Albistea entzun

Interes tasak puntu erdi igo ditu EBZk, %3,5era, baina ez ditu igoera gehiago iragarri

Finantza ekaitzak ziurgabetasuna handitu duela aitortu arren, banku zentralak inflazio handiari eman dio lehentasuna. Lagardek bankuak sendo ikusten ditu
Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2023ko martxoak 17

Inflazioa lehentasun duela berretsi du Europako Banku Zentralak, eta, horregatik, bere asmoei eutsi die, eta interes tasa ofiziala puntu erdi igo du: %3tik %3,5era. Beraz, puntu laurdeneko igoera apalagoa baztertu du aste honetan, finantza merkatuen egoera ikusita, nahiz eta halakorik eskatzen zioten ahots asko izan, uste dutenak interes tasak igotzen jarraitzeak bankuei eta finantza sistema berari kalte egin diezaiekeela.

Hori bai, Credit Suisseren egoeraren itzalpean, aurreko prentsaurrekoetan ez bezala, Christine Lagarde EBZko presidenteak uko egin dio galdera honi erantzuteari: banku zentralaren hurrengo bilkuretan ea tasen igoerarik espero daitekeen. «Argi daukagu epe ertainera inflazioa %2ra jaitsarazi behar dugula; hori lortzeko hartuko dugun bidea datuen araberakoa izango da. Azken egunetan finantza merkatuetan zabaldutako ziurgabetasun maila handia ikusita, ikusi behar dugu datu horiek zer dioten».

Inflazioa, «goregi» luzaz

Izan ere, batetik, martxoaren lehenean egindako banku zentralaren aurreikuspenak ditu EBZk. Haien arabera, inflazioa handia izango da luzaz eurogunean; «goregi» egongo da denbora «luzeegian». Otsailean, %8,5era jaitsi zen euroguneko inflazio tasa, energia prezio apalei esker, baina elikagaien prezioak %15 ari dira gora.

Eta azpiko inflazioa aurreikusi baino gehiago igo zen, %5,6ra. Elikagai freskoak eta energia gaiak aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazio hori da, hain zuzen, banku zentralaren buruko min handienetako bat oraintxe bertan. «Ez dugu aurrerapen handirik ikusten azpiko inflazioaren osagaien bilakaeran», esan du Lagardek.

Hortaz, martxo hasierako azterketari men egin dio EBZk erabakia hartzean. Bestetik, ordea, ikusteko dago —baita EBZrentzat ere— azkenean zer gertatzen den finantza merkatuetan. SVB Silicon Valley Bankekin aurrena eta Credit Suisserekin ondoren piztutako ekaitzaren inguruko kezka hor egon da, EBZko presidentearen hitzetan. Lagardek esan du ziurgabetasun handia dagoela, banku zentrala «oso adi» dagoela finantza merkatuetako gertakariei, «ager daitezkeen tentsioei».

EBZren tresnak

Aldi berean lasaitasun mezua ere eman nahi zuen, eta presidenteak azaldu du EBZk hainbat tresna eta baliabide dituela, lehen ere erakutsi dutenak baliagarriak direla. Tresna horien artean daude, besteak beste, pandemiak aktibatutako zor erosketa programa, eta zatikatzea (herrialdeko arrisku sarien arteko desoreka) ez gertatzeko programa, zeina irailean onartu zuen EBZk eta oraindik ez duen aktibatu.

Lagardek ez du kontrakotasunik ikusten prezioen egonkortasuna eta finantza merkatuen egonkortasuna bilatzeko helburuen artean. «Ez dago zertan aukera egin inflazioa borrokatzearen eta finantza egonkortasuna lortzearen artean; biak osagarriak dira».

Euroguneko bankuak

Edonola ere, Lagardek ez du likidezia krisirik ikusten «gaur egun». Eta uste du euroguneko bankuak askoz ere sendoago daudela 2008. urtean baino.

Luis de Guindos EBZko presidenteordeak ere ildo hori jorratu du, eta azaldu tasen igoerak bankuen marjinak handitzea ere badakarrela. Gero, azaldu du SVB bankuaren kasua oso berezia dela, eta Credit Suisseri buruz, Suitzako bankuarekiko euroguneko bankuen esposizioa «mugatua» dela, eta esposizio hori ez dagoela kontzentratua banku batzuetan.

De Guindosek esplikatu du bestela ere banka sektorea 2008an baino askoz ere erresilienteagoa dela, kapital handiagoa dutelako orain 10-15 urte baino, eta likidezia egoerak sendoagoak direlako.

Dena den, Bloomberg webgunearen arabera, De Guindosek EBZko gobernu kideei azaldu die badaudela eurogunean banku batzuk estuasunean egon daitezkeela interes tasen igoerekin eta dauzkaten negozio ereduekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Atxiloketen harira atzo Baionan egindako elkarretaratzea ©Kontseilu Sozialista Ipar EH

Baionan atxikitako zuberotar batek atxilo jarraitzen du

Berria

Arratsaldean Mugimendu Sozialistako bi kide askatu dituzte, baina gazte zuberotar batek atxilo jarraitzen du

AMAT Espainiako Mutualitateen patronalak bidalitako agiria. ©BERRIA

Mutualitateek langileen osasun arreta osoa euren gain hartzea eskaini diete gobernuei

Imanol Magro Eizmendi

Langileen patologia guztiak kudeatzeko prest agertu dira, osasun zerbitzu publikoen itxaron zerrendak laburtzeko eta bajak «alferrik luzatzea» eragozteko. LAB sindikatuak baieztatu du Nafarroako Gobernuari iritsi zaiola, eta ziurtzat jotzen du Jaurlaritzak ere jaso duela.

Arcelor Mittalen Etxebarriko lantegia ©Jon Hernaez (Foku)

Arcelorrek bi hilabetez itxiko ditu Etxebarriko eta Lesakako plantak

Jokin Sagarzazu

Gijongo (Espainia) labean gertatutako matxura batengatik hartu du erabakia. Enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du.

Deustche Banken egoitza Frankfurten ©CC

Deutsche Banken eroriko handiak dardarka jarri ditu burtsak beste egun batez

Jokin Sagarzazu

Azkenean, %8,22ko galerekin amaitu du; Europako banku nagusietan %3 eta %6 artean. Alemaniako finantza erakundearen CDS berme aseguruak izugarri handitu dira azken egunetan, eta porrotaren mamua gero eta gertuago ikusten dute merkatuek. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...