Koronabirusa. Hiriburuak

Basamortu bihurtutako kaleak

Ezohiko itxura hartu dute kaleek; hustu dira pasealeku, lantoki eta taberna asko, eta jendez gainezka egon dira supermerkatuak. Baiona eta Gasteiz dira koronabirusaren ondorioen bi muturren islak

Donostia. Supermerkatuetan pilatu da jendea batez ere. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Edurne Begiristain - Gotzon Hermosilla - Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
Gasteiz - Bilbo - Iruñea - Baiona - Donostia
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Zientzia fikziozko filmetako itxura hartu dute euskal hiriburuetako kaleek azken orduetan. Hustu dira, egun argiz, koronabirusaren hedapena saihesteko beharra atez ate, lantokiz lantoki zabaldu den heinean. Ezohiko panorama baten argazkia da hau, bost fokutatik begiratua.

BILBO
Ohi baino jende gutxiago


Ostiraletan, 14:00ak aldera, Bilboko Ledesma kalea beterik egoten da: inguruko bulego gehienetan orduan amaitzen da lan astea, eta ohitura da asteburuari ongietorria egitea basoerdi batzuk edanez, batez ere eguraldiak laguntzen badu. Askoz jende gutxiago dabil orain: nabaria da etxean gelditzeko aholkuek eragina dutela.

Edonola ere, irudia ez da oso desberdina Ledesma kaleak ostiral eguerdietan eskaintzen duenarekin alderatuta: tabernak zabalik daude, eta jendea jan-edanean dabil, ostatuetan, terrazetan eta kalean bertan —oinezkoentzako gunea da hori—. Arratsaldeak aurrera egin ahala, kaleak hustuz doaz, baina ez da arraroa poteoan dabiltzan kuadrillak ikustea.

Kale Nagusian antzekoa da egoera: normaltasuna, baina ohi baino jende gutxiago. Inguruko saltoki handi guztiak zabalik daude, eta bezeroak hara-hona dabiltza, ostiral arrunt batean baino gutxiago izanik ere. Bitxia izan da El Corte Ingles saltokiaren kasua: bezeroak azken solairuan dagoen supermerkatutik ateratzen dira, janariz beteriko poltsak esku batean eta komuneko papera bestean, baina beheko solairuko dendetan zaindariak baino ez daude, eta bezerorik ez.

Zazpikaleetan ere ez da ostiral arrunt bateko mugimendurik egon. Areatzako umeentzako jolastokietan, berriz, umerik ez. Guggenheim Museoan, normalean egoten diren ilara luzeen arrastorik ez: pentsa liteke itxia dagoela, tarteka ateratzen diren bistari bakanengatik ez balitz.

BAIONA
Araua salbuespen


Baionako karriketan, lasaitasuna da nagusi. Jendeak karrikan segitzen du, lagun taldeak terrazetan daude, garagardoa edaten, betiko moduan. Supermerkatuetan ere ez da ezer falta. Halere, elkarrizketa guztietan «koronabirusa» aipatzen dute, baina «gripe txiki bat omen» da,adineko jendeari kalte egiten diona «bakarrik». Baiona Txikian kokatua den unibertsitatea husten ari da, pixkanaka, asteburuero bezala. Sarreran «astelehenetik aurrera itxita» jartzen duen paper bat ezarri dute, eta ondoan birusa saihesteko gomendioen zerrenda; «eskuak garbitu, metro bateko distantzia atxiki, sintomak izanez gero zenbaki honetara deitu». Ikastetxeak itxiko dituzte astelehenetik aurrera, eta ia bakantza giroa sortu da gazteen artean. Azterketak pasatu behar dituztenen artean, kezka gehiago, «klaseak Interneten nola eskuratu?». Gurasoen artean ere kezka gehiago ageri dira, haurrak nola zainduko ote dituzten datozen aste edo hilabeteetan. Euskal Hirigune Elkargoak «beharrezkoak diren neurri guztiak» plantan ezarriko dituela jakinarazi die herritarrei, baina xehetasunik ez dute eman oraindik.

Behartuta, asteburuko planak alde batera utzi dituzte denek: Frantziako Gobernuak iragarritako neurrien ondorioz, 100 pertsona baino gehiagoko ekitaldiak bertan behera utziko dituzte, «egoerak hala egitea eskatzen duen arte». «Logika falta» aipatu dute tabernetan; garraio publikoak normal funtzionatzen segituko du, biharko herriko bozak normaltasun osoz iraganen dira, baina «gaueko kontzertua ezeztatua». Saltokietan eta ostatuetan, momentuz itxierarik ez dute aipatzen, ea noiz arte.

DONOSTIA
Bi muturrak, bistara


Ez da ohikoa Donostiako kaleek daukaten itxura. Jendea joan-etorrian, baina hutsik tabernetako terrazak eta umeentzako parkeak. Udaletxe aurrekoan hiru edo lau dabiltza jolasean. Haien ondoan dagoen emakumeak eskuak garbiarazi dizkie biri, eta badoazela esan. Jende gehiago dabil Kontxako pasealekuan, baina han ere ez da besteetako zalapartarik. Zerua gorri egon arren, dirudienez, ez da egun egokia selfie-ak egiten aritzeko.

Dendetan ere ezohiko egoera, bi muturretakoa. Itxita daude Zara eta Stradivarius, jendez gainezka Super Amara. «Izugarrizko ilarak daude», esan du bezero batek. Hutsik daude komuneko papera egon ohi den apalak, eta genero gutxiago dago beste korridoreetan ere. Estankoetan ere ilara kanporaino, baina, hori bai, elkarrengandik metroko distantzia mantenduz.

Parte Zaharrean ez dago poteorik, eta zerbitzariak eskuak gurutzatuta daude taberna askotan. Beste batzuek itxita dituzte ateak. Hiru tabernatako zerbitzariak elkarrekin hitz egiten ari dira. «Ez dakit zer egin langileekin. Egun osoa negarrez daramat», ziurtatu du batek. Koronabirusak eragin handia izan duela dio. «Honek itxi egingo du hamabost egunerako». Ondoan daukan emakumeak konponbideak eskatu ditu: «Laguntzak behar ditugu».

GASTEIZ
Hustu egin da hiria


Agintarien erabakiak serio hartu dituzte Gasteizen, eta goizetik nabaritu dira ondorioak hirian. Kaleetan askoz ere jende gutxiago ibili da, bai erdigunean, bai auzoetan. Eta egunak aurrera egin ahala, hustuz joan da hiria. Arratsaldean sumatu da gehien hutsune hori, taberna eta denda askok ixtea erabaki baitute. Gasteizko komertzio ugarik aurrea hartu diete gobernuek gaurtik aurrera har ditzaketen salbuespen neurriei, eta jada ateak itxita dituzte hiri erdiguneko gehienek.

Hiriaren itxura apokalipitikoa da. Ohikoa da ostiral arratsalde batean jendez mukuru egotea Andre Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria eta inguruko kaleak, baita Alava Jenerala kaleko arropa dendak ere. Orain, ordea, basarmotua ematen dute; pertsianak jaitsita dituzte taberna eta denda gehienek, eta apenas dabilen inor kaletik. Alde Zaharrean goizetik itxi dituzte taberna gehienak. Ostalariak asanblean bildu ziren atzo goizean, eta aho batez erabakizuten, oraingoz, astelehenera arte tabernak ixtea. Ohar batean adierazi zuten koronabirusarena «ardura kontu bat» dela, eta «bezeroenganako errespetuagatik» itxiko zutela. Hala, arratsaldean, ezohiko irudia hartu du Aiztogile kale ospetsuak, hutsik eta isilik baitago. Denda bakar batzuk baino ez daude irekita. Horietako bat da tatuajeak egiten dituen Hamahiru 13Ink denda. Kalera begira dago Sandra Lafuente bertako dendaria: «Izugarrizko beherakada nabaritu dugu. Ez dugu deirik jasotzen». Astelehenerako ixtea aurreikusi dute.

18:30 dira, eta jende oso gutxi dabil Bakea kaletik. Ez ohiko isiltasuna dago. Bertan dago hiriko autobusen geltoki nagusietako bat, baina hor ere apenas dagoen inor. Ondoan, Santa Barbara plazako parkean, guraso bi baino ez daude seme-alabekin jolasten. Abasto merkatua handik metro gutxira dago, eta hor badago jendea erosketak egiten. Alejandra makailu dendan gainezka egon dira egun osoan. «Aste honetan jendea erotu egin da erosketekin. Ez dakienez zer gertatuko den, badaezpada janaria erosi nahi du», dio Yolanda Azqueta dendariak.

IRUÑEA
Pilaketak, saltokietan

Ezohiko egoera goizean goizetik nabaritu da Iruñean. Hezkuntza Departamentuak etzi jarriko du indarrean eskolak eteteko erabakia, baina aurretik ere etxean gelditzeko gomendioa egin zien gurasoei. Ondorioz, ikastetxe askotan ikasleen erdia edo herena baino gutxiagorekin eman dituzte eskolak eta jantoki zerbitzua. Amaiur D ereduko ikastetxera, esate baterako, 147 ikasle azaldu dira —400 inguru dira—. Horrek eragina izan du garraio publikoan: billabesek normaltasunez funtzionatu duten arren, normalean baino jende gutxiagok erabili dituzte, eta hiri barruko trafikoa, oro har, arinagoa izan da.

Supermerkatu eta gainerako saltokietan ere antzeman dute aldea. Morea merkataritza guneko hipermerkatuan, ilara luzeak sortu dira irekitzeko orduan. Auzoetan eta denda txikiagoetan, jende oldea ez da hain handia izan, baina berehala agortu dira hainbat produktu. Eguerdirako, zenbait supermerkatutako apalategietatik desagertuak ziren komuneko papera, barazki freskoak, haragia, esnea eta moldeko ogia.

Kalean, iluntzean nabaritu da larrialdi egoera. Donibane eta Iturrama auzoetan eta zabalguneetan, esaterako, ohi baino jende gutxiago ikus zitekeen kalean. Gazteluko plazako eta Estafeta kaleko tabernak jendez lepo egon ohi dira ostiral iluntzetan, baina erdi hutsik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.