Kolonbia. Bake prozesua. Jairo R. Cala eta Sandra Ramirez. FARCen diputatua eta FARCen senataria

«Orokorra da akordioaren krisia, estatua eta gizartea modernizatzeko itun bat izaki»

Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea (FARC) alderdiaren ordezkariek uste dute gerrillari ohiak gizarteratzeko prozesua «aldi oso zailean» dagoela. Salatu dute Kolonbiako Gobernua ez dela bake akordioa betetzen ari.

ORSOLA CASAGRANDE.
Orsola Casagrande Jose Miguel Arrugaeta
Bilbo
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Kolonbiarrak dira Griselda Lobo (La Paz, Kolonbia, 1964) —Sandra Ramirez ere esaten diote— eta Jairo Reinaldo Cara (Palmar, Kolonbia, 1964); senataria da Ramirez, ganberako ordezkaria Reinaldo, eta bi-biak dira FARC alderdiko kide, garai bateko FARC-EP gerrillaren oinordeko zuzen den horretakoak. Hurrenez hurren, 35 eta 36 urtean jardun dute militantzia armatuan, eta konpromiso sakon eta sendoa dute. Europan barrena dabiltza bira politikoan, jendeari esplikatzearren gobernua zer ez den betetzen ari Habanako Bake Itunetatik, eta bake prozesu hori zer-nolako egoera larrian dagoen oraintxe gerrillari ohien eta buruzagi sozialen eta laborarien erailketa sistematikoa dela eta.

Euskal Herrian egon diren bitartean, hainbat topaketa egin dituzte batzuen batzuekin: Eusko Legebiltzarreko hautetsiekin, eta EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekin Podemosen ordezkariekin.

Zer helburu ditu Europan egiten ari zareten bira politikoak?

SANDRA RAMIREZ: Gure alderdiak eginkizun bat jarri zigun: bira bat egitea Europako hainbat herrialdetan barrena, munduari ezagutarazteko zer ez den betetzen ari Bake Itunetatik, zer aurrerabide egiten ari diren hura ezartzeko, bai eta gure herrialdean zer krisi humanitario dugun ere, gure alderdiko buruzagi eta militanteen erailketa sistematikoa dela eta; Europako Batasuna sentsibilizatu nahi dugu gure herrialdean gertatzen ari diren egintza ezinago larri horien inguruan.

JAIRO R. CALA: Borrokalari ohiak gizarteratzeko prozesua aldi oso zailean dago, bermerik eza dela eta; beste horrenbeste gertatzen da lurralde nazionalean gertatzen ari diren erailketei dagokienez, bai eta borrokalari ohiak jarduera ekonomikora legearen arabera iragateko bideari dagokionez ere; gobernuak ez du bete oinarrizkoa den hori ere, hots, lurra entregatzea FARC-EPko borrokalari ohi garen ia 13.000 laborarioi, lurra ezinbestekoa baitugu gure ekoizpen jarduerari ekiteko.

Zuen iritziz, zer erantzukizun du nazioarteko komunitate deritzon horrek Bake Itunak aplikatzeari dagokionez?

S.R.: Elkarrizketei ekin genienean, nazioarteko komunitatearen babesa geneukan, berme emaile eta laguntzaile ziren herrialdeena; horrez gainera, ituna errotu egin zen Bernan, itun berezitzat jo zutelarik Genevako Itunean, eta NBEren Segurtasun Kontseilura ere eraman zuten; hortaz, gure ituna nazioarteak blindatuta dago, eta horrexegatik gaude hemen, nazioarteko komunitateari sentiarazteko benetan esku hartu beharra daukala ituna gure herrialdean ezartzeko prozesuan.

Zehazki, zertan inplikatu beharko luke Europak?

J.R.C.: Bada egoera bat kolonbiarrentzat oso larria dena: Kolonbiako laborarien giza eskubideak urratuta daude, gobernuak iragarri berri baitu glifosato bidez fumigatzeari ekingo diola berriro ere nazioaren lurralde osoan. Egoera ezinago konplexua izango da gizarteari nahiz ingurumenari dagokienez, eta alerta egoera horretaz ohartarazi nahi dugu Europa. Horrez gainera, hauxe esan nahi diegu: dohaintza emaile anitzek Kolonbian bakea eraikitzeko eratua duten funtsean beren ekarpena egiten ahaleginduagatik ere, funts horiek ez dira betetzen ari bete asmo zituzten helburuak. Gure ustez, Europako nazioek modu esanguratsuan esku hartu behar dute baliabide horien jomugak aldatzeko, modu eraginkorrean lagun dezaten herrialdean bakea eraikitzen.

Bete ez diren kontu horiez gain, esanguratsu deritzozuen beste zer ez da bete?

J.R.C.: Orokorra da itunaren krisia, estatua eta gizartea modernizatzeko itun bat izaki. Horretara jotzen dute itunean hitzarturiko puntu guztiek, eta, funtsean, jomugan dute arazo bat konpontzea, Kolonbian oso korapilatsua dena: gatazka horrek landa eremua du sorburu, eta, hortaz, itunaren 1. eta 4. puntuen xedea da eraldaketa oso garrantzitsuak egitea landa eremuetan. Bide orri bat aurkitzea laborarien arazoak konpontzeko: horra itunaren helburu nagusietako bat.

Badira bete ez diren beste zenbait alderdi ere: esaterako, jarduera politikorako eta erakunde sozialen jardunerako segurtasunaren arlokoak. Atzeneko itunaren 3. eta 4. puntuan, hainbat segurtasun mekanismo agertzen dira narkotrafikoaren eta talde paramilitarren ondasunak bilatuak eta jazarriak izan daitezen, eta, hala, estatuak horiek desegiteko estatu politika bat gara dezan; hori ez da bete oraindik.

Ivan Duque presidenteak hainbat neurri iragarri zituen duela aste eta erdi, gerrillari ohien osotasun fisikoa bermatze aldera. Zuen iritziz, gobernuak ba al du helburu hori betetzeko borondate politikorik?

S.R.: Gobernuak ez du borondate politikorik. Bozen kanpainatik hasita, [ivan] Duquek [Kolonbiako presidenteak] esan zuen txiki-txiki egingo zuela ituna, eta horretan ahalegindu da.

Bermeei dagokienez, instantzia batzuk onartu zituzten, bazeuden itunean lehendik; ez dira berriak, hitzartu zenaren parte dira: hala nola bermeen batzorde nazionala, zeina urtarrilean bildu baitzen lehenbizikoz, baina uztailean gaude, eta harrezkero ez da beste batera ere deitu. Eskoltei dagokienez, badugu segurtasuna, baina ez da nahikoa. Hori bermatzeko, talde paramilitarrak ere desegin behar lirateke, baina gobernuak ez ditu desegin; hori ere hitzartu zirenetako puntu bat da.

Murriztu beharra dago itun bat sinatu genuenokiko erabili ohi den hizkera ezinago biolento hori; guk itun bat sinatu genuen bakea eraikitzeko, herrialde berri bat eraikitzeko, ez gu erail gaitzaten.

Litekeena al da Kolonbiako gaur egungo egoeratik abiatuta indarkeria estrukturalak bere hartan jarraitzea herrialdean? ?

J.R.C.: Herrialdearen historiaren abagune bakoitza konnotazio desberdinak hartzen ari da. Nire ustez, nazioarteko komunitateari ahalegin bat egitea eskatzen ari gatzaizkio Kolonbian bakea burutan ateratzeko, eta, horretarako, beharrezkoa da estatu politika bat: batetik, jada sinatua dagoen itun hori ezartzeko; eta, bestetik, ELNrekiko elkarrizketa prozesuarekin segitzeko eta ibilbide eraginkor bat ezartzeko paramilitarismoa mendean hartzeko. Munduan gertatu diren negoziazio prozesu guztietan izan da prozesuari atxiki ez zaion jendea, baina Kolonbia uste dugu salbuespen bat dela; gaur-gaurkoz, denik eta txikiena da jarduera horretara itzuli den jendearen ehunekoa.

FARC-EPko zenbait gerrillari —goi buruzagiak eta erdiko mailakoak— urrundu egin dira itunetatik, eta ez dituzte betetzen haietan harturiko konpromiso batzuk. Zer iritzi duzue horri buruz?

J.R.C.: Zenbait kidek babes neurriak hartzea erabaki dute; gure ustez, modu aktiboan parte hartzen dugunok sendotu behar dugu prozesua: FARC-EPko gerrillari ohiek, estatuak eta nazioarteko komunitateak. Horregatik gaude hemen: uste dugulako prozesu honek sendotu egin behar duela, kontinentearen onerako, baita nazioarteko komunitatearentzako jomuga moduan ere.

Eta zer jarrera du FARCek halako jokamoldeen inguruan?

S.R.: Ituna eta bakea ezartzea ez dago norbanako batzuen baitan; nazio osoarekin du zerikusia. Prozesuak ez dira lerro zuzenak, nahiko genukeen moduan; gorabeherak dituzte, eta horietako lehena izan da gobernuak berak ez betetzea gizarteratzearen inguruko konpromisoa; eta horrek hainbat jokamolde harrarazi dizkie kideetako batzuei, eta banakako ekintzak egin dituzte, gu guztiok aho batez hitzarturikoaz bestera. Kide horiek ez daude prozesutik kanpo; bai, ordea, gure alderdiaren ildotik kanpo, eta hori argi eta garbi esan beharra dago.

J.R.C.: Borroka armatuari lotzea erabaki genuenean, modu kolektiboan erabaki genuen; armak uzteko erabakia hartu genuenean, modu berean erabaki genuen; beraz, edozer erabakitzen dela ere —ezkutatzea, ekintza prebentiboren bat egitea—, alderdiaren ekintza bat izan behar du, ezin die men egin ezein norbanakoren erabakiei. Zera esaten diogu mundu guztiari: talde kohesioan datzala prozesu honen jarraitutasunaren aginpide morala, eta denok hor egon behar dugula gaur egungo FARC alderdia osatzen dugun 13.000tik gora gerrillari ohiok hartu genuen erabakia babesteko, alderdiaren politika bat eta bakarra baita.

Testuinguru zailean iritsi dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.