Mendi eskia

Ez dute hutsik egin

Aurreikuspenak bete, eta Nahia Quincocesek eta Iñigo Martinez de Albornozek irabazi dute mendi eskiko banakako Euskal Herriko Txapelketa.

Panticosan jokatu da asteburuan mendi eskiko Euskal Herriko Txapelketa. Berez, Izaban jokatzekoa zen. EUSKAL MENDI FEDERAZIOA.
Unai Ugartemendia.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Izabatik (Nafarroa) Panticosara (Aragoi, Espainia) aldatu behar izan zuen Euskal Mendi Federazioak mendi eskiko banakako Euskal Herriko Txapelketa. Bandres-Karoloren omenezkoan jokatu behar zen, baina elur faltarengatik lasterketa atzeratzea erabaki zuen antolakuntzak. Asteburuan Panticosan jokatutako Aragoiko Txapelketaren barnean izan zen azkenean txapelketa. Lekua aldatu bai, baina faboritoek aurreikuspenak bete zituzten.

Emakumeetan, izen bakarra zegoen denen ahotan: Nahia Quincocesena. Munduko Kopan dabil lehian, baina aurtengo helburuetako bat zuen banakako Euskal Herriko Txapelketa. Irteera eman orduko lehen postua hartu zuen mendexarrak. Ibilbidearen 1.400 metroko desnibel positiboa gainditzeko ez zuen arazo handirik izan. Aurkariak, oso atzean izan zituen une oro. Helmugan, hamabost minutuko tartea atera zien Igone Camposi eta Uxue Fraileri. Biak batera sartu ziren helmugan, baina erlojuaren denborak Campos jarri zuen bigarren postuan. Lasterketa eta txapelketa irabazi zituen Quincocesek.

Gizonezkoetan, ezuste handi batekin hasi zen lasterketa. Irteera eman orduko, lasterketa irabazteko faborito nagusietako bat, Iñigo Martinez de Albornoz, ez zegoen beste guztiekin batera. Derrigorrezko materialaren artean, ARVA (elur-jausien biktimak bilatzeko aparatua) falta zuen motxilan, eta, hiru minutu inguru galdu zituen. Lasterketa abiada handian hasi zen, eta donostiarrak bereak eta bi ikusi behar izan zituen postuak aurreratzeko. 1.700 metroko desnivel positiboa zuen ibilbideak. Azkenean, nahiz eta lehen euskalduna izan, beste lau eskiatzaile izan zituen aurretik helmugan. Lasterketa, Miguel Caballerok irabazi zuen. Baina Euskal Herriko txapela lortu zuen Martinez de Albornozek. Podiumean, Axier Alonso oñatiarra eta Gartzen Elejabarrieta abadiñoarra izan zituen alboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.