Jean Rene Etxegarai. Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

«Macron sostengatzeak ez du erran nahi isilik egotea»

Elkargoak izan ditzakeen mugak onartuta ere, orain arteko bilana defendatu du Etxegaraik. Gatazkaren konponbidean Frantziak duen jarrera gaitzetsi du, Macroni sostengua ematea zalantzan jarri gabe

BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bost urtean gauzak ongi egin izanaren segurtasunarekin mintzo da Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria (Beskoitze, Lapurdi, 1952). Eta kritikei izkin egiteko ere erabiltzen du Ipar Euskal Herriko instituzioa ibilbide laburra: «Jendeak fite ahazten du elkargoak bost urte baizik ez dituela», iharduki du sarritan. Baionako herriko etxeko bere bulegoan hartu du BERRIA, ordu bat baino gehiagoko elkarrizketan; eta telefonoz osatu du, Bakegileen joan den asteburuko ekintzaz erantzuteko. «Hau badakite zuen irakurleek», errepikatu du behin baino gehiagotan elkarrizketan, nori mintzo zaion neurtzen duela erakutsiz.

Bakegileek joan den ostiralean egin zuten lehen desobedientzia ekintza. Bat egiten duzu estrategia aldaketarekin?

Ekintza horietan bortizkeriarik erabilia ez bada, onargarriak zaizkit. Aspalditik segitzen dut dosierra, eta, Bakegileek bezala, blokeo egoera batean gaudela uste dut. Horrek ez du erran nahi [Emmanuel] Macronen agintaldia hasi denetik aitzinamendurik izan ez denik; lehen urteetan presoen hurbiltzeak egon ziren. Baina bada bi urte ez dela aitzinatzerik.

Frantziako Justizia Ministeriora eta Eliseora joan diren ordezkaritzetan parte hartu dut; entzunak ez garenean, kontsideratzen dugu bidea ez dela gehiago elkarrizketa. Ulertzen dut gizarte zibila bestelako ekintzez gogoetatzea.

Legez kanpokoak izanik ere?

Frantziako Estatuak bere burua mututasunean itxi du, eta horrek behartu du gizarte zibila ekintza horietara. Duela hamar urte Aieten nengoen, eta jadanik gauza bera eskatzen genuen. Frantziako Estatuak zazpi urte behar izan zituen mugitzeko, eta gizarte zibilak behartu zuen, Luhusoko operazioaren bidez; armagabetzea ez zuen oztopatu, ahalbidetu zuen. Orain, lehengora itzuli gara berriz.

Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten kasuak aipatzen dira gehien.

Hor dago blokeoa. 32. urtea beteko dute presondegian, eta ez diete onartzen baldintzapean aske geratzea. Zuzenbide komuneko presoak balira, libre egonen lirateke; Espainian zigortuak izan balira, libre egonen lirateke. Izaera politikoko ekintzak leporatzen dizkietelako da. Zer gertatzen ari da Frantzian? 1980ko hamarkadan desegin zuten Frantziako epaitegi politikoa, baina zigorren kudeaketa politiko bat dago oraindik.

Euskal presoek adierazpenak egin dituzte Frantziako auzitegietan, biktimei eragindako mina aitortuta. Epaileek espero zituzten adierazpenak dira; «zigorraren nolazpaiteko ulermena» erakusten dute. Halere, ez da aldaketarik.

Zu zeu zenbateraino prest zara bustitzeko, arriskuak hartzeko?

Jadanik busti izan naiz: armagabetzearentzat herriko etxeko ateak ireki nituen.

Horregatik egin dizut galdera.

Euskal Herriko gizarte zibila babestuko dut, eta bitartekari lana egiten entseatuko naiz, [Frantziako] Estatuko botereak uler dezan, eta konponbideak eman ditzan. 2020ko irailean Baionako suprefetura aitzinean nintzen, adreilu bat eskuetan. Egiten dudana kontzientziaz egiten dut. Nardatua naiz gure solaskideekin; mespretxua sentitu dut batzuetan. Zuzenbide estatua defendatzen dut, baina kontsideratzen dut zuzenbide estatuaren ordezkarien posturak justuak izan behar direla. Ez zait iruditzen beti hala direnik. Presoen hurbiltzeak lortu genituen, baina denbora anitz behar izan genuen horretarako. Familien sufrimendua handia da; pisu handia du. Zigor bikoitza da euskal lurraldearentzat.

Badakit Bakegileengandik ez dela bortizkeriarik izanen, baina, alde batean militante ez-bortitzak daudenean, eta bestean pareta baten antzera dagoen solaskide bat, horrek erradikalizaziora eraman dezake. Parisera joan garen bakoitzean, arrisku horren berri ematen diegu. Erradikalizazio hori ez dugu nahi, eta ez gara erantzuleak izanen.

Zer erantzun ematen dizute Parisen hori erratean?

Hanpatzen dugula uste dute, estatuari presio egiteko. Alta, badira seinaleak: maiatzaren 1ean Baionan izandako manifestazioa, adibidez. Nik horrela interpretatu nuen, eta argazki horiek Parisera bidali nituen, Frantziako Barne Ministeriora. Errateko: «Begira zer gertatzen ari den Euskal Herrian».

Zer botere du Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Parisen eragiteko?

Nik neuk ez dut uste pisu politikorik dudanik, baina Euskal Hirigune Elkargoak bai. Horretarako ere sortu genuen. Egunero ikusten dut Departamenduarekin, Eskualdearekin eta Estatuarekin ditudan harremanetan. Euskal presoen hurbiltzea edo bake prozesua sostengatzeko eskatu izan diedanean, elkargoko hautetsiek kasik aho batez bat egin dute. Ipar Euskal Herrian kontsentsu bat bada; hori da pisu politikoa: bake iraunkorra nahi dugu.

Ahots batzuk entzunak dira Parisen; besteak, batere ez. Mozio horien bidez irudikatu nahi den «Euskal Herriaren ahotsa» ez ote da sinbolikora mugatzen?

Ez da sinbolikoa bakarrik. Badu zinezko pisu politikoa; hala espero dut behintzat. Baina egia da beste gai batzuetan errazago eragiten dela Parisen.

Zer harreman duzu Frantziako Gobernuarekin?

Nire ideia politikoekin, bat egiten dut Macronek duen jarrera politiko orokorrarekin. Batzuk harrituditzake horrek. Baina zentrista naiz; eta Macron presidente zentrista da. UDI alderdiko Departamenduko ardurak utzi ditut. Errepublikanoetatik hurbildu dira, eta ez dut bat egiten Errepublikanoen eskuinerako lerratzearekin. Macron sostengatzea asumitzen dut, baina horrek ez du erran nahi isilik egonen naizenik nire aldarrikapenei begira. Orain arte bezain militantea izanen naiz. Gizon askea naiz, hautesleei baizik ez dizkiet kontuak zor.

Zer iritzi duzu Frantziako Estatuko giro politikoaz?

Nire jarrerak ezagunak dira, besteak beste, migranteen gaiari buruz. Estatuen politika ez zait onargarria iruditzen. Horrelako gaien bidez osatzen dut, besteak beste, nire iritzia. Horregatik utzi dut UDI, besteak beste.

Kontsideratzen duzu Macronek migranteei buruz duen politika Valerie Pecressen diskurtsoak baino egokiagoak dira?

Bai, dudarik gabe.

Calais, mugen itxierak, mugako kanporatzeak, atxikitze zentroen kudeaketa...

Ez, ez... hor ekintzez ari zara...

Justuki: ekintzen eta diskurtsoen artean...

Ulertzen dut ekintzen arabera epaitzea. Baina ireki den hauteskunde kanpainari begira, ez ditut parekatzen Pecresse andereak dioena eta Macronek dioena, edo errango duela espero dudana. Ekintzei buruz galdetzen didazu: ez dut bat egiten mugetako politikarekin, eta migranteak tratatzeko moduarekin. Macron sostengatzen dut, baina ez nago denarekin ados.

Euskal Hirigune Elkargoaren urteurrenaren harira, behin baino gehiagotan errepikatu duzu ez dela juridikoki tresna egokia. Zergatik ez da egokia?

Erakundeak sufragio unibertsal zuzena behar du. Zilegitasun politiko handiagoa ematen du, eta gauzak errazago bilakatzen ditu. Gehiengo arauak ere hertsagarriak dira: erabaki batzuek bi herenen babesa behar dute; beste batzuek, gehiengo osoa. Europa ere horregatik dago matxuratua; eta ez da aitzinatzen.

Bost urtean kritika gogorrak egin dizkizuete, bai zuri eta bai elkargoari: botere teknokratikoa, demokrazia falta, Baionaren zentralismoa, klientelismoa... Ulertzen duzu ezinegona?

Kritika guziak entzuten ditut, eta serioski hartzen ditut. Elkargoan gune anitz bada oposizioa erakusteko. Badira egindako aitzinamenduekin oso pozik daudenak ere. Uste dut elkargoa gauza ona dela lurraldeen arteko elkartasuna bultzatzen duelako. Hala ere, ikusten dut hautetsi batzuen inpazientzia, eta, hein batean, pozten naiz. Erran nahi du proiektuak badituztela. Baina inpazientzia hori bost urte baizik ez dituen erakunde baten aitzinean erakusten dute; tartean, bi urte pandemiarekin, eta anitz frenatu gaitu.

Ez ote da arriskurik jendeak kontsideratzeko Ipar Euskal Herri mailako egituraketa ez dela ideia ona?

Ipar Euskal Herria dagoen lekura eraman izanaren erantzukizuna dut, onerako eta txarrerako. Hautetsiei anitzetan galdetzen diet ea elkargoaren sorrera dolu duten: inork ez du ezbaian jartzen. Haatik, kritikak egiten dizkidate: luzea da, astuna da, teknokratikoa da, lurralde eremuetan botere gehiago behar da eta abar. Entzuten dut eta ulertzen dut. Gauza batzuk deskontzentratu ditugu lurralde eremuetara, baina ez gara berriz hamar herri elkargoen eskemara itzuliko. Galdetu didazu elkargoa tresna juridiko egokia zenez; ezezkoan erantzun dizut: hor duzu erantzuna.

Estatus bereziko lurralde elkargoaren proposamena mahaigaineratzen ari da berriz. Zer bidetatik lor daiteke?

Herrialde hau berandu dabil deszentralizazioari begira. Anitz espero nuen 3DS lege proiektuari buruz: deskontzentrazioa, deszentralizazioa eta diferentziazioa [otsailaren 21ean promulgatu zuen Emmanuel Macronek]. Baina ez da esperotako erreforma izanen. Hiru aldiz elkartu naiz Jacqueline Gourault ministroarekin lege proiektuan lurralde erreforma bat sartua izan zedin.

Estatu bereziko lurralde elkargo baten alde segitzen dut; baina horrek lege bat eskatzen du. Eta gaur egun ez dut uste gehiengo bat lortzeko moduan gaudenik. 3DS legearekin tresna juridiko bat izan genezakeen diferentziazioaren arloan. Galdutako aukera bat da, dolu dut; gobernu honi egiten dizkiodan erreportxuetarik bat da. Espero dut Macron izanen dela errepublikako ondoko presidentea, eta ene gainean konta ezazue beharko den pisu politikoa ukaiteko, entzunak izan ezean aditu gaitzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.