HILBERRIA. David Sassoli

Europa sendo bat helburu zuen buruzagia

JULIEN WARNARD / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
«Gure erronka da jendea eta ingurumena babesten dituen mundu berri bat eraikitzea, eta, irabaziak ez ezik, guztien ongizatea ere bilatuko duen ekonomia bat bultzatuko duena», esan zuen Europako Parlamentuko presidente David Sassolik bere azken agerraldi ofizialean. Abenduaren 23an izan zen hori. Hiru egun geroago, Italiako Aviano erietxera eraman zuten 65 urteko buruzagi sozialdemokrata, immunitate sistemako arazoengatik. Haren bozeramaileak atzo goizaldean eman zuen heriotzaren berri.

2019tik zuzentzen zuen Sassolik Europako Parlamentua, eta datorren asteartean zuen amaitzekoa agintaldia —ez zuen hurrengo legealdirako hautagaitzarik aurkeztu—. Duela hiru urteko uztailean, kargurako aukeratu zutenean, Sassoliren izena ez zegoen hautagaien artean. Hauteskundeen ostean, estatuburu eta gobernuburuek adostu zuten kargua sozialdemokrata batentzat izango zela, baina Europa ekialdeko batentzat, Bulgariako Sergei Stanixeventzat. Baina parlamentuko kideak ez ziren bat etorri erabakiarekin, eta kazetari italiarra aukeratu zuten kargurako. Sassoli bera ez zen berria parlamentuko lanetan; izan ere, presidenteorde karguan aritua zen aurreko legealdian.

Auzi askori egin behar izan die aurre politikari italiarrak bere agintaldian: besteak beste, Kataluniako eurodiputatuen kargugabetzeak eragindako krisiari. Aldi hartan kritika gogorrak jaso zituen Sassolik, Espainiako Hauteskunde Batzordeari jarraikiz, Oriol Junquerasi eurodiputatu kargua aitortu arren, haren eserlekua hutsik uztea erabaki zuenean.

Politikari italiarraren heriotzak erreakzio katea eragin zuen atzo Bruselan. Europar Kontseiluko presidente Charles Michel atsekabetuta agertu da politikariaren heriotzarengatik. Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyenek berak egin bezala, haren «eskuzabaltasuna eta irribarrea» nabarmendu ditu Michelek ere. Haren «europazaletasuna» ere goraipatu zuten parlamentuko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.