Donostiako 69. Zinemaldia

Besarkadak eta Cotillard, berriro Canok eta Maiak prestatu duten irekiera galan

Andoni Imaz.
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun

Iazko Zinemaldian, distantziaren kontzeptua izan zen inaugurazio galaren ardatza; aurten, besarkaden bidez egin nahi dute Kursaaleko auditoriumeko lehen agurra. Bigarren urtez jarraian, Jon Maia dantzari eta koreografoak zuzenduko ditu irekiera eta itxiera galak, baita Johnny Deppi Donostia saria emateko ekitaldia eta Euskal Zinemaren gala ere. Aurten ere Harkaitz Cano idazlea izango da gidoilaria; oraingoan, Ane Garciak lagunduta. Luis Mari Moreno Pirata musikariak ere berriro jardungo du musika zuzendari lanean.

Asier Etxeandiak, Anne Igartiburuk, Elena Iruretak eta Cayetana Guillen Cuervok aurkeztuko dute inaugurazio gala, eta Kukai taldeko dantzariek zenbait pieza dantzatuko dituzte. Musika emanaldiak ere izango dira: Zea Maysek joko du, Rozalenek, Etxeandiak eta beste zenbait musikarik lagunduta.

Besarkatzeko, txalo

Canok azaldu du zergatik izango diren besarkadak protagonista: «Diotenez, jatorrian, besarkadaren ordezkoa izan zen txaloa: urrun dagoena besarkatzeko modurik ez dugulako jotzen diogu txalo. Besarkatu nahi genukeenari jotzen diogu txalo, alegia. Gustatuko litzaiguke irekiera galak berak nahi baino gehiago atzeratzen ari zaigun besarkada horretara iristeko falta zaigun tartea txikitzen laguntzea».

Gaurko zeremoniaren amaieran, Donostia saria emango diote Cotillardi. Gainera, hil berri diren bi lagun omendu nahi dituzte: Luis Gasca eta Bertrand Tavernier. Gasca Donostiako Zinemaldiko zuzendaria izan zen bi aro nahasitan: 1977an, eta 1981. eta 1983. urteen artean. Joan den uztailean hil zen, 87 urte zituela,. Tavernier, berriz, martxoan hil zen, 79 urterekin. Frantziako zinemaren ikur nagusietako bat eta Europako zuzendari entzutetsuenetako bat izan zen.

Inaugurazio ekitaldia zuzenean emango dute ETB1en, eitb.eus-en eta Zinemaldiaren webgunean, 21:00etatik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.