Ardoaren jaia bueltan

Arabako Errioxako mahats bilketaren festa ospatuko dute bihar Lantziegon. Pou anaia eskalatzaileak izango dira aurtengo pregoilariak

Mahats bilketaren jaia artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
unai etxenausia
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ardoak badu zerbait berezia, mundu osoan oso preziatua bihurtu den edaria baita. Arabako Errioxako ardoak, gainera, ospe handia izan du beti. Araban ere badira urte hobeak eta txarragoak ardoarentzat, baina beti daude mahats bilketaren festa ospatzeko arrazoiak.

Arabako Errioxako mahats bilketaren festaren 27. aldia ospatuko dute bihar Lantziegon. Beraz, urtero bezala, aurten ere Arabako ardogileak jai giroan bilduko dira ardoaren alde topa egiteko. 2020an eta 2021ean, pandemiaren ondorioz, ez zen halako jai ospakizunik izan; horregatik, mahats bilketaren festa berreskuratzeko irrikaz dago jendea.

Goizean goizetik hasiko dira ekintzak. 10:30ean hasita, Arabako Errioxako dantza taldeen emanaldiek girotuko dituzte Lantziegoko kaleak. Ondoren, 11:00etan, pregoia eta ekitaldi ofiziala izango dira.

Eguerdian, berriz, 29. Ardo Lehiaketa izango da, eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. Ospe handiko ardo dastaketa bihurtu da. Horietaz gain, umeentzako jolasak eta ekintzak ere izango dira egun osoan: musika, kalejira, artisau eskola...

Jaiaren enbaxadoreak

Arabako Errioxako herritarrek antolatu zuten festa hau lehenbizikoz, bertako produkturik kuttunena goraipatzeko helburuarekin. Urte hauetan guztietan jaialdia berritu eta modernizatu egin da, eta urtero herri batean egin izanak jaialdi bakoitza berezia eta bakarra bihurtu du. Izan ere, herri bakoitzak bere berezitasunak eta ohiturak ditu. Halere, eskualdeko herri guztiek hartzen dute parte urteroko antolaketan.

1994tik, Arabako Errioxako mahats bilketaren lehen aldia ospatu zenetik, asko izan dira pregoilariak; kirolarekin edo komunikabideekin lotutako pertsona ospetsuak izan dira gehienak, eta Arabako Errioxako ardoaren kalitatea aldarrikatzeko bozgorailu izan dira. Horri esker, eskualdeko enbaxadore bihurtu dira.

Aurten Eneko eta Iker Pou anaia eskalatzaileak izango dira pregoilariak. Peruko bide bat eskalatzen ari zirenean jaso zuten proposamena, eta berehala onartu zuten Itziar de Alaba Martinez de Icaya Lantziegoko alkatearen gonbidapena; izan ere, betidanik, oso harreman estua izan dute Arabako Errioxarekin eta bertako ardoarekin.

«Arabako Errioxarekin dugun harreman estuagatik ilusioz beteriko aukera gisa jaso genuen proposamena». Are, Arabako Errioxako ardoak haien bidaietan garrantzitsuak direla azaldu zuten: «Oraingoan, Hego Amerikan aurkitu ditugu, baina orokorrean leku guztietan ikusten ditugu. Gainera, gustatzen zaigu esatea kalitatezko ardoak egiteko hain pribilegiatua den leku honetatik berrogei minutura bizi garela».

Mahats bilketaren festa

Bihar, 10:00etan hasita, Lantziegon (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.