Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Grazietako bat

2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ez dago eskulturarik, edozein zuhaitzen edertasunera hurbiltzen denik. Bekaitz dut ausardia inozente hori, dioena ezen urliak, zerbait egiteko (poesia, kasu), beste era bat dakarrela. Izandako era guztiak ezagun balitu bezala. Edertasuna da zerbaiti begiratzea azken aldia bailitzan. Poesia dabil ezinezkoaren exaltaziotik inexistentearen gutiziara. Hori arte ona al da? Zergatik ez? Nik ez dakit azaltzen nola idazten den ondo. Bakarrik dakit ondo idazten. Omisioa testua bezain garrantzitsua da. Baina ez dakit hori ere ondoegi dakidan.

Vivaldi, Mozart, Beethoven, Lizt, Verdi, Berlioz, Aita Donostia, Stravinsky, Guridi, Grieg, Arriaga... Entzuten eta identifikatzen ditut. Ez naiz gauza, ordea, diferentzia azaltzeko. Edo banaiz, baina irakurlea ez da gauza izango pertsonaia identifikatzeko nire azalpen on eta konpetenteetatik. Madame Bovary banekus, ez nuke ezagutuko. Ez zen, ba, Flaubert gutxi eta nolanahi saiatu hura deskribatzen!

Ezagutzen ditudan pertsonak, antz-antzekoak izan arren, argi eta bereiz identifikatzen ditut, erabat ezberdinak bailiran. Baina ez dakit diferentziak azaltzen. Edo badakit, baina irakurleak, nire azalpen zehatzetatik, ezingo ditu irudikatu. Irudikatuko duena da bere irudimenak damaiona. Orduan zertarako balio dute hitzek? Susmoa dut hitzek hitz egiteko bakarrik balio dutela. Onenean, engainu bat sortzeko. Bukatzen dena ez da zeresana, hitz egiteko gogoa baizik.

Norbaitek, dagoeneko, utzia du zutabea. Ez naiz harritzen. Orain askeago jarrai dezaket. Guztiz aske, neu bakarrik geratzea lortzen dudanean. Orduantxe hasten da nire une kritikoa. Zapuzten bainau nire burua ados egoteko moduko gauzak esateak. Nire burua desados egoteko moduko gauzak esatean, berriz, derrotaturik sentitzen naiz. Ez, ez! Ez da behar psikologorik. Adimenaren grazietako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.