzia ezagutarazi beharra dago, eta gure herriaren oinarri diren enpresak ezagutarazi behar dira, baita lehenbiziko sektorekoak ere. Inguratzen gaituena goratzen ari gara, azken finean». Horretaz gainera, ohartarazi du egun horietan bisitari asko hartzen dituztela, eta uste du horrek bertako ekonomia bultzatzen duela. Are, bisitari kopuruak neurriak hartzera bultzatu zituen iaz: Erriberako gainerako herrietan ere jarduerak antolatzea.

Informazioa, eskura

Volatin ordenak karpa bat paratu du Tuteran, eta gaur irekiko dute, 10:00etan. Han, Erriberako produktuak dastatzeko parada ere izanen da, eta hitzaldiak eta tailerrak eginen dituzte. Volatin ordenako idazkariak hizpide izan ditu teknologia berriak ere: Aurten sakelakoetarako aplikazio bat sortu dute, jardunaldietarako baliagarri izanen dena. Fiestas de la Verdura deitzen da, eta gazteleraz baizik ez dago. Egitarauaz gainera, otorduetarako edo lotarako tokien informazioa ere biltzen du.

Barazkiak Goratzeko Jardunaldiak eta bestak

Maiatzaren 5era arte, Tuteran eta Erribera osoan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.