Siria. Al–Holeko errefuxiatu eremua

«Terroristen» emazte damutuak

Jihadisten emazteak eta seme-alabak pilatuta daude Al-Holeko errefuxiatu eremuan. Atzerrian sortutakoak ere badira, eta damu dira asko; sorterrira itzuli nahi lukete, baina linbo batean daude lege aldetik. Inork ez daki zer gertatuko zaien.

Emakume bat, seme-alabekin, bere ondasunak mugitzen, Al-Holeko esparruan. JM LOPEZ.
Al-Hol
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Al-Hol: Siria iparraldeko errefuxiatu eremu handienetako bat. 73.000 pertsona inguru, ahal bezala bizi direnak, zerbitzu oinarrizkoenak ere falta dituztenak. Baina beste kontu bategatik da berezia eta ezohikoa: EI Estatu Islamikoko jihadisten emazteak eta seme-alabak dira errefuxiatu eremuan bizi direnetako asko: 20.000 emakume eta 50.000 ume inguru. Ez dira denak jihadistak, baina asko bai. Eta ez dira denak Ekialde Hurbilekoak; senarrei «jarraika» kalifa herriaren promesen atzetik joan zirela diote atzerriko emakume askok. Europarrak dira haietako batzuk. Damututa ageri dira asko; etxera itzuli nahi dute, baina Europak ez ditu hartu nahi.

Al-Holera bere bi alabekin iritsi da Leonora Lemke. Habibak 16 hilabete ditu, eta Mariak 20 egun besterik ez. «Siriara etorri nintzenean, 15 urte nituen. Alemanian bizi nintzen, eta etxetik ihes egin nuen islamaren arauen pean bizi nahi nuelako, baina orain hasi naiz jabetzen hanka sartze bat izan zela», esan du, goibel. «EIk kontrolatutako lurraldera iritsi eta egun batzuetara ezkondu nintzen senarrarekin, baina bera ez da gudularia; ordenagailu eramangarriak konpontzen zituen, eta ni etxekoandrea nintzen», azaldu du, alaba zaharrena besoetan daukala.

Kontua da haren senarra kartzelan dagoela preso, eta etorkizuna ez dela oso itxaropentsua haientzat. Lemkeri eta haren senarrari, biei leporatu diete talde terrorista baten parte izatea. Alemania, Europako beste herrialde asko bezala, mesfidati azaldu da haiek hartzeko. «Oso inozoa izan nintzen. Uste nuen kalifa herria estatu indartsua zela eta bere herritarrak babestuko zituela. Azkenean, ez neukan jatekorik seme-alabentzat».

Atertu egin du, eta ortzadar erraldoi bat ageri da esparruko denden gainean, gero eta biziago. Jihadista atzerritarren emazteek leku bat gordea dute eremuan, beste zibilengandik bereizita. Oraingoz 566 familia daude erregistratuta atal horretan. 1.800 pertsona guztira, emakumeak eta haurrak, 40 nazionalitatetakoak. Hainbeste kultura eta ideologia nahastuta, ez da harritzekoa liskarrak sortzea. Europako herrialdeetatik datozen emakumeak kexu dira Kaukasokoek eta Tunisikoek gorriak ikusarazten dizkietela eta. Jihadarekin bat egiten ez dutenak ere badira eremuan, eta haiek ere beldurrez bizi direla esan ohi dute. SDF Siriako Indar Demokratikoen milizia kurdu-arabiarretako 400 bat kidek zaintzen dute eremua. Turkiak Rojavaren kontrako erasoa hasi zuenetik, urriaren 9tik, tentsioa handitu egin da eremuan.

Damuaren zama

Lisa Andresson Suediakoa da. Haren begi berdeek eta azal zurbilak sorlekua salatzen diote, nikabaren oihalen artetik. 29 urteko gazte horrek kontatu duenez, 2013an iritsi zen Siriara, Estatu Islamikoa sortu baino urtebete lehenago. Hasieran, Raqqan bizi zen; gero, hiri batetik bestera aldatuz joan zen, kalifa herriak lurrak galdu ahala; azkenean, Baghuzera iritsi zen. SDFk eta AEBek Baghuzen aurkako erasoa hasi zuten orduan; eraso hartatik ihesi, milaka lagun inguru iritsi ziren Al-Holera.

Damu da Andresson ere. «Senarrari jarraika iritsi nintzen hona, jendeari laguntzeko, ikusia bainuen nola zeuden ospitaleak; gero, egoera honetan harrapatuta geratu nintzen. Senarra ezagutu baino urtebete lehenago aldatu nintzen islamera. Orain, bera kartzelan dago», dio, seme-alabetako bat oinen artean jolasean dabilkiola. «Ez dut ulertzen jendeak zergatik esaten duen terrorista naizela; nik nire bizitza egin dut, besterik ez, eta ez daukat ezeren errurik. Behin barruan zaudela, ezin duzu borondatez alde egin; nik ihes egin nuen duela bi hilabete. Azkenean, ez genuen jatekorik, eta landako belarra janez iraun dut bizirik».

Landan, egoera oso txarra izan zen joan den neguan; hotzaren, elikadura kaskarraren eta osasun arreta eskasaren ondorioz, ehun haur baino gehiago hil ziren, Erreskaterako Nazioarteko Batzordearen arabera. Azken hilabeteetan 24.000 lagun iritsi dira esparrura, nekatuta eta desnutrizioak jota; populazioa hirukoiztu da. Andressonek urtebeteko alaba bat zuen, eta hil egin zitzaion joan den hilabetean. «Hona etorri izanaren alde on bakarra seme-alabak edukitzea izan da; haiek dira garrantzitsuena niretzat. Aldatu egin naiz; beste pertsona bat naiz. Nire herrialdera itzuli nahi dut, baina badakit nire herrialdeak ez nauela han nahi. Egin nuena barkatzeko eskatzen dut, besterik ez. Esparru honetan, nire bizitza infernua da. Triste sentitzen naiz, umiliatua, adoregabetua», esan du, negar zotinka.

Senarrak hilak edo kartzelan izanik, emakume horiek eta haien seme-alabak lege aldetik linbo batean egotera kondenatuta daude. Inork ez daki noiz arte. Eremuko emakume gehienak siriarrak eta irakiarrak dira; europarren artetik, gutxik aitortuko dute Estatu Islamikoarekin borrokatzera etorri zirela. Fatima du izena haietako batek, eta Txetxeniakoa da. «Kalifaldiaren parte izan nahi nuelako etorri nintzen. Berehala ezkondu nintzen, Mohammed Walid izeneko jihadista australiar batekin; hil egin zuten borroka batean. 3 urteko seme bat dut, eta orain dena damutu zait. Ihes egiten saiatu naiz, eta, horregatik, kartzelan izan nintzen bost hilabetez».

Donald Trump AEBetako presidenteak eta SDFk atzerriko estatuei eskatu izan diete beren herrialdeetako jihadisten ardura har dezatela, edo nazioarteko auzitegi bat sor dezatela haiek epaitzeko. Ez dira Al-Holeko errefuxiatuak bakarrik: preso dauzkaten jihadistak ere hor daude. Oraingoz, oso gutxi itzuli dira sorterrira. Yolanda Martinez, Luna Fernandez eta Lubna Miludi Siriara joan ziren 2014an, beren senarrekin. Ukatu egin dute talde terrorista baten parte izatea, eta itzuli egin nahi dutela esana diote Espainiari. Bik hila dute senarra, eta besteak kartzelan du. Martinezek eta Fernandezek 30 urte bete berri dituzte, eta launa seme-alaba dituzte; Fernandez, gainera, haurdun dago. Miludik, berriz, hiru seme-alaba ditu.

Asko daude antzera. Shamina Begumena izango da, agian, kasurik entzutetsuena. Hura ere Al-Holen itxita egon zen. Gazte britainiar horrek etxetik alde egin zuen, 15 urte zituenean; Siriara joan zen, eta, handik egun gutxira, 27 urteko jihadista herbeheretar batekin ezkondu zen, Raqqan. Lau urtez kalifa herrian bizi izan ondoren, Baghuztik alde egin zuen duela aste batzuk. Ez dago damututa, baina bere herrialdeari exijitu dio bera onartzeko, eta auzitara jotzeko mehatxua egin die. Haur bat galdu zuen erditzen ari zela, eta beste bi seme-alaba ere hil zitzaizkion, desnutrizioaren ondorioz.

Haur talde bat lasterka dabil lokatzetan; zikin daude, gaizki jantzita. Beste batzuk futbolean ari dira, ate ikusezinak dituen zelai inprobisatu batean. Hemen ez daukate besterik egiteko; ez dago eskolarik, ezta irakaslerik ere. Batzuek ura garraiatzen dute ur biltegitik beren kanpadendetara, edozein edukiontzi erabiliz. Azal koloreek berresten dute askotariko nazionalitateak dituztela.

Begum Azerbaijandik iritsi zen Siriara, senarrarekin. Duela lau urte izan zen hori. Estatu Islamikoarekin bat egin nahi zuten. «Gure herrialdeak eskaintzen zigun baino bizimodu hobe baten bila etorri ginen; sinetsi egin genuen propaganda bideoetan esaten zutena. Senarra hil egin zidaten bonbardaketa batean, eta nik bi ume ditut: haiengatik borrokatuko naiz», kontatu du, begirada lurrean galdua duela. «Duela bi hilabete iritsi nintzen esparrura, eta damu naiz, senarrak hartu baitzuen erabakia. Nik jarraitu egin nion, besterik ez. Orain etxera itzuli nahi dut, nire familiarengana eta lehengo bizimodura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.