Itzulera Erdi Arora

23. Erdi Aroko Azoka izango dute gaur eta bihar Balmasedan. Artisau lanbideen 200 postu inguru jarriko dituzte

San Severino plazan egiten den herritarren antzerkiko irudi bat. BALMASEDAKO UDALA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bizkaiko herririk zaharrena da Balmaseda,1199. urtean sortu zen, hain zuzen. Urtero garai hartara bidaiatzeko aukera du herriak Erdi Aroko Azokaren bitartez, eta gaur eta bihar egingo dute. Egitarau zabala antolatu dute, herria hiru gune nagusitan banatuta. Horkasitas jauregian haurren txokoa eta aisialdirako guneak egongo dira; San Severino plaza artisauak eta erakusketa tailerren txokoa izango da, eta jateko postuak ere egongo dira; eta San Juan plazan azoka arabiarra egongo da. Antolatzaileek 70.000 bisitari inguru gerturatzea espero dute.

Nolakoa zen, bada, Erdi Aroko Balmaseda? Galdera horri erantzuteko asmoz, Enkartur-ek errealitate birtualean egin ahal izango diren bisitak antolatu ditu. Horkasitas jauregian izango dira bisitak, eta hamabost minutuko txandetan banatuko dira. XV. mendean herria nolakoa zen, eta jada ez dauden eraikinetako asko ikusteko aukera emango du bisitak. Esperientzia doakoa izango da. Gaur 10:00etatik 13:00etara, eta 16:30etik 19:30era izango dira bisitak. Bihar goizez bakarrik egongo dira, 10:00etatik 13:00etara.

Aurtengo azokaren afixak laguntzen du garai hartako herria irudikatzen. Javier Etxeberriak egindako irudia da, 1487ko Balmaseda irudikatzen duena.

Antzerkia

Gaur 11:00etan inauguratuko dute azoka. San Severino plazan Zirko Loretsuak taldeak emango du pregoia. Jarraian, 12:00etan, 400 bat herritarrek antzerkia egingo dute. Urtero herriko gertaera bat izaten du ardatz antzerkiak, eta aurten Balmasedako bi familien arteko etsaitasuna izango dute hizpide, De la Fuente eta Aheda familiena hain zuzen. XIV eta XV. mendeen artean bizi izan ziren bi familia boteretsu izan ziren.

Festa eta giroa ez dira faltako ez gaur eta ezta bihar ere. Guztira 200 artisau postu inguru egongo dira San Severino plazan eta inguruko kaleetan. Gainera, hamazazpi animazio talde izango dira guztira, herriko txoko desberdinetan, ikuskizunak zein kale antzerkiak eskainiz. Horietako batzuk izango dira Zirko loretsua, Amalurra, Upsala, Loa Trovadoresca eta Entract, besteak beste.

Egunak biribiltzeko, bai gaur eta baita bihar ere, gaueko ikuskizunak egongo dira San Severino plazako agertokian. Gaur, 22:30ean Igual y Cia del Foc su etxeak Aurum ikuskizuna emango du. Aurtengo azokarako bereziki prestatutako ikuskizuna izango da, tamaina eta kolore askotako argiz betea. Ondoren, Upsala taldeak kontzertua emango du. Bihar, Igual y Cia del Foc-ekoek sute simulazio bat egingo dute 22:30ean. Su gurpilak, su hotza, sugarrak, suarekin sortutako irudi geometrikoak... ikusi ahal izango dira, esaterako.

Erdi aroko azoka

Gaur eta bihar, egun osoan, Balmasedan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.