Iñaki Alkiza. Realeko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente izandakoa

«Reala ondo ikusten dut: Aperribairekin zituen balioak berreskuratu ditu»

Futbola eta politika izan ditu ofizio eta afizio Alkizak. Realeko jokalari izanda, amets bat bete zuen; presidente kargura, berriz, espero gabe iritsi zen. Politikan laguntzeko sartu zela dio.

JON URBE, / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hark jarri zuen Donostiako Anoeta zelaiko lehen harria, Xabier Albistur alkatearekin batera, eta, hain zuzen ere, han ondoko taberna batean egin du hitzordua Iñaki Alkizak (Donostia, 1933), ia hamar urtez Realeko presidente izandakoak —1983-1992—. Kargurik ez edukitzeak dakarren lasaitasunarekin mintzo da futbolaz, eta baikor da Realarekin. «Harrobia ondo ari dira lantzen; lasaitasuna behar da». Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente eta Donostiako Udaleko zinegotzi ere izan zen. Baina gogo gutxiagoz hitz egiten du politikaz. Dena den, gertutik erreparatzen ari zaie Eskoziako eta Kataluniako prozesuei. Bakea «sendotuta» ikusten du Euskal Herrian.

Donostiako Herrera auzoan jaio zinen, eta egun han bizi zara. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Herreran jaio nintzen, baina ama 4 urte nituenean hil zen, eta handik Altzara joan ginen aita eta hiru anai-arrebak. Ezkondu eta gero bueltatu nintzen Herrerara. Ume nintzela, bete-betean bizi izan nituen 1936ko gerra eta frankismoa. Gogoan dut nola sartu ziren karlistak Donostiara. Gure etxe aurretik pasatu ziren, kamioi handi batzuetan. Aita frontera eraman zuten. Gerra amaitu, eta Irunera eraman zuten soldadu. Ondoren, Ondarretako kartzelara destinatu zuten.

Asko aldatu al da Herrera?

Bai, asko. Garai hartan, hirurehun bat pertsona bizi ziren Herreran, eta beste horrenbeste Altzan; egun, milaka bizi gara. Horrek aldaketa handia ekarri du. Lehen denok elkar ezagutzen genuen, eta orain, ez. Dena den, Donostian oso auzo izaera handia dago. Nongoak garen galdetu, eta ez dugu esaten Donostiakoak garela, baizik eta, nire kasuan, Herrerakoa. Nortasun horri eutsi zaio.

Txikitan ikasi zenuen euskara?

Bai. Amak eta aitak irakatsi ziguten. Herreran oso jende gutxik hitz egiten zuen. Altzara joatean, berriz, gehiagok zekiten.

Lagunekin hasi al zinen futbolean jokatzen?

Bai. Altzan frontoi bat zegoen, eta han aritzen ginen jolasean: bai pilotan, bai futbolean.

Nork oparitu zizun lehen baloia?

Amaren izeba batek. Lekaime zegoen Zaragozan, eta amarekin bisitatzera joan ginen. Baloia gomazkoa eta zuria zen.

Espero zenuen Realean jokatzera iristea? Nola iritsi zen aukera?

Ume guztiok genuen amets bat zen, baina sekula ez duzu espero bete daitekeenik. Herrera Kirol Elkartean eta Hernanin jokatu nuen. Oso oroitzapen politak ditut. Zelaiak belarrezkoak ziren, baina belar txarrekoak, eta botak ere, hala moduzkoak. Baina oso partida lehiatuak jokatzen genituen. Soldaduskara joateko adina iritsi zitzaidan. Afrikara bidali nahi ninduten, baina ozta-ozta libratu nintzen. Azkenean, Getafera joan nintzen, baina bi hilabete baino ez nituen egin. Behin betirako Hondarribira destinatu ninduten; zorte handia izan nuen. Askok galdetzen zidaten goi karguren baten semea ote nintzen. Hondarribian egonda, aukera izan nuen Hernanirekin jokatzen jarraitzeko. Atotxan final bat jokatu genuen, eta handik bi egunera Realak deitu zidan. Astebete aritu nintzen haiekin entrenatzen, eta fitxatu egin ninduten. Soldatatxo bat kobratzen genuen, baina nik beste lan bat ere banuen. Izan ere, familiak likore enpresa bat zuen, eta han lan egiten nuen. Entrenatzera joateko tartea libre uzten zidaten.

Atletico Madrilen kontra egin zenuen debuta. Nola duzu gogoan egun hura?

Salvador Artigas zen entrenatzaile. Lau eta bost irabazi genuen. Baina aurrelari moduan jokatu arren, eta ez nuen golik sartu. Bada bitxikeria bat horren inguruan: egunkari batean golegileetako bat izan nintzela jarri zuten.

Sei denboraldi egin zenituenRealean, eta jokatutako 73 partidetan bederatzi gol sartu zenituen. Pozik datuekin?

Sei urtean denetik egon zen: gauza onak eta txarrak. Baina, oro har, oso oroitzapen politak ditut. Gaur egun bezala, Athleticen eta Real Madrilen aurkako partidak oso bereziak ziren. Bernabeun jokatutako partida bat ez dut sekula ahaztuko. Aurretik jarri ginen, baina gero berdindu egin zuten. Bost minutu falta zirela, epaileak penaltia adierazi zuen gure alde. Zaleak oihuka hasi ziren, eta ez ziguten utzi penaltia botatzen. Azken minutuan Di Stefanok gola sartu, eta galdu egin genuen.

Gogorra izan zen futbola uzteko erabakia?

Giltzurrun batean arazoak izaten hasi nintzen. Azkenean, kendu egin zidaten. Ezin nuen besterik egin.

Handik gutxira, Jose Luis Orbegozo presidenteak Realeko zuzendaritzan sartzea proposatu zizun. Proposamena onartzea kosta egin al zitzaizun?

Niri gehiago kostatu izan zait ezetz esatea, baietz esatea baino. Beraz, proposamen hura ere onartu nuen. Ohore handia izan zen Jose Luisekin [Orbegozo] lan egitea: asko ikasi nuen. Kirol eta ekonomia ikuspegitik, kudeaketa ezin txukunagoa egin zuen, eta batez ere lortu zuen Reala ez izatea soilik Donostiako talde bat, baizik Gipuzkoa osokoa. Hori izan zen haren ekarpenik handiena. Bi ligak irabaztea ikaragarria izan zen; inork ez zuen espero.

Orbegozo ordezkatzea egokitu zitzaizun; ez zen erraza izango.

Erronka eta ardura handia zen. Inork ez zuen kargua hartu nahi, haren lana berdintzea zaila baitzen. Azkenean, nik hartu nuen. Lehen urte haietan gauzak ez ziren oso ondo joan: taldea gain behera joan zen. Zorte txarra izan genuen lesioekin.

Nolako harremana zenuen orduko jokalariekin?

Ona eta errespetuzkoa. Dena den, aldagela sakratua zen haientzat: hara ez zen inor sartzen. Futbola ez zen gaurkoa; orduan ez zegoen, adibidez, ordezkaririk. Askotan, kontratuak nire etxean negoziatzen ziren. Jokalariak emaztearekin ere etortzen ziren negoziatzera.

Taldea gaizki joanda, erabaki zail bat hartu behar izan zenuen:taldea txapeldun egin zuen Alberto Ormaetxea entrenatzailea kargutik kentzea.

Batzuek ulertuko zuten, eta besteek ez, baina hartu beharreko erabakia zen. Oso denboraldi txarrak egiten ari ginen, eta hark ere ez zuen ikusten hobetzeko aukera handirik.

Gero John Toshack etorri zen.

Gure asmoa beste entrenatzaile bat fitxatzea zen, baina azkenean entrenatzaile horrek ezetz esan zigun, eta Toshack fitxatzea gomendatu ziguten. Gauza on asko egin zituen, lehen urteetan batez ere. Baina oso pertsona berezia zen.

Zuen harremana ez zen ondo amaitu, zure semea, Bittor, saltzeko erabakia dela eta.

Ni presidente nintzela, esan zidandiru pixka bat atera genezakeela salduta. Nik esan nion presidente izanda ez nuela halakorik egingo. Nik kargua utzi eta bi hilabetera, ordea, Realetik deitu zidaten, esanez Athleticekin ados jarri zirela semea saltzeko. Semea Esako urtegian zegoen oporretan. Deitu, eta berehala itzuli zen; hark ez zuen joan nahi. Baina nik John [Toshack] ondo ezagutzen nuen, eta semeari argi esan nion joaten ez bazen kontratua amaitu arte jokatu gabe egongo zela. Azkenean, Athleticeko ordezkariekin hitz egin, eta konforme geratu zen. Toshackek Luis Garcia mexikarra fitxatu nahi zuen.

Kargua utzi aurretik, Realarentzat erabakigarriak izan ziren hiru gauza egin zituen zure zuzendaritzak: berriro atzerritarrak fitxatzen hasi, kluba elkarte anonimo bihurtu eta Anoetako proiektua martxan jarri.

Aurrelaririk gabe ginen, eta [John] Aldrigen aldeko apustua egin genuen. Abuztua zen, eta egun batzuk lehenago niri ebakuntza egin zidaten bihotzean. Osatu berritan joan nintzen fitxatzera. Uste dut oso fitxaketa ona izan zela. Profesional paregabea zen, eta familia hemen bizitzera ohitzen ez zelako joan behar izan zuen. Pena handia eman zidan. Uste dut hasierako atzerritarren fitxaketan asko asmatu genuela. Kluba elkarte anonimo bihurtzea ere garrantzitsua izan zen. Ez dago ondo nik esatea, baina uste dut asmatu genuela nola egin. Anoetara aldatzea ere beharrezkoa zen. Hori dena lotuta edukita eta semea lehen taldean egonda, uzteko garaia zela iruditu zitzaidan.

Egun nola ikusten duzu kluba?

Anoetara igandero joaten naiz. Kluba ondo ikusten dut. Gorabehera handiko urte batzuen ostean, [Jokin] Aperribairekin egonkortasuna berreskuratu du. Oso lan txukuna egiten ari da, eta klubak beti izan dituen balioak berreskuratu ditu. Harrobia ondo lantzen ari dira. Egongo dira aste gogorrak, Eibarren eta Krasnodarren kontra galdu ostean bezala, baina lasaitasuna behar da. Taldea goian ibiliko da.

Politikan ere ibili zinen. Noiz hasi zinen horretan?

Frankismo garaian, klandestinoki. Gazte talde bat biltzen ginen, eta Altzako frantziskotarretan egiten genituen bilerak. Ondoren, EAJtik deitu zidaten Donostiako Udalean zinegotzi izateko, eta baietz esan nien. Baina gero utzi egin nuen, etxean lan egin behar nuelako. Ondoren, berriro etorri ziren zinegotzi izateko proposamena eginez, eta onartu egin nuen. Ramon Labaien zen orduan alkate, eta ondoren Albisturrekin ere egon nintzen. Beharra ikusten nuen laguntzeko; batez ere, lehen aldian, frankismoa bete-betean baitzegoen.

EAJtik EAra pasatu zinen.

EAJ banandu zenean, Gipuzkoako gehienak Garaikoetxearekin joan ginen; ni ere bai.

Batzar Nagusietan egindako urteez zein gogoeta?

Politak izan ziren. Izan ere, ordezkaritza postu bat izan nuen, kudeaketa postu bat baino gehiago. Nolabait, ardura txikiagoa zen.

Egun nola ikusten duzu egoera politikoa?

Politika duela hamar urte utzi nuen, eta, alde horretatik, urruti ikusten dut. Egoerari dagokionez, bakea sendotuta ikusten dut. Egokia litzateke alderdi abertzaleak batzea, baina, ez dakit zergatik, ezinezkoa da.

Eskoziako eta Kataluniako prozesuak nola ikusten dituzu?

Garrantzitsua izango da hilaren 18an Eskozian zer gertatzen den ikustea. Badirudi azken egunetan baietza nagusitzen ari dela. Baikor izan behar dugu. Atzetik etorriko da Kataluniakoa. Guk ere hasi genuen bidea Ibarretxeren garaian, baina gero bazterrean geratu zen. Eskoziakoa eta Kataluniakoa aurrera ateratzen badira hemen ere gauzak mugituko direla espero dut.

Non da zailagoa kudeaketa: futbolean edo politikan?

Politikan, nahiz eta futbolean ere handia den presioa. Hura ere jende askok ikusten du, eta ez da zeregin erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.