Burrunba bat gauaren ilunean

Udaberriko eta udako bizilagunak izan ohi dira eltxoak. Ohikoa da haien hegaldien soinua gauean, ohikoak haien ziztadak, eta ohikoak ziztadek eragindako pikortak eta azkurak; ezezagunagoak dira, ordea, eltxo arruntaren bizitzaren zikloa, bizimodua eta eginkizunak.

Eltxo arrunta (Culex pipiens). AFROBRAZILIAN.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Logela bat. Udako gau bat da. Ilunpetan, burrunba bat. Hasieran, ohetik urrun; gero, gertuago, lo daudenen belarriaren inguruan. Milimetro gutxi batzuetako animalia hegalari batek eragindako burrunba sarkorra da. Minutuan 800 aldiz mugitzen ditu hegalak. Halako batean, gelditu da, isildu da. Hurrengo goizean, puntu ilun bat horman. Gauean xurgatutako odolak ilundutako zomorro bat hormari itsatsita. Pikorta edo gorriune gogaikarriak ohean lo egin dutenen azaletan. Eltxoa da hormako zomorroa, eltxo arrunta (Culex pipiens). Eltxoaren ziztadek eragindakoak azaletako pikortak edo gorriuneak.

Hori da, gutxi-asko, jende askok eltxoekin duen harremana, eltxoei buruz dakiena, eltxoei buruz ikasi duena. Uda parteko intsektu gogaikarriak direla. Saihestu beharrekoak. Eltxoen kontrako gailu eta produktu saldoa merkatuan: eltxo sarea ohearen inguruan edo leihoetan, eltxoak hiltzeko tresna lokian sartuta, eskumuturreko bereziak, espraiak, eltxoak erakartzeko eta elektrokutatzeko gailuak...

Eltxoak ziztadekin lotu ohi dira, baina eltxo guztiek ez dituzte gizakiak eta animaliak ziztatzen. 3.500 eltxo espezie baino gehiago daude. Horietatik 200 batek ziztatzen dute. Eta, ziztatzen duten espezieen artean, ez dute eltxo guztiek ziztatzen: emeek bai, arrek ez. Zergatik? Emeek odoletako proteinak behar dituzte arrautzak jartzeko. Ez dute odol asko xurgatzen: 0,001 eta 0,01 mililitro artean.

«Eltxo emeek odola behar dute arrautzak garatzeko», zehaztu du Beatriz Diaz Aranzadi zientzia elkarteko entomologo forentseak. «Odola behar dute arrautzak sortzeko zikloa hasteko: obarioaren aktibatzaile moduko bat da». Energia handia behar dute ugaltzeko eta arrautzak erruteko. Arrek eta emeek loreetako, fruituetako eta landareetako nektarra jaten dute.

Haien bizitzaren zikloak lau aldi izaten ditu, lau garapen fase. Hiru uretan, bakarra airean edo lurrean. Arrautza, beldarra eta pupa, uretan; helduaroa, airean. Eltxo emeek ur geldietan edo uretatik oso gertu jartzen dituzte arrautzak. Dozenaka izan daitezke. Ez dute ur asko behar izaten. Ur garbian jar ditzakete, baina aukeran nahiago dituzte ur kutsatuak, zikinak. Izan daiteke euriak sortutako putzu bat, loreontzi batean pilatutako ura, urmael bat, pneumatiko zahar batean pilatutakoa...

Arrautzetatik beldarrak ateratzen dira. Uretan bizitzen dira, uretatik zintzilik, eta uretatik lortzen dituzte beharrezko elikagaiak. Ura iragazten dute, eta bakterioak eta bestelako hondakinak jaten dituzte, usteltzen ari diren hostoak, esaterako. Materia organikoa deskonposatzen dute. Aldi berean, baita nitrogenoa sortu ere.

Diapausa, eten bat

Beldarrak pupa bihurtzen dira. Pupak eltxo heldu bihurtzen direnean, lehortu eta hegan egiten dute. Lurrean eta airean bizitzen dira. Eltxo arruntek zentimetro bat arteko neurria izaten dute normalean. Marroi argiak dira. Eltxo helduak astebete inguru bizi dira, bi aste gehienez.

Gerta daiteke eltxo emeak arrautzak errutea, baina momentu horretako baldintzak ez izatea egokienak arrautzak garatzeko, arrautzatik beldarrera pasatzeko. «Kasu horietan», azaldu du Diazek, «arrautzak iraun egiten du beldarra garatzeko baldintza hobeak sortu arte: diapausa deitzen zaio». Arrautzek haien garapena eta jarduera eten egiten dute. Hilabeteak pasatu ditzakete horrela. Irauteko modu bat da.

Diapausa baliagarria izan daiteke, esaterako, eltxo espezie bateko arrautzak herrialde batetik bestera edo kontinente batetik bestera joan ahal izateko. Leku berri batera iritsi eta bertako baldintzak egokiak balira, eltxoak garatuko lirateke. Diapausa baliatzen dute neguan edota ur falta dagoenean ere.

Eltxoek ura, hezetasuna eta beroa behar dituzte. Beroa, baina, neurrian: «Haiek ere muga bat dute; bero boladekin sufritu egiten dute».

Ohiko galdera: zergatik ziztatzen dituzte eltxoek pertsona batzuk besteak baino gehiago? Odola goxoagoa dutelako?

Eltxoek antzematen duten lehen gauza pertsonek arnastean jariatutako karbono dioxidoa da. Eltxoa gosea baldin badago, karbono dioxidoa usaindu dezake 30 metro ingurura. Usaindu eta gero, ikusmena baliatzen du pertsona aurkitzeko. Washingtongo Unibertsitateko ikerketa talde batek ondorioztatu zuen kolore gorria, laranja, beltza eta ziana atsegin zituztela, gorria bereziki; ez zietela jaramonik egiten, aldiz, berdeari, moreari, urdinari eta zuriari. 450 Aedes aegypti eltxo emeren 1,3 milioi hegaldi aztertu zituzten—metro bateko haize tunel batean, 16 kamerarekin—, eta otsailean argitaratu zuten ikerketa, Nature Communications aldizkarian.

Karbono dioxidoa eta kolorea ez dira nor ziztatu eta nor ez erabakitzeko faktore bakarrak. Eltxoek aintzat hartzen dituzte pertsonen izerdiko azido laktikoa eta gorputzaren tenperatura ere.

Eltxoen loa eta atsedena

Badira eltxoen burrunbak lo egiten uzten ez dieten pertsonak. Behin burrunba entzunda, ziztatuko dituela pentsatze hutsarekin loa galtzen dutenak. Burrunba entzun orduko argi guztiak piztu eta eltxoa hil arte bakerik ez dutenak.

Pertsonentzat ez ezik, loa eta atsedena oso garrantzitsuak dira eltxoentzat ere. Eltxoen loa, ordea, ez da asko ikertu. Ekainaren hasieran Journal of Experimental Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, eltxoek lo gutxi egiten baldin badute, gero denbora gehiago pasatzen dute lo egin nahian, janari bila baino; hau da, gizakiak edo animaliak ziztatzen baino.

Cincinnatiko Unibertsitateko ikertzaile talde batek gela berezi bat sortu zuen laborategi batean, hiru eltxo mota ikertzeko: Aedes aegypti (dengearen edo sukar horiaren eltxoa), Culex pipiens (eltxo arrunta) eta Anopheles stephensi. Loa eta elikadura ohiturak aztertu zituzten astebetean.

Nahi adina lo egiten utzi zieten lau eltxotik hiru, esnatutakoan, janari bila —odola— aritu ziren; lo egiten utzi ez zieten eltxoetatik—hormak dardararazi zituzten bost minutuan behin— lautik bakarra aritu zen janari bila. Nahiago izan zuten lo egin.

Gizakiak badu joera animaliak eragiten duten onuren edo naturan dituzten funtzioen arabera neurtzeko eta sailkatzeko. Eltxoen funtzio horietako asko ikusezinak dira. Eltxoak polinizatzaileak dira. Loreen polena zabaltzen dute batetik bestera.

Hainbat animaliaren elikagai dira eltxoak, bai egunez, bai gauez. Eltxoak jaten dituzte igelek, saguzarrek, sorbeltzek, enarek, sorgin-orratzek, kakalardoek... Bakarren batek izan dezake tentazioa eltxoak desager daitezela desiratzeko, «baina, kate trofikotik maila hori desagertuz gero, kalte handia eragingo luke».

Gaixotasunen bektoreak

Eltxo espezie batzuetako emeek gizakiak eta animaliak ziztatzen dituzte, eta odola xurgatzen diete. Era berean, gaixotasunak zabaltzen dituzte. Gaixotasunen bektore dira: parasitoak edo birusak zabaltzen dituzte pertsonen eta animalien artean. Agian malaria da eltxoei lotutako gaitz ezagunena, baina zerrenda luzea da: dengea, sukar horia, zika, chicungunya, Niloko birusa... Parasitoak ez dituzte eltxo espezie exotikoek soilik kutsatzen: baita eltxo arruntak ere.

Diazek batez ere txakurrei eta katuei eragiten dien gaitz bat ere aipatu du: leishmaniasia. Phlebotomus generoko dipteroek kutsatzen dute: kutsatuta dagoen ornodun baten odola xurgatzen dute, eta, beste norbait ziztatzen dutenean, gaitza pasatzen diote. Badira hegaztiak eta narrastiak kutsatzen dituzten eltxoak ere.

Iaz eltxoek Niloko birusa kutsatu zieten zenbait pertsonari Andaluzian (Espainia). Hainbat leku fumigatu zituzten, eltxoak hiltzeko, eta aurten ere hala egin dute. «Halako kasuetan batzuetan hartzen diren neurriak neurrigabeak dira», Diazen iritziz. Parkeak, mendiak... fumigatzeaz eta putzuak lehortzeaz ari da. «Oso garrantzitsua da prebentzioa. Ekosistema guztiak zaintzen baditugu eta eltxoen harrapari naturalak ondo baldin badaude, izurriteak prebenitu ditzakegu, eta eltxoek ez dute hainbesteko eragina izango».

Klima aldaketak eragina du eltxoetan ere. Lehen eltxoentzat egokiak ez ziren lurraldeak orain badira, bertako tenperatura berotzen ari delako.

Eltxo arruntak udaberrian eta udan agertu ohi dira. Orduan hasten da haien burrunba entzuten etxeetako ilunetan. Baina neguan ere bizi dira, leku ilun eta hezeetan babestuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.