Javier Batarrita Gaztelu. Javier Batarritaren semea

«Aitaren heriotzak beste heriotza askoren antza du»

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Bilbo
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Boluetan hildako Javier Batarrita Elexpururen semea da, bederatzi hilabeteko haurra zen aita hil ziotenean. Urteak igaro diren arren, bere horretan irauten du amaren ezongiak, gaixotu egiten du senar izan zuenaren heriotzaz inork jarduteak. Beharrik, semea dugu lotura.

Egia osatu duzu?

Batzuen eta besteen informazioa bildu eta irudia osatzeko moduan garela uste dut. Bertsio bat baino gehiago eman da, eta guztiak dira egia, baina partzialak denak, eta subjektiboak ere bai. Denen artean osatzen da bertsiorik sinesgarriena. Nire interpretazioaren arabera, hau eta hura leitu ostean, polizia konbentzituta zegoen hura komando bat zela, zer edo zeren bila zebiltzan, nire aita, hila zegoela ere, ostikoz jo baitzuten! Larizgoitia atxilotu egin zuten, nire aita eta Martin-Ballestero hantxe utzi zituzten. Jendeak eraman zituen ospitalera!

Argituta dago, beraz, zure aitaren heriotza?

Baietz esango nuke. Baina berrikitan argituta. Joan den urtearen hasieran, Bizkaiko Artxibategi Historikoaren zuzendariak deitu ninduen telefonoz, esanez historialari baten eskariari erantzunez, hainbat txosten miatu eta Boluetako gertakariari buruzko auto judizialak aurkitu zituela. Deia jaso eta artxibategira joan nintzen biharamunean. Autoak aztertzeko aukera izan nuen. Ez dator guztiz bat oraintsu arte esan denarekin, baina, gehienbat, bai.

Zer sentimendu sorrarazten dizkizu aitaren heriotza hark?

Errepresioaren atala izan zen. Nahi beste errepresio izan da herri honetan. Batzuetan batzuei egokitu zaie, besteetan besteei. Aitaren heriotzak beste heriotza askoren antza du. Tamalez, guri egokitu zitzaigun. Baina asko dira horrelakoak. Denborak ez du zauria sendatzen, baina perspektiba ematen du. Gainera, gertaera traumatikoak zuzenean bizitzea, edo zuzenean ez bizitzea, ez da berdina. Amak zuzenean bizi izan zuen hura, eta oraindik ere esaten du: «Nork hil zuen jakingo banu!». Aldiz, nik ez nuen zuzenean bizi izan.

Gorrotoa delitu da?

Kode penalean gorrotozko delitua ageri da, baina epailearen interpretazioaren araberakoa da. Nahitaezko dira frogak, eta, hor, usteko delitu egilearen egiazko intentzionalitate subjektiboa da giltza. Delitua, izatekotan, frogatu egin behar da, gertakari zehatzak aztertuz, ondorioak ateraz, eta haiek interpretatuz, zeure ideologiaren arabera!

Guardia zibilari gorroto izatea, delitu da?

Nire ustez, ez. Berbak zuzen erabiltzen ere jakin behar da, dena den. Gorroto esan beharrean, esan dezagun, adibidez, «ezinikusia». Baina ezinikusi hori egiazkoa da. Delitu denik ez nuke esango, adierazpen askatasunaren agerpide bat baizik, dena delako subjektuaren bizipenen araberakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.