Kolonbia. Bake prozesua

Testuinguru zailean iritsi dira

NBEren ordezkaritza bat Kolonbian da bake akordioaren ezarpena aztertzeko. Ituna sinatu eta ia hiru urtera, hilketak, erasoak eta aurrekontu murrizketak ugaritu dira

ander perez zala
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Kontseiluaren ordezkaritza bat Kolonbian da atzodanik, 2016an sinaturiko bake akordioaren ezarpena aztertzeko. Oraindik ikusteko dago talde horrek zer ondorio aterako dituen —etzi amaituko du bisita—, baina urteotako gertakariek agerian utzi dute bake prozesua ez dagoela osasuntsu. Testuinguru zaila dute Kolonbian, bakea finkatzeari dagokionez.

Alemaniako, Belgikako, Txinako, Boli Kostako, Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako, Ekuatore Gineako, Indonesiako, Kuwaiteko, Peruko, Poloniako, Erresuma Batuko, Dominikar Errepublikako, Errusiako eta Hegoafrikako ordezkarien bisitaren bezperan, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadaren (FARC-EP) bi gerrillari ohi hil zituzten; horiek batuta, 140 inguru dira bake akordioak sinatu zituztenetik hil dituzten gerrillari ohiak. Horien 31 senide ere hilik aurkitu dituzte.

Testuinguru horretan, FARC-EPren oinordeko Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea (FARC) alderdiaren senatari Julian Gallok atzo ohartarazi zuen gerrillari ohiek «mehatxuak» jasotzen dituztela, eta salaketa bat aurkeztu zuen herrialdeko fiskaltzan: «Fiskaltzaren Ikerketa Unitate Berezira etorri gara mezu batzuei buruz aritzera. Gure ustetan, horiek modu batera frogatzen dute FARC alderdiaren agintariei eraso egiteko plan bat dagoela».

Gallok ez zuen xehetasunik eman mezu horien edukiaz edo mehatxatuta sentitu diren alderdikideez; ikerketa bat abiatzeko eskatzera mugatu zen, eta kritiko agertu zen gobernuarekin: «Kolonbiako Estatuak ez du lortu bakea sinatu zutenen segurtasuna bermatzea».

Buruzagi sozialen kasua ere deigarria da. Programa Somos Defensores gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) apirilean eman zuen errealitate horren berri: iaz giza eskubideen aldeko 155 ekintzaile hil zituzten, duela bi urte baino %46 gehiago; 2017an, 106 izan ziren hildakoak —dokumentaturiko kasuez ari da—. Eta, kasuen gehiengoan, ezin izan dute argitu nor den hiltzailea, ezta zer talde armatutakoa den ere. Buruzagi sozialen aurkako erasoak ere areagotu ziren iaz, %44 inguru: 2018an, 805 kasu dokumentatu zituzten —egunean bi baino gehiago—, eta 2017an, 560.

Hilketez eta erasoez gain, asteotan publiko egin zuten gobernuak murriztu egingo duela Bakearentzako Jurisdikzio Bereziaren (JEP) datorren urterako aurrekontua. Talde hori diseinatua dago gerrillariak ez ezik, indar militarretako kideak eta gatazkan eragin duten hirugarren pertsonak ere epaitzeko. 1964an hasitako gatazka armatuan sartutako jende guztia biltzen du.

Baina Ivan Duque Kolonbiako presidentea bake akordioaren aurkakoa da, eta JEPen 2020rako aurrekontua 26,7 milioi eurotik 3,7 milioira murriztu du; Patricia Linares talde horren zuzendaria kritiko agertu da erabakiarekin: «Modu eraginkorrean funtzionatzeko, beharrezkoak diren baliabideak behar ditugu».

Prozesua gainbegiratzeaz arduratzen den Kroc Institutuaren txosten baten arabera, bake akordioan adosturiko edukiaren %31 ez dute oraindik martxan jarri, nahiz eta hori egiteko epea pasatuta dagoen. Gainontzeko ondorioak ere argigarriak dira: soilik konpromisoen %23 bete dira guztiz, esaterako.

Krocek iragan apirilean adierazi zuenez, bakeak «aurrera egin» du Kolonbian, baina «ez da oraindik jendearengana iritsi».

Bilerak agintariekin

NBEren Segurtasun Kontseiluaren ordezkaritzako kideak Duquerekin batzartuko dira lehenik, eta gobernuko goi kargudunekin gero, tartean ministroekin eta funtzionarioekin. Ordezkarien Ganberako diputatuekin, eta buruzagi sozialekin ere elkartzekoak dira.

Itun horrek amaiera eman zion zortzi milioi biktima, zazpi milioi desplazatu eta 220.000 hildako eragin zituen gatazkari; 52 urtez borrokan aritu ostean, bi aldeek lau urteko prozesuan zehaztu zituzten elkarbizitzarako oinarriak.

"Orokorra da akordioaren krisia, estatua eta gizartea modernizatzeko itun bat izaki"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.