Albistea entzun

Xistorren gibeletik joateko itxaropenez

Frederic Haranburu 'Xistor' joan den azaroan atera zen espetxetik, baldintzapean, baina harekin batera atxiloturiko Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parot Frantziako eta Espainiako kartzeletan dira oraino: aurten 31. urtea bete dute preso.
BOB EDME / IPARLA Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko apirilak 2

Udaberri batez atxilotu zituzten, eta orduz geroztik joan dira bertze hogeita hamar udaberri, loratzen ikusi ez dituztenak. Jakes Esnal eta Unai eta Ion Parot euskal presoek 31. urtea beteko dute asteon hormigoizko pareta artean, eta ez dute oraino askatze datarik. Espainian atxilotu zuten Unai Parot, 1990eko apirilaren 2an, eta handik bi egunera atzeman zituzten, Lapurdin, haren anaia Ion, Esnal eta Frederic Haranburu Xistor. Guziei leporatu zieten ETAren Argala komandoko kide izatea, eta azken hiruei bizi osorako zigorra ezarri zien Parisek 1997an. Unai Paroti 5.000 urte inguruko kartzela zigorra ezarri zion Espainiak, hogei sententziatan baino gehiagotan —1973ko Zigor Kodearen arabera kalean behar luke, baina 2007an Espainiako Auzitegi Nazionalak bertze zigor bat ezarri zion, berriz ETAko militantzia egotzita—.

Aspaldian geldi zegoen haien auzia, batez ere Frantziako Estatuan kartzelaturikoena, baina joan den urrian ailegatu zen ustekabea: Parisko Dei Auzitegiak Haranburu baldintzapean aske uztea deliberatu zuen, eta azaroan atera zen kartzelatik, baldintza zorrotzekin, eta 30 urtez preso egon ondotik. Horrek esperantza piztu zuen antzeko egoeran diren Ion Parot eta Esnalekiko: Bakegileek berek bertan behera utzi zituzten abendurako eta aitzinagorako iragarritako ekintza «gogorragoak», iritzita «Haranburu baldintzapean aske uzteak eta haren aldeko motibazioek egoera alda» zezaketela.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak ere BERRIAri adierazi dio «historikoa» izan zela Haranburu aske utzi izana: «Parisko Dei Auzitegiak beti erraten zuen ez zela posible. Eta garrantzi izugarria du Xistorrenak, aldaketa nabarmen bat baitago: posibletzat jotzen da dosier horretakoak baldintzapean aske uztea». Abokatua ez da horren baikorra, ordea: «Garrantzitsua da, baina horrek ez du ekarriko nahi eta nahi ez beste bien askatzea».

Ion Paroti bortz aldiz ukatua diote baldintzapean aske geratzea, eta seigarrenez galdegiten ari da orain. Esnalek bi aldiz egina du eskaera, eta, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak bigarren galdea onartu bazion ere, prokuradoreak dei eginik, Parisko Dei Auzitegiak ukatu egin zion irailean. Paulus Basurko ari da Esnalen defentsa eramaten, eta, azaldu duenez, egindako delituengatik bota diote eskaera gibelera: «Egitateak oso larriak direla, delitu bera egiteko arriskua... Argumentuak horiek dira». Haranbururen kasuan ere horiek erabiltzen zituzten hasieran, baina abokatuak azaldu du ez dela «automatikoa» bertzeekin ere jarrera aldatzea: «Baldintzapeko askatasunen erabakiak oso indibidualizatuak dira: pertsona bakoitzarentzat hartutakoak». Esnalen kasua Kasazio Auzitegira eraman dute orain, eta, abokatuaren erranetan, gerta liteke gibelera bota eta berriz zerotik hasi behar izatea. Paulus Basurkok azaldu du, gainera, gaur egungo «mugimendu errepresiboa» ez dagoela haien alde.

Berriz hutsetik hasi behar izatekotan, bertze hiruzpalau urte luzatuko lukete askatzea: «Ondorioak oso latzak lirateke: Esnalek 70 urte ditu». Konparazione, Ion Parotek koronabirusean positibo eman berri du martxoan: 70 urte ditu hark ere.

Kommutazioaren aukera

Baldintzapean aske uzteek porrot eginen balute, kommutazioaren aukera ere hor legoke: oraingo zigorra bertze zigor apalago batekin ordezkatzea, hain justu. «Delitu horiengatik Espainian kondenatuak izan balira, 30 urteko zigorra izango zuten», azaldu du Paulus Basurkok. Eta, beraz, aske lirateke jada. Bigarren kommutazio eskaera 2017an egin zioten Frantziako presidenteari, baina ez dute oraindik erantzunik jaso. Eta «luze» dirau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Unai Fernandez de Betoño ©Raul Bogajo / Foku

EH Bilduk kontratu txikien «klientelismoa» kritikatu du

Erredakzioa

Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak salatu du enpresa batzuk EAJko eta PSE-EEko kontaktuez baliatzen ari direla kontratuak lortzeko

Olatz Garamendi sailburua eta Miquel Iceta ministroa. ©J. J. Guillen / EFE

Urkulluk aste honetarako espero du eskumenen lehen blokea eskualdatzeko bilera

Jon O. Urain

Azken egunetan, EAJko buruzagi ugarik nabarmendu dute ekainerako espero dituztela lehen blokeko eskumenak.

EH Baik elkarretaratzea egin zuen atzo goizean, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Bizilekuen Tokiko Programa onetsi du Euskal Elkargoak

Ekhi Erremundegi Beloki

Bideokonferentziaz egin dute Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, osasun egoeraren ondorioz. 630 milioi euroko aurrekontua onartu dute hautetsiek, inbertsiorako 160 milioi euro atxikita

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna