Colin Powell

Irakeko gerrak markatutako buruzagia

AEBetako Estatu idazkari kargura heldu zen lehen afro-amerikarra izan zen Powell, George W. Bushen agintaldian. Alderdi Errepublikanoko kidea atzo hil zen, 84 urterekin, koronabirusak jota.

MATT CAMPBELL / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Orban bat izango da nire ibilbide profesionalean», aitortu zuen Colin Powellek berak 2011n, Iraken inbasioa defendatzeko 2003an NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan egindako hitzaldiaz galdetu ziotenean. Aitortza kargua utzi eta sei urtera egin zuen,I-11ko atentatuak gertatu eta hamarrera.

Powell atzo hil zen, COVID-19ak jota; 84 urte zituen. Senideek Facebook bidez jakinarazi zutenez, gaitzak larriki gaixotu zuen Powell. George W. Bushen agintaldian AEBetako Estatu idazkari izan zen Powell —kargu horretara iritsi zen lehen afro-amerikarra izan zen, baita gobernuan ordura arte ardura handiena izan zuena ere—; militarra zen, armadako buru aritua.

Estatu Idazkaritzara iritsi zenerako, ibilbide luzeko militarra zen Powell, baina zerbaitengatik gogoratua izango bada, Ekialde Hurbileko herrialdearen aurkako gerran izandako rolarengatik izango da. Sutsuki defendatu zuen Iraken kontra borroka egiteko beharra. Sona handia izan zuen inbasioaren atarian NBEn egindako agerraldiak. Ordu hartan, Powellek irmoki azaldu zuen Irak mehatxu arriskutsua zela mundu osorako, eta, hala, grinaz adierazi zuen indarrez geldiarazi beharra. Haren esanetan, Irakek suntsipen handiko armak zituen. Aldi hartan, Washingtonek Irakeko presidente Saddam Husseinen aurka jotzeko behar zuen sostengua lortzeko helburuarekin, alerta maila gorenean jarri zituen NBEko estatu kideak, ohartaraziz «handinahia eta gorrotoa» nahikoak zirela Irakeko Gobernuak Al-Qaedarekin bat egin eta «bonba sofistikatuagoak» eraikitzen hasteko.

NBEk ez zuen babestu Iraken aurkako gerra, baina Powellen agerraldiak inbasioa zuritzeko balio izan zuen, neurri batean behintzat. Gerra hastea, hala ere, aurrez zegoen erabakita. 2002ko urrirako Bushek bazuen Irak inbaditzeko AEBetako Kongresuaren onespena, baita orduan Erresuma Batuko lehen ministro zen Tony Blairren babesa ere, zeinak ohartarazi zuen Irakek 45 minutu nahikoak zituela suntsipen handiko armak erasorako prest jartzeko.

Suntsipen handiko armarik ez zegoela argi geratu zenean, kritika gogorrak jaso zituen Powellek, harik eta hitzaldia «informazio desegoki eta osatu gabeetan» oinarritu zuela aitortu behar izateraino. «Informazio zerbitzuek aurreko lau hilabeteetan emandako datuetan oinarrituta osatu nuen hitzaldia, eta testua [CIA] Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendariak, zuzendariordeak eta haien adituek gainbegiratu zuten», argudiatu zuen buruzagi errepublikanoak 2011n, Al-Jazeera telebista kateari eskainitako elkarrizketan. Berandu zen, ordea; kaltea egina zegoen. 460.000 hildako utzi zituen Irakeko gerrak.

Lau urtez izan zen idazkari karguan Powell, 2001etik 2005era. Dimisioa aurkeztu zuen 2004ko azaroan, baina ordezko batek lekukoa hartu arte aritu zen jarduneko idazkari gisan. Kargua utzi ostean nabarmen malgutu zuen bere jarrera, eta, Alderdi Errepublikanoko kidea izanik ere, ez zuen Donald Trump babestu 2020ko hauteskundeetan; aldiz, Joe Bidenen alde azaldu zen publikoki. Ez zen halako urrats bat egiten zuen lehen aldia. 2008ko presidentetzarako hauteskundeetan Barack Obamaren alde egin zuen, nahiz eta urtebete lehenago errepublikanoen presidentegai John McCainen kanpaina diruz lagundu, legeak baimendutako kopuru handiena emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.