Libanoko krisia

Lehen ministroak amore eman du

Duela astebete Beiruteko portuan gertatutako eztandaren ondorioz, Libanoko Gobernuak dimisioa eman du. Leherketak 200 hildako eragin ditu, gobernuaren esanetan

2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Hasan Diab Libanoko lehen ministroak gobernuaren dimisioa iragarri zuen atzo, iragan asteartean Beiruteko portuan gertatutako eztandaren ondorioz. «Urrats bat atzera egitea erabaki dugu, herritarren ondoan egon ahal izateko. Era horretan, benetako aldaketa eskatzen zutenen nahia betetzen dugu», esan zuen Diabek telebista publikoan egindako agerraldian. Leherketaren errua «ustelkeriazko sistema» bati bota zion, eta oposizioko alderdi politikoei kritika egin zien, «estrategian» eta «kanpaina politikoan» besterik pentsatzen ez zutela esanez. Gaineratu zuen Libanoko klase politikoak «aldaketa» eragotzi nahi duela, «modu zikinenean» bada ere. Tokiko komunikabideen arabera, Diab lehen ministroak Michel Aoun presidenteari jakinarazi zion aurretik laster kargua utziko zuela, eta hala gertatu zen atzo.

Gobernuko hainbat kidek dimititu ondoren hartu du erabakia ministro kontseiluak. Izan ere, Marie-Claude Najm Justizia ministroak eta Ghazi Wazni Finantzakoak dimisioa aurkeztu zuten atzo, bakarka, bilkuraren aurretik. Najm eta Wazni kontatuta, lau ziren ordura arte kargua zuten gobernuko ministroak; dimisioa aurkeztu baitzuten Damianos Qattar Ingurumen ministroak eta Manal Abdel Samad Informazio ministroak, joan den igandean. Horiek ez ezik, gutxienez bederatzi parlamentariok ere beren karguak utzi zituzten.

«Egoera honetan boterean jarraituta ez da funtsezko aldaketarik egingo sisteman, eta, ondorioz, ez gara helduko nahi dugun erreformara», adierazi zuen Najmek ohar batean. Horrez gain, hauteskundeak aurreratzea eskatu zuen, eta kargua uztera deitu zituen gainerako gobernuko kideak. Informazio ministro ohiak, berriz, adierazi zuen «izugarrizko hondamendiaren ondorioz» kargua uztea erabaki zuela. Portuko eztanda gertatu baino egun bat lehenago, Nassif Hitti Atzerri ministroak gobernua utzi zuen, herrialdea «huts eginiko estatu» bihurtzeko arriskua zegoela esanez.

Libano, jada, krisi sakonean zegoen, eta leherketak ondorio ekonomiko latzak utziko dituela espero da. Iazko urrian, protestek bultzatuta, Saad Hariri lehen ministroak dimisioa eman zuen bere taldearekin batera. Aoun presidenteak Diab jarri zuen gobernuburu, eta hark hobekuntza ekonomikoak iragarri zituen. Ez da hala izan, ordea, eta, duela astebeteko leherketarekin batera, protestak areagotu dira. Hauteskundeak aurreratzeko asmoa iragarri zuen Diabek joan den aste-bukaeran. «Astelehenean deituko dut Ministroen Kontseilura, bozak aurreratu ahal izateko. Ez dugu krisi hau gaindituko hauteskundeak egin ezean», esan zuen gobernuburuak. Nazio Batuen Erakundeko agentziek krisi humanitarioa iragarri dute, herrialdea janari eta baliabideekin hornitzen ez bada.

Bestalde, Ghassan el-Khuri epaileak galdeketak hasi zituen atzo, leherketaren zergatiak argitzeko. Tony Saliba estatuko segurtasun burua deitu zuen, National News Agency-ren arabera. Poliziak hogei lagun inguru atxilotu ditu orain arte: besteak beste, Libanoko aduana departamentuko burua eta haren aurrekoa, baita portuko arduradunak ere. Halaber, atzorako deitua zegoen Ministro Kontseiluak erabaki zuen leherketaren inguruko ikerketa Botere Judizialaren esku uztea.

Protesten eragina

Beirut hiriburuko kaleetan izan diren protesten ondoren datoz dimisioak. Izan ere, manifestazioak berriro lehertu ziren herrialdean, 2.750 tona amonio nitrato pilatuta zeuden biltegiak eztanda egin zuenean. Manifestariak gobernuko eraikinen inguruetara atera ziren protesta egitera asteburuan, gobernu osoak kargua uztea eskatzeko. Protestek jarraitu zuten atzo Baabda jauregiaren kanpoaldean, Aoun presidentearen dimisioa eskatzeko.

Portuko eztandak 200 hildako baino gehiago utzi ditu, Marwan Abboud Beiruteko gobernadorearen hitzetan. Dozenaka lagun oraindik desagertuta daudela gehitu zuen, haietako asko atzerriko langileak. Zenbaki horiei gehitu behar zaie leherketak 300.000 herritar utzi dituela etxerik gabe, eta beste milaka lagunek lana galdu dutela. Aoun presidentearen gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen hiriburuan.

Dena den, presidenteak hartutako neurriak ez dira nahikoa izan, oposizioko kideek eta kalera irten diren herritarrek salatu dutenez. Manifestariek eta militar ohien talde batek Atzerri Ministerioa hartu zuten larunbatean, eta «iraultzaren bulego zentrala» izendatu zuten eraikina. Presidentearen irudiak erre zituzten. Atzerri Ministerioaz gain, Bankuen Elkartearen bulego zentralak eta Energia eta Ekonomia Ministerioak ere hartu zituzten.

Poliziaren eta kaleko jendearen arteko talketan, segurtasun indarrek negar gasa erabili zuten. Osasun iturrien arabera, gutxienez 500 zauritu eta hildako bat utzi zituzten istiluek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.