Kale kultura pizten

Barakaldoko Break on Stage jaialdiak berritasunak izango ditu aurten: doako proposamen berri bi eta emanaldientzako beste espazio batzuk

Break on Stage jaialdiko dantza urbanoen saioa, 2019ko ekitaldian. BREAK ON STAGE.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Publiko zabalago batengana heltzeko asmoz antolatu dute aurtengo Break on Stage jaialdia, Barakaldon (Bizkaia). Besteak beste, kale kultura aldarrikatzea eta, horren barruan, musika, dantza edo pareko adierazpide artistikoak bultzatzea dira egitasmoaren nondik norako nagusiak. Horretarako, Barakaldoko hainbat eremu prestatu dituzte, tankera ugaritako saioak har ditzaten.

Aurten, gainera, arte adierazpide desberdinei erantzunez, kokaleku berriak bilatu dituzte festibala atontzeko orduan.

Emanaldi nagusia, urtero legez, Barakaldo antzokian egingo dute; bertan, tokiko eta nazioarteko hainbat egile hamaika jardueratan arituko dira, 18:00etatik aurrera. Batetik, Venezuela Team, Last Squad (egungo munduko breakdance txapeldunak) eta Bilbao Feel The Sound taldeek breakdance eszenikoko txapelketan parte hartuko dute. Bestetik, Bost Urban Dance izeneko bi kategoriako norgehiagoka ere izango da: junior mailan, Junior Petit Breath, Dale Al Play eta Sweet Dream Euskal Herriko taldeak izango dira protagonistak; sail nagusian, Mini Factory, B-Wild, Element eta Factory taldeek hartuko dute parte.

Artean, DJ Lorena eta Nury & Izaskun musikariek ekitaldia girotuko dute beren musikarekin. Emanaldiak 80 minutu inguru iraungo du, eta sarrerak Kutxabankeko kutxazainetan eskuratu daitezke; gainera, www.breakonstage.com webgunean beherapenarekin lor daitezke.

Doako emanaldiak

Eguneko egitaraua osatzeko, Barakaldoko Galindo skate parkean, Scooter Freestyle Battle izenekoa egingo dute, 12:00etatik 14:00etara. Halaber, Barakaldes frontoian, 1vs1 BreakOnStage Battle dantza txapelketa egingo dute, 14:00etatik eta 17:00etara; egitasmo horrek breakdancea eta bakarkako dantza urbanoa uztartuko ditu, modalitate desberdin bitan banatuta.

Lehenengoa Breakdance 1vs1 izenekoa izango da; eta bigarrena, berriz, AllStyle 1vs1. Biak ala biak DJ baten musikaz eta MC edo abeslari baten kantuez lagunduta egingo dituzte. Epaimahaiari dagokionez, sail bakoitzean adituak diren hiru pertsonaz osatuta egongo da. Hala, Galindo skate parkeko saioa nola Barakaldes frontoikoa doan gozatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek, leku bakoitzeko edukiera bete arte.

Jaialdiaren antolatzaileek azaldutakoaren arabera, aurtengo egitarauarekin ekitaldia «pluralagoa eta zabalagoa» izatea bilatu dute. Horrez gain, «bertako zein inguruko artisten parte hartze aktiboa» sustatu gura dute.

Izan ere, taularatuko diren arte modalitateak «gorakada zinez nabarmenean» daudela argitu dute, eta haien presentzia nahiz influentzia «geroz eta esanguratsuagoa» dela Euskal Herrian.

Break On Stage



Gaur, 12:00etatik 19:30 arte, Barakaldon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.