Komunitatearen parte hartzea eskatu diote Jaurlaritzari jangelen auzian

Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gure Platera Gure Aukera ekinbideak eskaera zehatz bat egin dio Eusko Jaurlaritzari: ikastetxe publikoetako jangela zerbitzua kudeatzeko baldintza berriak diseinatzean, «hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea» berma dezala. Plataformak kritikatu egin du catering enpresa handietan oinarrituta dagoen sistema, «gardentasunik ez» duelakoan. Hori agerian gelditu zen 2016ko otsailean: Lehiaren Euskal Agintaritzak 18,4 milioi euroko isuna ezarri zien zazpi catering enpresari —gerora, isuna 7,3 milioira murriztu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak—, merkatua haien artean banatzeagatik. Frogatutzat jo zuen enpresek prezioak adostu zituztela. «Sistemak ez du funtzionatzen, argi dago», esan dute Gure Platera Gure Aukerako ordezkariek.

2019ko urriaren 24an, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek lau hilabeteko epea eman zioten Eusko Jaurlaritzari, jangeletako baldintza berriak adostu, «inplikatutako eragileekin kontrastatu» eta «bestelako eredu deszentralizatuago batzuk» aztertzeko. Baina, plataformak salatu duenez, «Jaurlaritzak ez du alternatibarik proposatu».

Bost puntuko proposamena

Gure Platera Gure Aukera ekinbideak «prestasuna» adierazi du prozesuan parte hartzeko, eta bost puntuko proposamena egin dio Hezkuntza Sailari.

Alde batetik, Jaurlaritzari eskatu diote «berma dezala eskola jantokia hezkuntza eremu bat izango dela, eta ez elikadura eta zaintza zerbitzu hutsa». Bigarrenik, administrazioari galdegin diote ikastetxe publikoen erabakitzeko ahalmena handitu dezala, «nahi duten jangela mota aukera dezaten». Hirugarren puntuak janariari egiten dio aipamen: «Elikadura osasungarria eta jasangarria» eskatzen dute, eta baita beharginen «lan baldintzak bermatzea» ere. Bestalde, ahalik eta ikastetxe gehienetan sukaldeak jartzeko eskatu dute, eta, azkenik: «Elikadura erdigunean ipini dezatela, beste edozein helbururen gainetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.