Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Pausoz pauso

2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hilabete ilunak pasatu dira gizarte osorako eta ez dirudi datozenak argiago izango direnik. Sektore gehienak porrot ekonomikoaren kontra gogor ari dira baina, zoritxarrez, askok ezin izango dute gerra hau irabazi. Bizitza aurrera doa eta, bitartean, herriak itxita, negozioak jarduera gabe eta konfinamendu berri baten mehatxuak atean joka.

Zahar-etxeetan egoera ez da hobeagoa. Asken egunetan egoitzak berrietan agertu ohi dira txerto berria dela eta. Guztiok ezagutu dugu Araceli, estatuan txertoa jaso duen lehenengo pertsona, eta hortik aurrera badirudi egoitzetan arazoa desagertu egin dela. Heriotzei arreta gutxiago ematen zaie irudi alaitsuekin ordezkatuz. Orain telebistan zahar-etxeei buruzko berrietan pertsona zaharrak agertzen dira, kamera aurrean pozez beteta ilara bat egiten txertoaren zain. Bai, txertoak bide luze eta ilun honen amaieran argi pixka bat jarri du, baina argitasun horretara heltzeko oraindik bide gogorra geratzen zaigu aurretik.

Pandemia gure artean dago bete-betean eta zahar-etxeetan eragindako ondorioen benetako azterketa ez da egin oraindik; hala eta guztiz ere, badira batzuk euren teoriei eta konponbideei gogor eusten dietenak: konponbide hauek zaharrentzako zerbitzuen ereduaren inguruan doaz. Politikariak ere hasi berri dira erresidentzien eredua kolokan jartzen eta Nafarroan, adibidez, foru dekretu bat sortu dute eredu hau aldatzeko. Politikariekin batera zenbait aditu eta elkarte ildo beretik doaz eredu nordikoak adibide gisa ipintzen, baina kontuan hartu gabe gizarteen artean botere ekonomikoan edo idiosinkrasian dagoen ezberdintasuna.

Ez dut uste izurritean murgilduta egonda hurrengo pandemiaren prebentzioan aritzea egokiena denik. Ereduak aldatu behar dira gizarteak eta populazio zaharra aldatzen doalako, baita kalitatezko zainketak nahitaezkoak ikusten ditugulako ere gehiengoek; beraz, ez dira ereduak pandemiaren ondorioz aldatu behar, ezta hurrengo pandemia ekiditeko ere. Gainera, lotsagabea iruditzen zait momentu hau aprobetxatzea norberaren eredua ezartzeko, egoitza jakin batzuen kontra joateko edo etekin politikoa lortzeko. Amaitu dezagun izurrite hau eta, orduan bai, aztertu ditzagun zeintzuk izan diren egindako akatsak, joera politiko jakinik gabe, eta beti zaharren bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Hori gertatzen den bitartean, zahar-etxeetan bakartze egoera, prebentzio neurri gogorrak, bisita urriak, beldurra eta langileak jo eta ke zaharrak seguru mantentzeko. Egin dezagun bide hau beste ibilbide guztiak bezala, pausoz pauso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.