Albistea entzun

Euroeskualdeak erabaki du lantalde bat sortzea hornidura bermatzeko

Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak bilkura egin du Bordelen. Roussetek hartu du euroeskualdeko presidentetza, Urkulluren ordez

Erredakzioa -

2022ko martxoak 15

Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko ordezkariek bilera egin dute Bordelen (Okzitania), eta han adostu dute elkarlanean jardutea industriaren, elikaduraren eta energiaren sektoreetan. Ukrainako gerrak eragindako krisiaren testuinguruan erdietsi dute akordioa. Helburua, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, hornidura bermatzea da.

Urkullu izan da azken bi urteetan euroeskualdeko presidentea, eta, besteak beste, bi urte horien balantzea egin eta presidentetza aldaketa egiteko baliatu dute bilera. Alain Rousset Akitania Berriko presidentea euroeskualdekoa ere izango da datozen bi urteetan. Urkullu eta Roussetez gain, han izan da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Maria Txibiteren ordez. Txibitek modu telematikoan parte hartu du bileran. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Bordelen izan dira Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua ere.

Urkulluk azaldu duenez, argi ikusi dute euroeskualdean lan egin dezaketela industriaren, elikaduraren eta energiaren arloetan. Zehazki, hiru gobernuetako sektore horien arduradunei eman diete lan hori: «Aurretiko analisi bat egingo dute, aztertzeko zer egin dezakegun elkarlanean, batez ere hiru arlo horietan».

Horretaz gain, azken bi urteen balantzea «onuragarria» izan dela esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Gogorarazi du 2020-2021eko aldian guztira 54 proiektu onartu direla, eta hamar lankidetza estrategiko garatu direla; guztira, 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da.

Zailtasunei buru egitea

Ukrainako gatazkak eragindako egoera izan da bileraren hizpide nagusietako bat. Urkulluk azaldu duenez, euroeskualdea prest dago «nazioarteko krisi ekonomiko, sozial eta politikoak ekarriko dituen zailtasunei buru egiteko».

Urkulluren ustez, gatazkak erakutsi du «euroeskualdearen eta Europaren esparruan garatutako mugarik gabeko harremana» baliagarria dela horrelako krisiei aurre egiteko, pertsonen arteko konexioa, haien joan-etorriak, garraioa, merkataritza harremanak eta energia konexioa errazten dituelako. Orain, «mugaz gaindiko pasabide» hori ukrainarren mesedetan erabiltzeko prest agertu dira. Bilkura baliatu dute Ukrainari elkartasuna adierazteko.

Nafarroako lehendakari Maria Txibitek ere ontzat jo du egindako lana, eta erantsi du mugak ez direla «banatzeko lerro gisa» hartu behar, «aukera gisa» baizik.

Pandemia ere hizpide izan dute bilkuran. Urkulluk nabarmendu du euroeskualdeak «erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna» erakutsi duela horren aurrean, eta egoeraren zailtasunak gorabehera, gauza izan direla hainbat egitasmo abian jartzeko.

2021ean egindakoaren bilana aztertzeaz gain, 2022. urterako aurrekontuaren ardatz nagusiak ere zehaztu dituzte bileran. Halaber, aurten garatuko diren egitasmoen deialdiaren esparrua ere onartu dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Julen Portillo, eskuinean, Joseba Argiñano sukaldaria ondoan duela, ETB1eko Sukalerria saioan. ©Julen Portillo

Euskara, sormenerako harribitxia eta aukera

June Romatet Ibarguren - Gipuzkoako Hitza

Sortzaile gazteak dira Julen Portillo zarauztarra, Andrea Gonzalez bergararra eta Maddi Etxeberria andoaindarra. Internet bihurtu dute euren gotorleku, eta han biluzten dute barrua, eguneroko kontuak bideo labur bihurtuta. Hasieratik argi eduki zuten hirurek: euskaraz sortuko zituzten edukiak. Bidea egiten ari dira.

Alberto Corral eta Iñigo Brull. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

«Azpikontratazio modua aldatu nahi dugu: salerosketa da hau»

Mikel Garcia Martikorena - Bizkaiko Hitza

Ekainetik protestan dabiltza Apnabi Bizkaiko autisten familien elkarteko langileek dituzten baldintzengatik. Aldundiarekin itundutako "salerosketa" eredua bukatzeko eskatzen dute, Alberto Corral eta Iñigo Brull langile batzordeko kideek diotenez.

 

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.