Bakartzea: kartzela barneko kartzela

Bakartze moduluetan dauden euskal presoen egoera aztertu du Foro Sozialak bigarren txosten monografikoan. Urrian hogei euskal preso zeuden horietan. Espetxe legedian aurrera egiteko trabak salatu dituzte.

Teresa Toda eta Aitzol Asla Behatokiko kideak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Kartzelaren barneko kartzelak». Horixe dira, Iñaki Alonso preso ohiaren hitzetan, espetxeetako bakartze moduluak. Ongi asko daki zertaz ari den, 25 urte igaro baititu espetxean, eta horietatik 11, Kordobako kartzelako bakartze moduluan. Foro Sozial Iraunkorrak martxan jarritako Behatokiak Alonsoren adibidea oinarri hartuta argitaratu du bigarren txosten monografikoa: hain justu, bakartze moduluez. Ohartarazi du urriaren hasieran hogei euskal preso zeudela halako moduluetan: hemeretzi gizon eta emakume bat. Andaluziako Kordoba, Sevilla eta Huelvako kartzeletan eta Madrilgo Estremera eta Soto del Realgo espetxeetan zeuden presook —foroak berak jakinarazi du horietako batzuk modulu arruntetara aldatu zituztela urri bukaeran, baina, halere, salatu egin nahi izan duela egoera—. Egun, hamalau euskal preso daude halako moduluetan.

Gehienez hamalau eguneko zigorrak betetzeko diseinatuak daude bakartze moduluak, baina horietan dauden euskal preso gehienek hamar urte baino gehiago daramatzate, Foro Sozialak ohartarazi duenez: «Batzuek, hogei urte baino gehiago». Foroak zehaztu du bakartze moduluetako bizi baldintzak «zigor gisa» prestatuak daudela, eta, beraz, «oso gogorrak eta murriztaileak» direla: «Horregatik du hamalau eguneko gehienezko iraupena». Euskal presoen kasuan, ordea, bizi baldintza horiek urte anitzekoak izaten dira: «Modulu horiek erregimen itxia betetzeko erabiltzen dituzte». Salbuespenaren barneko salbuespena da. Izan ere, lehen gradua preso «arriskutsuenei» aplikatzen diete, eta bakartze modulua, berriz, araudia urratu duten edo «muturreko arriskua» erakutsi duten presoei, zigor gisa; euskal presoen kasuan, arrazoirik gabe. Aitzol Asla Bizkaiko Abokatuen Elkargoko eta Behatokiko kidearen hitzetan, «legez kanpokoa» da: «Sistemak berak ez du bere legea betetzen».

Foro Sozialak salatu du baldintza horietan urteak igarotzeak «zailtasun» ugari ekartzen dizkiela presoei: «Ikasketak egiteko, giza harremanetarako, baita osasun fisiko eta mentalerako ere». Espetxe legedian aurrera egiteko arazoak ekarri dizkie horrek, era berean. Honela dio Alonso preso ohiak, Kordobako espetxean saiatu eta lortu ezin izan duen bideaz: «Ezin zaio eskatu jendeari bide hori egiten hasteko, eta egiten hasten direnean, bidea itxi».

Kordoba adibide

Kordobako kartzelan dauden presoek gutun bat igorri zioten Foro Sozialari uztailean, eta Behatokiak hori hartu du abiapuntu txostena osatzeko. Joan den urriaren 2an, halaber, Alonsorekin eta haren abokatu Onintza Ostolazarekin batera bildu ziren Etxerat-eko eta Foro Sozialeko ordezkariak, bakartzearen berri jasotzeko. Bilera hartan, Kordobako bakartze modulua deskribatu zuen Alonsok: «Ziegako leihoaren aurrean, hiru bat metrora, pareta handi bat dago: hori eta zeru zati bat besterik ez da ikusten». Leihoetan, gainera, barroteez gain sare bat dagoela azaldu zuen, eta «itsugarria» dela: «Azken 11 urteotan lau betaurreko pare eduki ditut: ikaragarria da miopia nola handitzen den».

Bakartzeari buruz egindako txostena Espainiako Espetxe Erakundeei, Kordobako espetxeko zuzendariari, EAEko, Nafarroako eta Andaluziako arartekoei, eta EPPK-ko presoei bidaliko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.