Metalgintzako aurreakordioa txalotu dute Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak

Arantxa Tapiaren ustez, bi aldeek «egin beharrekoa egin dute». ELAk delegatuen bileran erabakiko du hitzarmena sinatu ala ez. LABek eta UGTk baiezkoa berretsi dute

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmena adosteko herenegun lorturiko aurreakordioak biharamun gozoa izan zuen atzo. Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak txalotu egin zuten, baita FVEM sektoreko patronalak ere. LAB eta UGT sindikatuek ordezkarien batzarrak egin zituzten eta baiezkoak irabazi zuen bi bozketetan. CCOOk, berriz, gaur bozkatuko du, eta han ere ez da ezustekorik espero. ELA izan zen aurreakordioa onartu ez zuen bakarra; hala ere, delegatuen batzarrera deituko du lan hitzarmenaren oinarriak sinatu ala ez erabakitzeko. Sektoreko ordezkaritzaren %41,58 du; beraz, haren baiezkoa ez da beharrezkoa akordiorako.

Patronalak eta sindikatuek astelehen arratsaldean izenpetuko dituzte 50.000 langileren hurrengo hiru urteetako lan baldintzak arautuko dituen hitzarmenaren oinarriak —gero hasiko da erredakzio fasea—. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren iritziz, «zoriontzekoa» da enpresariak eta sindikatuak gustura gelditu direlako, eta «kalte handiak» eragin dituen «greba gatazkatsu» bat bukatu delako. Bi aldeek «egin beharrekoa» egin dutela gehitu zuen.

Bizkaiko Aldundiak ere begi onez hartu du lurraldeko metalgintzaren akordioa. Unai Rementeria ahaldun nagusiak Batzar Nagusietako osoko bilkuran plazaratu zuen bere poza, eta, izendatu gabe, ELAri mezua bidali zion: «Sindikatu bat kanpoan gelditu da, baina espero dut egoeraz hausnartu dezala, eta hurrengo egunetan akordiora gehitu dadila, horrela lanaren baldintzak eta kalitatea hobetzen direlako».

FVEM metalgintzako sektoreak, berriz, akordioarekin lorturiko «egonkortasuna» eta «lasaitasuna» nabarmendu zituen. «Hemezortzi urte pasatu dira aurreko akordioa onartu zenetik, eta gehiengo sindikalarekin lorturiko akordio honek aukera emango digu Bizkaiarentzako aberastasuna sortzen jarraitzeko», esan zuen Adolfo Rey elkarteko kudeatzaileak. «Albiste ona» dela esan zuen, eta sei hilabetean ia mugitu gabe egon ondoren, sindikatuek euren jarrera «leundu» dutela.

Sindikatuei dagokienez, LABek eta UGTk, azken horrek aho batez, bezperan esanikoak berretsi zituzten sektoreko delegatuekin eginiko batzarretan. LABek «akordio historikotzat» jo zuen, «mobilizazioei eta grebei» esker lorturikoa. Besteak beste, langileek 527 euro gehiago irabaziko dituztela zehaztu zuen bere oharrean, eta tauletatik kanpo daudenek 395 eta 422 euro artean. Sindikatuak nabarmendu zuen lehen aldiz ABLEen erabilera eta subrogazioa sartu direla hitzarmen batean. Azken puntu hori zen gatazkatsuenetako bat. CCOOk gaur eguerdian bozkatuko du, Bilbon duen egoitzan.

ELA: «Gehiago lor zitekeen»

ELA izan zen aurreakordioa onartu ez zuen sindikatu bakarra. Hurrengo egunetan delegatuekin egingo duen batzarrean erabakiko du bere jarrera. «Emaniko aurrerapausoak» goratu zituen atzo Mikel Etxeberria sindikatuko ordezkariak, baina garbi du «gehiago» lor zitekeela: «Nabarmentzekoa da grebei eta mobilizazioei esker lortu dela duela 40 urteko ikuskera zuen patronal bat mugiaraztea. Eta hori lortu da, deiturik zeuden zortzi greba egunei ekin gabe».

ELAk, esaterako, begi onez ikusi du soldaten inguruan lorturiko akordioa, baina Etxeberriak uste du «motz» gelditu direla beste arlo batzuetan. «Subrogazioa sartzea lortu dugu, eta mantenu lanetan aitortzea lorpen bat da, baina beste zerbitzu asko daude: biltegietako langileak, telefonistak... Asko prekarizatuak daudenak, eta uste dugu sar zitezkeela». ABLEei buruz ez dagoela ezer salatu zuen, eta behin-behinekotasunari dagokionez portzentaje hobeak lor zitezkeela iritzi dio. Berdintasun eta lan osasunari buruzko gaietan ere baldintza hobeak nahi zituen ELAk: «Hauek legeak ezartzen dituenak dira, gehiago ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.