Mendia

Etiketa berdea, mendiko proba etikoen aldeko konpromisoa

Lasterketek azken urteotan hartu duten norabidearekin kezkaturik, hausnarketa kolektibo bat egin dute hainbat mendizalek, korrikalarik eta antolatzailek, eta proiektu bat jarri dute martxan mendiko proba hauetan ingurumenaren jasangarritasuna, elkartasuna eta berdintasuna sustatzeko.

Jendetza, mendian, Zegama-Aizkorriko aurreko aldi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
ramon olasagasti
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun

Boom bat, mendiko lasterketena boom bat da azken urteotan. Javi Dominguez beteranoak aurreko astearteko elkarrizketan, Mont Blanceko UTMB probaren harira esandakoak horren adierazle: «Orain dela hamar urte, mendizale asko ikusten zen Chamonixeko kaleetan motxila handiekin, sokekin eta pioletarekin. Dendetako erakusleihoetan, dena goi mendietarako materiala zen. Gaur egun, aldiz, mendi lasterketetako materiala eta oinetakoak besterik ez da ikusten, eta kaleetan ere gehiengo bat korrikarako materialarekin eta oinetakoekin ikusten da». Alpinistak badabiltza alpinismoan, eskalatzaileak ere gero eta gehiago harkaitzetan, oinezko xendazaleen espeziea ere ez dago oraindik desagertzeko arriskuan... baina korrikalariak, korrikalariak askoz gehiago ugaritu dira proportzioan. Asteburu honetako bi proba nagusietan, Zeanuriko (Bizkaia) Gorbeia Suzien eta Azkaingo (Lapurdi) Skyrhune lasterketetan, ehunka eta ehunka korrikalari aritu dira lehian, eta beste ehunka geratu dira atera nahi eta ezinean, izen emateak aspaldi itxita zeudelako. Korrika eta bizi ibili behar da izena emateko ere.

 

Ikusi gehiago:Dekalogoaren zenbait puntu

Boom bat. Onomatopeiak badu bere zera. Gorbeia Suzien probaren sortzaileak, Gotzon Idirin zeanuritarrak, energia nuklearraren sortzailearen sentipena du zenbaitetan. «Hark onerako sortu zuen, baina gero bonba atomikoa egiteko baliatu zuten, eta gerrarako». Eztanda bat izan baita mendiko lasterketena ere, eta eztanda guztiek zuzeneko edo zeharkako ondorioak dituzte. Chamonixeko erakusleihoena da bat: markak, enpresa indartsuak, sare sozialak borbor, helikopteroak, droneak eta streaming bidezko emanaldiak, negozioa, kirol lehiaren ikuspegia gailentzea... Eta, horri loturik, ingurumenean sor daitezkeen ondorioak ere oso aintzat hartzekoak dira. Hori dela eta, Idirin berak eta beste hainbat mendizalek, korrikalarik eta lasterketen antolatzailek kezka agertu dute mendiko trailen mundua hartzen ari den bidearekin, eta, hausnarketa kolektibo baten ondotik, jasangarritasunaren eta etikaren aldeko ekinbide bat hezurmamitu dute: etiketa berdea.

Gorbeia «santutegi bat» da Idirinentzat, haren altzoan hazitakoa baita, mendiari begira. «Gorbeia Suzien sortu genuenean, hasieran, helburuak beste batzuk ziren. Ikasketaz geologoa naiz, beti estimatu dut mendian txiki sentitze hori, eta beti eduki dut oso barneratua jasangarritasunaren premia. Lasterketaren hasierako helburuak ziren Gorbeia ezagutzea sustatzea, baina era jasangarri batean; adibidez, Pagomakurre eta mendiko beste aparkaleku batzuetatik autoak gutxitzea; behetik, herrietatik abiatzen diren bide zahar batzuk berreskuratzea eta jendeari erakustea; artzainen lana goraipatzea; Zeanurira turismo berdea erakartzea...». Baina handituz joan zen proba, Euskal Herrian ez ezik nazioartean ere entzute handia lortzeraino, eta gaur egun Euskal Herriko lasterketa handietako bat da.

Mendiaren futbolizazioa

Kirol ikuspegi soilaren eta lehiaren balioak nagusitu ahala, Idirin aldentzen joan zen mendiko lasterketen mundutik, eta kirol horren inguruan hausnartzen hasi zen, hori ote den norabide egokia. «Hainbat korrikalarirekin, antolatzailerekin eta mendizalerekin hitz egin nuen, eta jabetu nintzen ez nintzela sentipen hori nuen bakarra. Askok esan zidaten: 'Bai, hau ez da lehengoa'. Lasterketetan markak sartu dira, enpresa indartsuak, korrikalari taldeak sortu dira... Kilianen efektua ere hor dago. Kilian menditik dator, baina, haren eraginez, mendia ezagutu ez duen jende asko hasi da trailean. Eta bidean mendiko balio asko galdu dira. Futbolizazio prozesu bat gertatu da, nolabait. Irudiak horrenbesteko garrantzia hartzen duenean gertatzen da hori. Nik uste badagoela hor zaindu beharreko marra bat, baina mendian gainditu egin da», Idirinen iritziz.

Kirol guztietan dabil gero eta jende gehiago, baina kirol hori mendian egiten denean, auzi ezpaltsu bat sortzen da: kirolak berak (lehiak) edo mendiak izan behar du lehentasuna? Egokia da mendiko probak ingurune ederrenetatik (eta kalteberenetatik) igarotzea? Ehunka, milaka lagun mendian batzea? «Behobia-Donostian 50.000 lagun ateratzeak ez du horrenbesteko kalterik eragiten ingurumenean, baina mendiko lasterketa handietan, mendian 10.000 lagun elkartzeak, horrek bai, eragin nabarmena izan dezake», Idirinen iritziz. Alde horretatik, etiketa berdea ekinbidearen bultzatzaileek uste dute mendiko proben antolatzaileek mezu hori nabarmendu behar dutela: «Mesedez, ez zaitezte horrenbeste ikusle mendira joan; ez igo horrenbeste auto mendiko aparkalekuetara, ez itzazue hainbeste drone aireratu...». Kontrakoa gertatzen ari da, ordea: lehia hutsa nagusitzen ari da, helikopteroak eta droneak dabiltza karrera nagusien zuzeneko emankizunak eskaintzen, jende oldeak elkartzen dira mendiko leku jakinetan... «Horrek guztiak berez nahiko ahula den ekosistema bat are gehiago ahultzen du», uste du Idirinek.

 

 

Ingurumenaren babesa da etiketa berdearen oinarrietako bat, baina ez bakarra. Elkartasuna, kirol legea, aniztasuna, berdintasuna, errespetua... ere ekinbidearen muin-muinean daude. «Jokin Lizeagaren istripua, adibidez. Lasterketa batean nola da posible korrikalari bat sima batean jausi, eta atzekoak ez geratzea hari laguntzeko? Azkenean, lehiak horrenbesteko indarra hartzen duenean, dena baleko bihurtzen da, beste kirol batzuetan bezala. Dopina bera, adibidez. Euskal Herrian mendizaletasunari loturiko kultura handia izan dugu, eta uste dugu halako jarrerek mendian ez dutela lekurik», nabarmendu du Idirinek.

Etiketa duten probak

Proiektuaren bultzatzaileen iritziz, mendizaleen profila ere aldatzen ari da. Idirinek, suhiltzaile lanetan, mendiko hainbat erreskatetan ikusi du hori, eta honela azaldu du: «Gero eta gehiago nabari da mendiko kultura falta dela, mendiarekiko umiltasun eta errespetua galdu dela, mendian txiki sentitze hori galdu dela…». Ekinbidearen sustatzaileen iritziz, hasierako korrikalariak menditik zetozen, mendizaleak ziren, eta urteen joanean, beste era bateko korrikalariak hurbildu dira, triatloitik, atletismotik, eta abar. «Hori ez da berez txarra, baina kirol ikuspegi hutsa gailentzen ari da, eta mendiarekiko begirune hori pixka bat bigarren maila batean geratu da. Garaipena, errekorra, marka, lehenesten dira, eta guretzat, mendian beste balio batzuk dira inportanteak: mendiarekiko eta ingurumenarekiko errespetua, parte hartzea, mendiaz gozatzea... Lasterketa bat lasterketa izango da beti, eta garaile bat izango da, baina tranpak egitea edo balio batzuk kolokan jartzea, hori ez dugu ondo ikusten», iritzi dio Idirinek.

Dagoeneko hainbat lasterketak egin dute bat ekinbidearekin, eta beste hainbatek antolakuntzako zenbait alderdi aldatu eta bat egiteko asmoa adierazi diete. Oraingoz, proba hauek dira etiketa berdedunak: Euskal Herria Mendi Erronka, Ubidestroi Trail, Zaldibiako Mendi Lasterketa, Triku Harri Trail, Sorginen Lasterketa, Trikutrail, Beriain Kilometro Bertikala, Tontorramendi, Moixeroko Traila (Herrialde Katalanak). «Lehen urratsetan gaude oraindik, eta proiektua dinamikoa da. Batzorde bat eratu dugu, lasterketa bakoitzeko ordezkari batekin, eta une oro ekarpenak jasotzen ari gara batetik eta bestetik, gure dekalogoa moldatzeko eta aberasteko».

Etiketa berdea, nolabait, konpromiso bat da, mendiko probak beste era batera egiteko. «Ez gara erabateko puritanoak. Ulertzen dugu lasterketa bat aurrera ateratzeko hainbat zailtasun izaten direla, baina ikuspegi etiko bat aintzat hartzea nahiko genuke. Hala, dekalogoko puntu batzuk bete beharrekoak dira, eta beste batzuk, aholkuak». Adibidez, etiketa berdea duten lasterketetan, gel bat botatzea edo beharrean dagoenari laguntza ukatzea ez da hiru minuturekin zigortzen, zuzenean kaleratu egiten da korrikalaria. «Gure iritziz, arau hauste larriak dira, eta mendia ulertzen duen edonork ez luke halakorik onartuko».

Mendiko proba etikoen aldeko konpromisoa da etiketa berdea, Idirinek laburbildu duenez. «Uretara botatako harri baten modukoa», Idirinen hitzetan, «eta horixe da helburua: hausnarketa kolektibo hau uhin bat izatea, eta heltzea heltzen den tokiraino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.