Kazetaritza. Rikardo Arregi sariak

Beñat Zamalloa eta Gari Goikoetxea sarituak, BERRIAn eginiko lanagatik

BERRIAren 'GAL 30 urte' blogak epaimahaiaren aitorpena jaso du Rikardo Arregi sarietan

Garikoitz Goikoetxea, Eider Goenaga eta Beñat Zamalloa Akizu, atzo, sariak jaso ostean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Andoain
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ilusioa saritu dute. Urte zailak izaten ari dira euskarazko kazetaritzarentzat, baina, etsipena alboratuta eta oztopoak gaindituta, ilusioz egindako hiru lanek lortu dituzte aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sariak. Hirurak BERRIA egunkariari lotuak: Beñat Zamalloa Akizu kolaboratzaileak jaso du sari nagusia, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren berri emateko egindako lanagatik; Garikoitz Goikoetxea kazetariak irabazi du Kazetari Berria saria, Euskal Herriko demografiari buruzko erreportaje sortagatik; eta BERRIAko talde handi bati eman dio epaimahaiak sari berezia, GAL 30 urte webguneagatik.

Atzo banatu zituen Andoaingo Udalak aurtengo Rikardo Arregi sariak, Bastero kulturgunean (Gipuzkoa). Krisi eta aldaketa garaiotan, euskaraz diharduten herri ekimeneko komunikabideen beharra nabarmendu zuten hitza hartu zutenek, tartean Ana Karrere Andoaingo alkatea: «Zuetako bakoitza ezinbesteko katebegia zarete. Izugarria da egiten ari zareten lana: Euskal Herri euskalduna ulertarazteko zimenduak eraikitzen ari zarete».

Sarituen txandan, Eider Goenaga izan zen lehena agertokira igotzen; GAL 30 urte webgunea eta liburua sortzeko, BERRIAren ia berrogei laguneko taldea koordinatzeaz arduratu zen. Berriki zendutako Aitor Renteria Txato lankideari eskaini zion epaimahaiaren sari berezia: «Lan honetan zutabe inportantea izan zen. Erabat inplikatua egon zen; beharrezkoa zela uste zuen; bera gabe lan hau ez litzateke berdina izango».

Epaimahaiak ere Txatoren «luma zorrotz eta jantzia» ekarri zuen gogora. Oro har, GALi buruzko multimedia lana «erreferentziatzat» jo zuen: «Lan mardula da, noizbait egin behar zena, kazetaritzak gizartearekiko konpromiso irmoa baitu».

Garikoitz Goikoetxearen lana, berriz, «datu kazetaritza adibide eredugarria» izateagatik saritu zuten. Biztanleria, etxebizitza, familia ereduak eta migrazioak jorratu zituen, besteak beste, 2013ko uztailean argitaratutako sei erreportajeetan: «Zorrotza datuak emateko unean, baina irakurtzeko eta interpretatzeko errazak izatea lortu du».

Adostasun eske

Esker on hitzak izan zituen Goikoetxeak ahotan, etxekoentzat zein lankideentzat, eta aitorpena eskatu zuen euskarazko kazetaritzarentzat: «Krisian gaude, egokitu beharra daukagu, gehiagorengana iritsi behar dugu. Badakigu, eta ari gara. Baina aintzat hartzea behar dugu». Hedabideok sendotzeko, adostasuna eta elkartasuna ere galdegin zuen: «Euskararik ez dutenen begietan eta belarrietan ohituta gaude ateak itxita ikustera. Ez dezagun hori egin gure artean. Garaia da euskalgintzaren eta administrazioaren arteko sareak josteko».

Azkenik, Beñat Zamalloa Akizuk Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egindako lana saritu zuten. BERRIAn ez ezik, Akordua blogean, Bizkaia Irratian, Radio Vitorian, Hamaika Telebistan eta sare sozialetan eginiko lana txalotu zuen epaimahaiak: «Idazkera ona eta dotorea erakutsi du, edozein delarik erabilitako generoa».

BERRIAko Kultura saileko lankide guztiak izendatu zituen Zamalloak, hitza hartzean, esker onez eta aitorpenez: «Badugu joera kazetari eredugarriak kanpoan bilatzekoa, baina etxean baditugu eredugarri askoak». Kritiko mintzatu zen, ordea, herri ekimeneko hedabideek jasotzen duten babesaren inguruan. Galdera egin zien erakundeei: «Komunikabideok ardura publikoz betetzen duten kazetaritzaren funtzio publikoa aintzat hartuta, nolako herritarrak nahi dituzte agintari politikoek?». Kezka hori aspaldikoa duela erantsi zuen: «Dagoeneko ondorioztatu dugu aurrera egiteko jarrera ez dela nahikoa, hedabideok une oro ari direlako baliabideak muturreraino eramaten, une oro ari direlako berritzen, gizartearen abiadara egokitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.