Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Espainiarrak Euskal Herrian

Jose Mari Pastor -

2023ko apirilak 1

Munduan han-hemenka dauden espainiarren berri ematen du telebistako programak. Oraingoan Euskal Herrian bizi diren zenbait lagun ditugu protagonista. Horietako batzuen esperientziak adituko ditugu.

Baionan bizi da 64 urteko gizona. Jatorria Extremaduran du. Sei urte zituela joan zen Lapurdira, gurasoekin. Bertan, «etorkin guztien auzoan» bizi izan zen. Gero, lanbidea ikasi eta negozioa sortu zuen. Lapurdiko hiriburuan segitzen du egun. Kazetariak galdera egin dio: «Euskaldunagoak ala frantsesagoak dira hemen, Euskal Herri frantsesean?». Gizonak zuhur erantzun du: «Frantsesagoak direla esango nuke. Haien sustraiak dituzte, oso harro daude haien hizkuntzaz, haien kulturaz, baina frantsesak dira».

Kirola maite du. Aviron Bayonnais errugbi taldeko jokalaria eta entrenatzailea izan da. Presidentea ere bai. Txantxetan mintzatu da: «Hemen esaten dute garrantzitsuagoa dela Aviron taldeko presidentea izatea Baionako alkatea izatea baino». Etxera joan eta familia aurkeztu du. Egongelan hiru bilobak daude. Denak Lapurdin jaioak dira. Haietako batek euskal izena du: Eneko.

Mallorcako andrea eta Donostiako gizona Larhunera igo dira, trenean. Semea dago haiekin. Handik Euskal Herri frantsesa eta Euskal Herri espainiarra bereizten direla esan dute. Senarrak azaldu duenez, bera, Hegoaldekoa izanda, etxean legez sentitzen da. Euskaldun bat Euskal Herrian. RTVEko jendearen iritziz, ostera, espainiar bat da, sorterritik kanpo bizi dena. Hor, nonbait. Munduan. Euskal pastiza jan dute. Pastelean marraztutako lauburua erakutsi du gizonak. «Euskal Herri osoaren sinboloa» dela adierazi du.

Umeak bost hizkuntzaz egiten du: frantsesez, espainolez, katalanez, mallorkeraz eta ingelesez —eta pixka bat euskaraz—. Mintzaira horietan on egin esaten hasi da. Katalanez eta mallorkeraz gauza bera dela esan du amak: bon profit. Horixe! Nola ez da, ba, gauza bera izango! Hala ere, desberdinak balira bezala agertu dira bi mintzairak. Espainia leku bakarra izango da, politika filologiari nagusitzen zaiona. Hark bultzatutako separatismo linguistikoak katalana, valentziera eta mallorkera bereizten ditu —mundu osoko unibertsitateetan filologia katalana irakasten dute, baina—. Eskerrak joera hori gurera ez den heldu. Besterik ez genuen behar: ume batek euskaraz eta lapurteraz mintzo dela esatea. Edo, aita donostiarra izanda, euskaraz eta gipuzkeraz.

Horretaz guztiaz gain, gauza batek eman dit atentzioa. Programaren hasieran aurkezlea Lapurdiko hiriburuan ikusi dugu: «Baiona Euskal Herri frantseseko hiriburua da. Herri handi itxura duen hiri honetan euskal munduak eta frantses munduak bat egiten dute». Inplizituki Euskal Herria eta Frantzia maila berean jarri ditu, parez pare. Lapsus bat izan da? Ez dut uste Espainiako telebista publikoak konparazio hori onartuko lukeenik Espainiak menderatutako euskal lurrari buruz. Zer ez litzateke gertatuko kazetariak hau esango balu Donostian: «Herri itxura duen hiri honetan euskal munduak eta espainol munduak bat egiten dute». Iskanbila ederra sortuko litzateke.

«Euskal Herri frantsesa», «Euskal Herri espainola» entzun dugu emanaldian. Funtsean, herri bakarra, adjektibo bat gehitua. Burura etorri zait 70eko urteetan Lapurdin bizi zen iheslari bizkaitar batek, jadanik hilda dagoenak, kazetari batek egin zion elkarrizketan esanikoa: «Zein da Espainiako Ligan jokalari atzerritar gehien dituen taldea? Athletic. Futbolari guztiak euskaldunak dira, atzerritarrak». Guk amu espainiarra irentsita genuen, ordea: harro-harro esaten genuen Athletic talde bakarra zela, Ligan atzerritarrik ez zuena.

Espainiako telebistak programa eman duen egun berean txuri-urdinez jantzi da Donostia. Jatetxe batean senar-emazteak bazkaltzen ari dira, bi seme-alabekin. Egun-pasa etorri dira eta harrituta daude giroagatik. Baiona eta Paue taldeen arteko errugbi partida dago, baina familiak ez daki ezer. «Bi talde frantses dira», kontatu die zerbitzariak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Cintruenigoko planta horretan piztu da sutea eta ke toxikoa. ©Guardia Zibila

Birziklatze lantoki batean piztutako suak ke toxikoa eragin du Cintruenigon

Joxerra Senar

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak etxean egoteko gomendatu die herritarrei, «segurtasun arrazoiengatik».

Garbiñe Aranburu, atzean Irati Tobar duela, gaur goizean. ©Jon Urbe / Foku

Hezkuntza sistema publikoko plantillei eustea adostu dute LABek eta Eusko Jaurlaritzak

Iosu Alberdi

Lan baldintzei eta hezkuntza ereduari buruzko proposamenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak mahai sindikalean, eta ontzat jo ditu LABek. Mahai sektorialetan jarraituko dute negoziazioek.

Ramon Gonzalo errektorea eta Maria Txibite lehendakaria, gaur, NUPen eginiko ekitaldian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Unibertsitate lege berri bat» galdegin du NUPeko errektore Ramon Gonzalok, kargua hartzeko ekitaldian

Ion Orzaiz

Honakoa bigarren agintaldia izanen du Gonzalok, martxoaren 30eko hauteskundeetara aurkeztutako hautagai bakarra izan ostean

'Sorionekuak' manifestuaren aurkezpena, urtarrilean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sorionekuek «ongietorri erraldoia» eginen diote euskarari ekainaren 10ean Iruñean

Ion Orzaiz

Euskararen aldeko manifestazioaz gainera, egun osoko egitaraua prestatu dute plataforma osatzen duten eragileek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.