Koronabirusa

Zainduz elkartea sortu dute, zahar etxeetako egoera salatzeko asmoz

«Opakutasuna» eta «baliabiderik eza» kritikatu dituzte Nafarroako 30 bat egoiliarren senideek. Batzar irekia eginen dute datorren asteartean

Zainduz elkarteko kideak, atzo, Iruñeko Gazteluko plazan eginiko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ohartarazi dute Nafarroako zahar etxeetako egoera «jasangaitza» dela: egunero urratzen direla egoiliarren «eskubideak, duintasuna eta bizi kalitatea», eta senideei ezer gutxi kontatzen dietela barruan direnen bizi baldintzei buruz, «datuen babeserako legea aitzakiatzat hartuta». Kezka dute, kezka bizia. Horregatik sortu dute Zainduz elkartea: egoera salatzeko eta «hartu beharreko neurriak hartzeko».

Oraingoz, 30 bat familiak osatzen dute elkartea: zahar etxeetako egoiliarren senideez gain, tartean daude pandemia hasi zenetik egoitzetan hil direnen eta osasun arreta etxean jasotzen duten adinekoen familiak ere. Orain arte «babesgabe» sentitu direla salatu zuten atzo Sergio Gomezek, Mikel Auzak eta Amaia Agirrek, elkartearen izenean, eta kudeatzaileen «opakutasun erabatekoa» azpimarratu zuten.

Kalteak aurten azaleratu badira ere, elkarteko kideek uste dute arazoak erro sakonak dituela: «Murrizketak aurrekontuetan, zerbitzuen pribatizazioa, langile falta, lan baldintzen prekaritatea, ikuskatze lanak bertan behera utzi izana... Horrek guztiak hondoratu egin du zerbitzuaren kalitatea. COVID-19ak eragindako krisiak agerian utzi ditu gabezia horiek», azaldu zuen Auzak.

Egungo egoera «pribatizazio eta ekonomizismo nahiaren ondorio» dela nabarmendu zuen egoiliarren senideen bozeramaileak; haren ustez, osasunaren gainetik «errentagarritasun ekonomikoa lehenesten duen negozio eredu bat» gailendu da, izatez.

Hala ere, Zainduz elkarteko kideek azaldu dutenez, murrizketek eta prekaritateak egoiliarrei bakarrik ez, zaintza lanez arduratzen diren beharginei ere kalte egin diela: «Zahar etxeak bakartze gune bihurtuta, erabiltzaileen eta langileen eskubideak urratzen ari dira». Are: «tratu txar instituzional» gisara definitu dute zahar etxeetako egoiliarrek eta langileek bizi duten egoera.

Horrez gain, Osasunbideari leporatu diote zahar etxeen gaineko kontrolari eta zaintzari uko egin izana: «Utzikeria horren ondorioz, egoitzetan ematen duten arreta, pribatua izateaz gain, oso eskasa da, eta horrek kalte egiten dio bertan bizi direnen osasunari». Zahar etxeetan bizi direnen arreta osasun etxeetan bermatu beharko litzatekeela gaineratu dute Zainduz elkarteko kideek. «Eskatzen dugu kalitatezko eredu bat, irizpide argiak eta banakako arreta planak izanen dituena».

Bestalde, adinekoen egoitzetako «bidegabekeriak» salatu dituzten egoiliarrek «errepresaliak» jaso izan dituztela ere salatu du Sergio Gomezek: «Ez dugu halakorik onartuko. Zahar etxean senideren bat galdu dugunok ez gara errepresalien beldur. Segituko dugu murrizketa eta eskubide urraketa guztiak agerian uzten, eta prest gaude erakundeen aurka auzitara jotzeko, adinekoen osasunaren negozioan konplize izan direlako».

Azkenik, zahar etxeetako egoiliarrei, langileei eta senideei eskatu diete «antolatzeko» eta datozen asteetan antolatuko dituzte protesta ekintzetara batzeko. Horiek zehazte aldera, batzar irekia eginen du Zainduz elkarteak hilaren 27an, 18:00etan, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Helbide elektroniko bat ere eman dute, atxikimenduak jasotzeko: zainduz-cuidando@gmail.com.

Bizkaiko pentsiodunak

Hilaren 31n, bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetako egoera salatuko dute egoiliarren senideek eta beste zenbait eragilek, Bilbon, Donostian eta Gasteizen eginen dituzten manifestazioetan. Protestarekin bat egin zuen atzo Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak ere.

«Bigarren olatuan gaude jada, baina zahar etxeetan kutsatzeek eta heriotzek ez dute etenik», adierazi zuen Andrea Uña Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak. Salatu zuen talde politikoek ez dietela orain arte pentsiodunen proposamenei erantzunik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.