Bizitza amildu ez dadin

Osasun arloko adituek eta mendizaleek uste dute erreskate taldeetan medikuak edo erizainak joateak heriotzak gutxituko lituzkeela, baita erreskateak humanizatuko ere. Mendizaleen formakuntza ere beharrezkoa iruditzen zaie istripuak gutxitzeko.
BERRIA

Izaro Zinkunegi Barandiaran. Ainize Madariaga -

2019ko apirilak 13
Zauritu bat dagoen momentutik, osasun arloko profesional batek egon beharko luke». Sendoa Ballesteros EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta erizainaren hitzak dira. Mendiko istripuei buruz ari da. Haren iritziz, erreskate horiek osasun publikoko arazo bat bihurtu dira; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erreskateak ikertu ditu, eta azken hamarkadan ugaritu egin dira, lehen halako bi. Hilkortasun tasa ere goraka doa.

Ballesterosek, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko erizain batek eta osasungintzako beste zenbait profesionalek berriki egin duten ikerketak gorriz markatu du 2018. urtea: 1996tik 2018ra arteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mendiko erreskateen bilakaera aztertu dute, Ertzaintzaren Erreskate Unitatearen datuetan oinarrituta. Azken urteotako datu txarrenak dira iazkoak: 267 mendiko erreskate egin ziren, eta hamazazpi hildako izan ziren.«Hildakoen kopurua azken bi hamarkadetako altuena da; %4,4ko hilkortasun tasa izan zen iaz», azaldu du.

Horregatik, erreskate taldeetan medikuek edo erizainek joan beharko luketela uste du Ballesterosek. Bat dator Asier Alonso Osakidetzako Larrialdietako erizaina ere —ikerketa taldeko kidea da—. «Erreskate kopuruak igo egin dira, eta erreskateen %75ean arrazoi sanitarioak daude: hausturak, bihotzekoak... Baina ez doa mediku edo erizainik». Argitu du lehenengo minutuak garrantzitsuak direla: «In situ artatzen ez bada, denbora galtzen ari gara ospitalera iritsi arte. Urrezko ordubetea esaten diogu horri».


Adituen ustez, zauritua tokian bertan artatzeak asko jaitsiko luke hilkortasun tasa. BERRIA.

Ikertzaileak nola, Iñaki Garai Euskal Mendi Federazioko teknikaria ere osasungintzako profesionalak joatearen aldekoa da. «Erreskatatzaileek bermatuko dute erreskate on bat egitea, baina zaurituak dauden istripuetan lehenengo diagnostikoa eta artatzea mediku batek egin behar ditu». Herri eta hirietako larrialdiekin alderatu du Mikel Valdivielso Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioko kideak: «Hirian edo errepidean bezala, beharrezkoa da mendian ere medikuak egotea».

Hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan suhiltzaileak edo Ertzaintza joaten dira erreskateetara, kasuaren eta tokiaren arabera. Handik osasun etxera, anbulantziara edo helikoptero medikalizatuetara lekualdatzen dituzte zaurituak. «Lehenengo sorospeneko ezagutza daukate, baina ez dira osasungintzako langileak», adierazi du Ballesterosek.

Nafarroan ere suhiltzaileak eta Guardia Zibila arduratzen dira erreskateez; azken horiek egiten dituzte helikoptero bidezkoak. Haatik, laster suhiltzaileak hasiko dira. Juantxo Cisneros suhiltzaileen erreskate taldeko sarjentuak aurreratu duenez, suhiltzaileen helikoptero batek egingo ditu erreskateak. Medikurik ez da joango han, helikopteroaren ezaugarriak direla eta. Hala ere, lotura zuzena izango du osasun arloko profesionalekin: «Mediku eta erizain talde batek formazioa jaso du, eta hiru anbulantzia medikalizatu egongo dira erreskateetara joateko».

Ipar Euskal Herrian ere suhiltzaileak eta jendarmeak arduratzen dira erreskateez. Alta, Aurelien Larroque mendiko suhiltzaileen larrialdi taldeko kideak azaldu duenez, medikuak ere joaten dira zenbait kasutan: «Larrialdi deiak suhiltzaileek erregulatzen dituzte; kokapena zehaztu ostean, larrialdietako medikuntza zerbitzuaren, biktimaren eta suhiltzaileen arteko telefono konferentzia bat egiten dugu». Medikuntza zerbitzukoek erabakitzen dute mediku bat igorri ala ez, larritasunaren arabera.


2013tik 2014ra %75 igo ziren erreskateak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. BERRIA.

Medikuak joanez gero, hilkortasun tasa jaisteaz gain, erreskatea «humanizatzea» lortuko litzateke , Ballesterosen arabera. «Mina duen pertsona baten egoerak erreskatea zaildu dezake; mina kontrolatzea lortzen bada zauritua lekuz aldatu aurretik, erreskatea asko erraztu eta humanizatuko du». Alonsok gehitu du nagusiki jende gaztea artatzen dela, eta momentuan artatuz gero ondorio gutxiago izango lituzketela, baita ospitaleratze gutxiago ere.

Ezagutza tekniko falta

Heriotza eta hilkortasun zifrez gain, azken urteotako mendiko erreskate kopuruaren goranzko joerak kezkatu ditu ikerlariak. Bilaketa lanak gutxi-asko antzera mantendu badira ere, erreskateak goraka doaz. Bada, gainera, nabarmen igo den urte bat, ikerketak erakutsi duenez: «2013tik 2014ra, 153 erreskate izatetik 252 izatera igaro zen. Beste modu batera esanda, %75 igo zen erreskate kopurua», adierazi du EHUko irakasleak. Harrigarria bada ere, urtebete lehenago jarri zen indarrean erreskateak ordaintzeko legea. «2012an, erreskate kopuruak gora egin zuela ikusita, disuasio neurri bat jarri zuten: egoera jakin batzuetan, erreskatatutako pertsonak erreskatea ordaindu beharra zeukan». Datuek erakusten dutenez, neurriak ez zuen funtzionatu.

Uste dute mendizaletasuna areagotzeak eragin zuzena duela erreskateen gorakadan. Gailurrak milaka pertsonaren topagune izaten dira asteburuetan. Askotariko jarduerak egiten ditu jendeak: alpinismoa, eskalada, espeleologia, txirrindularitza... Turismo politikek eragina izan dute horretan, Ballesterosen iritziz. «Herrialde askok erakargarri turistiko moduan erabiltzen dituzte mendia eta abentura kirolak».

Bestetik, Decathlon eta Calleja efektuek ere eragina dutela ondorioztatu dute, nola mendizaletasuna areagotzean, hala istripuak ugaritzean ere. «Jendeak kirol material egokia dauka, baina formakuntza tekniko eskasa». Antza denez, istripuetako asko esperientzia faltari lotutakoak izaten dira. Horregatik, nabarmendu du beharrezkoa dela mendizaleen eta hara doazenen formakuntza eta sentsibilizazioa lantzea ere.


Larrialdietan eta mendian adituak diren osasun langileak nahi dituzte. BERRIA.

EMFko teknikaria ere bat dator; azaldu du azken urteotan klubekin eta federazioekin harremanik ez duen jende asko joaten dela mendira. «Jendeak Internet bidez lortzen du informazioa, eta ezagutzarik gabe joaten dira batzuk: lehenengo mailako materialarekin, baina formakuntza gutxirekin». Garaik esan duenez, federazioak aspalditik du medikuen aholkularitza zerbitzua, klubei laguntzeko. «Larrialdietako lehenengo mailako ikastaroak ditugu klubentzat. Mendizaleei erakutsi nahi diegu garrantzitsua dela ondo planifikatzea eta hornitzea, baina, batez ere, ondo jokatzea».

Datuak mahai gainean daude; baita ondorioak eta arrazoiak ere. Horiek ez ezik, ereduak ere plazaratu dituzte: Aragoin (Espainia), mediku eta erizainak joaten dira erreskateko helikopteroetan. «Ia hogei urte daramatzate, eta hilkortasun tasa %60 murriztea lortu dute». Alonsok gertutik ezagutzen ditu Aragoiko erreskateak; hain zuzen, mendiko larrialdi eta erreskateetako masterra egin zuen bertan. «Argi dago, batetik, larrialdi medikoak ezagutu behar direla, baina, bestetik, beharrezkoa da mendia ezagutzea ere». Hori da, hain zuzen, ikerlariek nahiko luketen medikuaren profila. Taldea egokitzearekin batera helikopteroak prestatzea ere beharrezkoa dela adierazi du Ballesterosek. «Gaur egun, lehen sorospeneko botika kutxa daukate; oinarrizko baliabide medikoak egon beharko lirateke».

Mendi federazioetako kideak ere erreskate taldeak aldatzearen aldekoak dira. «Europan, erreskate zerbitzuak medikalizatuta daude oro har; formalizatuta dago. Oso ohikoa da medikuekin lan egitea», azaldu du Garaik. Valdivielsok ere iritzi bera du; Frantziako eredua plazaratu du hark: «Mendiko jendarmeak edo suhiltzaileak joaten dira. Haiekin batera, mediku edo erizain bat eta mendiko gida bat ere badoaz». Haren aburuz, herrialde guztietarako protokolo bat zehaztu beharko litzateke. Halaber, elkarlanaren eta malgutasunaren beharra nabarmendu du; esaterako, bi herrialderen mugan gertatutako istripuetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna