Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Aurrez aurrekoa vs 'online'-a?

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Orain oso gutxira arte ez zitzaigun burutik pasa ere egingo oinarrizko hezkuntzan ikasleak aurrez aurre izan gabe eskolak ematerik bagenuenik. Eta hemen gaude, ezohiko egoera batean, orain arte egin gabeko galderei erantzuna bilatzen. Datorren urteari begira ikastetxeek aurreikusi behar dituzte agertoki desberdinak osasun baldintzen arabera azkar egokitu ahal izateko, eta ez da burugabea pentsatzea udazkenean ikasle asko etxetik jardun daitezkeela, tarte batzuetan bederen. Adituak hasi dira aurrez aurreko eta online i(ra)kaskuntzaren ezaugarriez eta bi ereduen artean egon daitezkeen joan-etorriez eta konbergentziez hitz egiten.

Aurrez aurreko i(ra)kaskuntzak erakutsi digu proposamen didaktikoak proiektuetan artikulatzeak zer-nolako abantailak dituen, irakasleak bere esku hartzearekin ikasleak laguntzen ditu prozesuan eta zaintzen du proposamenaren osotasuna eta koherentzia. Online-an zein eredu hibridoetan ere, ikasleek hasieratik behar dute ikaste-unitate osoaren narratiba izan, helburuak argi ikusi, aurrez aurreko saioak edota saio sinkronoak noiz izango diren jakin, horietarako eginkizunak aurreikusi, ebaluazioa noiz eta nola izango den ezagutu... Eta ezin dugu ahaztu gelan ahoz irakasleak egiten dituen negoziazio eta argibide emateak testuinguru digitalean ere bermatu behar direla.

Online ikasketak askotan irudikatzen dira prozesu bakarti eta indibidual gisa, aurrez aurreko eskolen taldetasunarekin kontrastean. Beraz, online-an lehentasun behar luke ikaste komunitatea sendotzeak eta harremanak zaintzeak, eta arreta berezia jarri beharko genieke elkarrekintza sustatzeko momentuei, talde handikoei, talde txikikoei zein bakarkakoei. Irakasleek eta ikaskideek ordenagailuek ezartzen duten hesia gainditu behar dugu eta besteen etxeetara sartu eta besteekin egon. Mezuen bidez, bideoak elkarbanatuz, foro biziak elikatuz, opari birtualak eginez... ikasleek sentitu behar dute irakasleok hor gaudela, eta zaindu beharko ditugu ez bakarrik alderdi akademikoak, baita alderdi sozialak eta emozionalak ere.

Udazkenean zer gertatuko den ez dakigu, ez dakigu aurrez aurre egongo garen ikasleekin edota udaberrian bizi izan dugun egoera edo antzekoa bizi beharko dugun, ez dakigu. Eta ez da erraza ezjakintasun horretan erabakiak hartzea eta proposamen zehatzak egitea. Hala ere, bizi izandakoa ez da alferrik izan, ikasi dugu online i(ra)kaskuntza ez dela aurrez aurrekoa eremu digitalera pasatzea. Oraingoan ez gaitu ezustean harrapatuko eta presta gaitezke etxealdi oso edo aldi bateko bati aurre egiteko, online i(ra)kaskuntzaren abantailak ahalik eta ondoen aprobetxatuz eta aurrez aurrekoaren galerak ahalik eta eragin txikiena izan dezan, kontzienteki bien arteko uztardurak eskaini ahal dizkigun abantailei eutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.