Ukrainak bere eremutik kanpo nahi ditu Errusiako tropak, negoziatzen hasteko

Moskuren ustez, «hanka sartze handia» litzateke Mendebaldeak lehen pauso gisa segurtasun bermerik ez ematea. AEBak planteamenduaz hitz egiteko prest daude

Olga Stefanixina, Europa eta Eremu Euroatlantikoa Integratzeko Ukrainako ministrordea, atzo, Bruselan, NATOko buruarekin bildu aurretik. OLIVIER HOSLET / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Gerra Hotza amaitu zenetik, garairik tirabiratsuenean daudeAEBen eta Errusiaren arteko harreman betiere zailak, Ukrainako auzia dela eta. Asteon horri helduko dioten hainbat bilera egiten hasi dira, eta, hasteko, Moskuk segurtasun bermeen planteamendu bat egin dio Mendebaldeari. Horren arabera, bi aldeek konpromisoak hartu beharko lituzkete; besteak beste, irismen labur eta ertaineko misil gehiago ez ezartzeko Europan. Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek atzo azaldu zuenez, «hanka sartze handia» izango litzateke NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Moskuri segurtasun berme hori ez ematea. Horrekin lotuta, aliantzak ekialderanzko hedatzea gelditu beharko lukeelakoan dago Kremlina. AEBak eta aliantzako kideak horri buruz hitz egiteko prest daude.

Wendy Sherman AEBetako Estatu idazkariordearen iritziz, halere, horri buruzko «eztabaida sakonagoak» behar dira: «Armen kontrola bezalako auzi konplexu batean, negoziazioa ezin da ez egun batzuetan, ez aste batzuetan bukatu».

Ukrainari, ordea, ez zaio nahikoa iruditzen Errusiak planteatutakoa, eta mezu bat bidali zion atzo Olga Stefanixina Europa eta Eremu Euroatlantikoa Integratzeko ministrordeak, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiarekin Bruselan bildu ondoren: «Errusiak Ukrainan dituen tropak erretiratuz hasi beharko luke segurtasun bermeei buruzko eztabaidak». Errusiak, dena den, ez dauka alde horretatik kontzesiorik egiteko asmorik.

Krisiari buruzko bilera sorta hasteko, Ukrainako Gobernua eta NATO bildu ziren atzo, baita Sherman eta Riabkov ere, Genevan (Suitza), bi herrialdeek iaz abiatutako aldebiko elkarrizketa estrategikorako misio iraunkorraren barruko hirugarren bilera sailean. Bihar, NATOren kontseiluaren eta Errusiaren arteko bilera bat egitekoak dira Bruselan, eta, Stoltenbergek Twitterren adierazi duenez, «Europako segurtasuna» izango da mintzagai nagusia; «Ukrainako eta haren inguruko egoera batez ere». Errusiak 100.000 soldadu inguru ditu Ukrainaren ekialdeko mugan, eta NATOk eta AEBek esan izan dute Ukrainari eraso egiteko intentzioa eduki dezakeela Moskuk. Kremlinak, baina, nabarmendu izan du ez duela horretarako asmorik; Riabkovek hori jakinarazi zuen atzo bertan. Shermanek, nolanahi ere, «tentsioa baretzeko» pausoak emateko eskatu dio Errusiari.

Eta auzia hizpidera ekarriko dute etzi ere, Vienan, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen bileran. Hain zuzen ere, auziko aktore guztiak dira elkarte horretako kideak.

Batzar hori egin aurretik, Kievek esan dio Errusiari —«erasotzaileari», Stefanixinaren hitzetan—, ez dagoela baldintzak jartzeko moduan. «Gerrarekin mehatxatzen ari da, eta ez du Minskeko akordioen markoan aurrerapausorik eman nahi akordio baketsu baterantz». Bide batez, Moskuri leporatu dio haren agenda inposatu nahi izatea.

Stoltenberg ere auziaz mintzatu zen. NATOko buruak baztertu egin zuen azken hilabeteotan gaiztotutako krisia asteon konponbidean jartzea, baina espero du behin bilerak eginda «aurrera egiteko bide bat» adostea. Alde guztiei «borondatea» eskatu zien, eta iruditzen zaio «positiboa» dela Errusiak elkarrizketaren aldeko hautua egin izana. Nolanahi ere, Stoltenbergek azpimarratu zuen joan den ostiralean«benetakoa» dela Ukrainaren eta Errusiaren artean gatazka bat pizteko arriskua.

NATOko kide bilakatzeko asmoa du Ukrainak, eta aliantza militarrak prozesu hori bideratzeko konpromisoa agertu izan du. Hori eta Georgiak ere urrats horiek egitea onartezina lirateke Vladimir Putin Errusiako presidentearentzat. Pentsatzen du arriskutsua litzatekeela Errusiaren segurtasunarentzat. Hori da Kremlinaren marra gorrietako bat. Horrekin lotuta, Shermanek Moskuren aurka hitz egin zuen: «Herrialde batek ezin du beste baten muga indarrez aldatu[Errusiak Krimea anexionatu zuen 2014an], ezin du erabaki ez hirugarren herrialde batek nola jokatu behar duen, ez aliantzak debekatu».

Bestalde, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak herenegun adierazi zuenez, talde komunitarioaren aurreneko helburua da auziaren tentsioa baretzea. Horren harira, hau zehaztu zuen Twitterren: «Ukrainatik harago, Europako segurtasun arkitektura guztia dago jokoan».

Atxiloketa Odesan

Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak atzo jakinarazi zuenez, Errusiako zerbitzu sekretuen agente bat atxilotu zuten atzo, Odesan, herrialdearen hegoaldean, Itsaso Beltzean. Ohar baten bidez adierazi zuenez, atxilotutakoak «eraso terroristak» egitea zuen asmo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.